Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Izarra gaitutaIzarra gaitutaIzarra gaitutaIzarra gaitutaIzarra gaituta
 
   
  Musikasteren barruan antolatutako hitzaldietako bat izan zen Ansorenak atzo egindakoa. / Ander Gillenea  

IZTUETA ETA ALBENIZEN KANTUTEGIAREN 
BERRIKUSPENA PROPOSATU DU ANSORENAK
Antzinako danbolindarien  sistema zaharretik interpretatu behar dela deritzo

Pedro Albenizen jaiotzaren bigarren mendeurrenak eta Juan  Ignacio Iztuetaren heriotzaren 150. urteurrenak bat egiten duten 1995. urte honetan, bien artean osatutako euskal kantutegia berrikusi eta berraztertzeko proposamena egin du Jose Inazio Ansorenak. Horretaz mintzatu zen atzo eguerdian Musikasteren barruan Donostian egin zuen hitzaldian.
Egunkaria 1995-5-19

JUAN LUIS ZABALA / DONOSTIA

Txistulari elkarteak egindako eskariari erantzunez egindako lan bat izan zuen atzo eguerdian Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egin zuen hitzaldiaren oinarritzat Jose Inazio Ansorenak. Lan hori “Txistulari” aldizkariaren hurrengo alean argitaratzeko asmoa du. Hitzaldiaren aurkezpena Musikasteren arduradunetako bat den Jose Luis Ansorenak egin zuen, hau da, hizlariaren osabak. Hitzaldian zehar, bere azalpenak argitzeko, txistua eta danbolina jo zituen hizlariak.

Iztuetaren kantutegia txikitandik ezagutu izan du Ansorenak, eta duela 13 bat urte konturatu zen bazirela kantutegi haren inguruan argitu beharreko hainbat arazo. Berrargitalpen bakarra izan du liburu hark, Eusko Ikaskuntzak egina, eta berrargitalpen hartan, Ansorenaren iritziz, «lelokeria handiak egin ziren, irizpide mekanikoegiak aplikatu zirelako».

Gipuzkoako dantzak eta beren doinuak jaso zituen Juan Ignacio Iztuetak, eta haiek entzunik paperera transkribatu egin zituen Pedro Albenizek bion artean osatutako kantutegi hartan. Iztueta hil zela 150 urte eta Albeniz jaio zela 200 urte betetzen diren urte honetan, bion artean 1826 edo 1827aren inguruan argitaratutako kantutegiari buruzko hainbat ohar plazaratzeko beta hartu du, azkenik, Ansorenak, eta ohar horiek izan ziren atzoko hitzaldiaren ardatz nagusia.

Iztueta eta Albenizek osatutako kantutegian «ez dago garbi zein doinu diren txisturako eta zeinez», Ansorenak atzo zehaztu zuenez, eta hori zehaztea izango litzateke egiteko dauden lanetako bat.

  • “Urri eta murritza” izan arren, «sistema koherentea da», Ansorenaren ustez, antzinako danbolindarien sistema.
Argitu beharreko beste kontu bat da doinuak ez daudela kantutegian beren berezko tonalitatean jasoak. Izan ere, Albenizi kantatu egin zizkioten, eta ez txistu eta danbolinez jo, eta, entzundakoaren arabera, bere kasa atzematen zuen doinuaren tonalitatea Albenizek.

Horretaz gain, Iztueta eta Albenizek kantutegiko doinuak «aldakariz josita datoz», Ansorenak atzo gogoratu zuenez.

ANTZINAKO DANBOUNDARIEN SISTEMA

Gaur egungo sistema musikalaren eskemetatik interpretatu barik, antzinako  danbolindarien sistematik interpretatu beharko lirateke kantutegiko doinuak Ansorenaren iritziz. Horixe da atzoko bere hitzaldiaren zein “Txistulari” aldizkarian aurki argitaratuko duen artikuluaren muina.

Oraindik ere gaur egungo hainbat danbolindarirengana —Elizondoko Antonio eta Maurizio Elizalde aipatu zituen Ansorenak adibide gisa— bizirik iritsi den sistema hori oso sinple eta urria da. «Danbolindari zaharren eskala oso murritza zen», Ansorenak atzo adierazi zuenez, orain dela zenbait mendetako txistu zaharrek ez zutelako gaurkoek adinako eskalarik. Besteak beste. Sistema zahar horretan, bestalde, melodia eta erritmoa ez dira aldez aurretik finkatutako elementuak. «pauta hutsa baizik», danbolindariak unean uneko aldaketez gauzatzen duena. Guri gaur egun bitxia iruditzen bazaigu ere, Berpizkunde garaiko musikan zein musika barrokoan era berean jokatu ohi zela ekarri zuen gogora hizlariak.

«Urri eta murritza» izan arren, «bere baitan itxia», hala ere «sistema koherentea da», Ansorenaren ustez, gureganaino bizirik iritsi den sistema hori, eta sistema horretan interpretatu behar dira Albenizen transkripzioak.
 
----------------------------------------------------------------------
 
<< Herri baten lurrina>>
J.L.Z./DONOSTIA

Juan Ignacio Iztueta eta Pedro Albenizek XIX. mendearen hasieran Euskal Herriko doinuak jasotzen egindako lana harrigarria da, «meritu handiko ahalegina,», Jose Ignacio Ansorenaren ustetan. Izan ere, «garai hartan baliorik gabekotzat jotzen zen herri musikaren inguruko interes bizia agertu zuten», eta interesa agertu ezezik ordu luzeetako lana eskaini ere bai musika mota hari. «Gaur egun garai sinkretiko batean bizi gara. eta historian zehar egindako guztia miresten da», gogoratu zuen Ansorenak. «Baina Iztueta eta Albenizen garaian oso bestelakoak ziren kontuak, eta arte mota asko oso gutxietsi eta zokoratuta zeuden».

Iztueta eta Albeniz ez zeuden bakarrik hala ere, lagunarte zabalago bateko kide ziren, Ansorenaren iritziz. «XIX. Mendearen lehen laurden hartan bazegoen hemen, kanpotik zetorrenari ateak itxi gabe, herri baten lurrina zer den bazekien jendea. Eta lurrin hori jasotzen ahalegindu zena, herriari eta herriaren adierazpideei errespetu handia ziona».

Iztuetaren omenezko ekitalde ugari igandean Zaldibian
DONOSTIA

Igandean izango dira Zaldibiko Udalak Juan Ignacio Iztuetaren heriotzaren 150. urteurrenean haren omenenez antolatutako “Iztueta gogoratuz” omenaldiaren maiatzeko
ekitaldi nagusiak. Goizean Iturengo ttuntturroak, herriko trikitilariak eta Goierriko bertsolariak izango dira Zaldibin, eta txalaparta soinuak herriko bi muturreko muinotan.

Eguerdian, Ricardo Ugartek Iztuetaren omenez egindako eskultura erakutsiko da, herriko abesbatzak Bruno Imazen “Zaldibia maitea” kantatuko du eta dantzari batek aurreskua egingo. Goizaldi dantza taldeak “Soka dantza” egingo du eta, azkenik, herriko abesbatzak Iztuetaren “Kontxesi” kantatuko. Arratsaldean, trikitilarien kalejira eta herriko dantzarien saioa. Joan den mendean dantzan aritutako herriko hainbat emakume ere dantzan ariko dira. Ondoren, Zapotxin taldearekin erromeria.

Igandean aurkeztuko da omenaldiaren harira argitaratzekoak diren bi liburuetatik lehena: “Juan Ignacio Iztueta, dantzarien maisu eta miszelanea”.

Laguntzaileak:

orkli