Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

ETXABE SUKIA familia

Baserriaren arrastoa

idatzietan

Antsusieta 1783an agertzen da, Enerio eta Aralarko sailen erabileraz, Francisco Antonio de Echaveren aurrean, bitartekari bati emandako botere-emaileen artean (1783- 12-17an). Bi lagun joan ziren bilera hartara, beharbada, Auntxitan, bi etxebizitza zirelako, ordurako.

Beste dokumentu batean ere agertzen da hamalau urte geroago. Ez ziren, dirudienez, garai errazak Zaldibiko herrirako eta Euskal Herrirako. Garaiko guden ondorioz herriei eskatzen zitzaizkien zergen harira aipatzen baita Antsusieta,1797ko urtarrilaren 17an. Herriko hamar lagunek, haien artean Juan Ignazio Iztuetak, botereak eman zizkioten Abiranetari bere alde egiteko.

Informazio emailea: Xabin Etxabe

ANTSUSIETA (Auntxita) baserria

Liburuko fitxa jaitsi
pdf    
 

AUNTXITA Aiestaran Erreka auzoko baserria da, Errazti parajean kokatua. Bere inguruko baso eta zelaien artean ditugu Ordeka, Itorriña, Gaztaña- Txulo, Xoaixo, Markarene, Mendigorri, Babaso, Teleiko langak, Barrutizar, Sasti, Urzako, Luberri, Errezti, Bikastillo, Urdenarroi, Arkaka, Andurio.

Baserria Arkaka bidean dago. Oinez, herriko plazatik ordu erdira. Auzorako bidea 1954an egin omen zen, beste batzuek 1958ko data aipatzen dute.

Auntxita, Gallega izenez ezagutzen ziren bi ahizparena omen zen, eta Martin bikarioaren bitartez erosi omen zuten lau familien artean 1910ean. Etxea zatitu gabea zen, nahiz eta lau familia bizi. Ukuilua, ganbara eta beste konpartimentu batzuk errespetatuz bizi omen ziren. 1920-1930 hamarkadan berrogeiren bat lagun bizi ziren etxe horretan. Etxeak bi alde ditu. Erreka aldetik begiratuta, eskubikoan, Inozentzio, Bixenta eta Jose Diego Sukia bizi ziren, eta ezkerrekoan, Sukiatarrak eta Konporta baserritik etorritako Etxabetarrak.


AUNTXITA baserrian bizi izan ziren lau familetako bat zen Etxabe Sukia familia. Izengoitiz, Mozorrok.

Oinez herriko plazatik ordu erdira dago eta lantegira, Fabrika Handira, ordubeteko bidea zen, baina kaletik aurrera bizikletan egiten zuten. Fabrika Handian Xabin hasi zen lanean 1956an. 1958an, auzoko bidea egiterakoan nahiko negar eta buru- hauste ibili omen zuten. Arduradun jarri omen zituzten, eta beraiek esandako dirua eman arren, ez omen zuten berehalakoan egin. Enbargatu egingo zituztela eta horrela ibili omen ziren. Eta azkenean bi urtez atzeratu omen zen bidea.

Etxe-jabe dira 1953tik aurrera, orduan berritu baitzuten Auntxita.

1924an ezkondu ziren Prontxio Etxabe eta Joxepa Antonia Sukia. Hamaika seme-alaba izan zituzten: Xabin, Iñaki, Miren, Joxe, Hipolita, Goreti, Juan, Pilar, Juanita, Ixiar eta Ramon. Arantzazun ezkondu eta etxean egin zuten otordua. Eta ezkontz bidaia Burgos eta Mirandara egin zuten, han familiartekoak baitzituzten. Prontxio auzokoa zen, Konporta baserritik etorria.

Hurrengo hazaldian Xabin, semea, Tomaxa Mendiarekin ezkondu zen 1968an. Tomaxa Bidaniko Iriondo baserrikoa da. Loiolan ezkondu eta Kiruri-n izan zuten otordua. Ezkontz bidaian Etxegaratetik Zaragozan barrena Bartzelonan izan ziren. Ezkondu zirenean ama eta osaba etxean bizi ziren eta baita bi anaia-arreba ere. Bataz beste hogeita hamar urte egin zituzten elkarrekin.

Alaba bat izan zuten: Harritsu.

Baserrian baziren lau ez bada bost behi eta Ordiziako ferian saltzen zuten artoa, patata eta baratzeko jeneroa. Etxerako dena baserritik ateratzen zuten.

ANTSUSIETA: ETXABE SUKIA FAMILIA

ANTSUSIETA,airetik ikusia

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Laguntzaileak:

orkli