Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

GARMENDIA IRASTORTZA familia

Liburuko fitxa jaitsi
pdf
 

IBAI GAIN kale etxea da, Goikokalen kokatua. Oraingo izena Ibai Gain, etxearen kokapenetik datorkio. Gerra ondoren egin zuten etxea, non eta erreka gainean, horregatik eman diote izen hori, baina lehen Mariaundiñe esaten zitzaion, bertan denda baitzen eta dendaria Maria, “Mariaundi” ezizenez ezaguna.

Etxejabe dira 1940az geroztik. 1969an ere egin zituzten obrak, bainua eta sukaldea jarriz.

Joxe Ramon Garmendia Aistrangonekoa, eta Xegunda Arruebarrena Olaldekoa, 1929an ezkondu ziren, Zaldibin, Muertzako Joan eta Joxeparekin batera. Hurrengo belaunaldian, berriz, Joxe Bernardo Garmendia, bertako semea, eta Trini Irastortza, Iortza baserrikoa, 1967an. Zaldibin ezkondu eta ezkontza-bidaiara Lur Santuetara, Egipto eta Israelera joan ziren.

Joan eta Joxepa, Muertzako senar-emazteak, Madrilera joan ziren bidaia egitera. Joxe Ramon eta Xegunda berriz, Mariaundik Bergarara eraman omen zituen telak ikustera gero dendan saltzeko.

Beheko solairuan omen zuten denda, barberia, zapateria eta sukaldea. Hasieran bizimodua ateratzeko denetik saltzeaz gain ilea ere mozten omen zuen Joxe Ramon Garmendiak. Baina ez gizonezkoei bakarrik, baita emakumezkoei ere.

Lau seme-alaba izan zituzten: Martxelina, Prantxiko, Joxe Bernardo eta Migel.

Pasadizoak

Mariaundi


Mariaundi talentuzko emakumea zen, guztiek diotenagatik. Behin Joxe Bernardo Garmendia, ilobari, pasadizo hau gertatu zitzaion: Hernaniko lantegi batera joan omen zen bere lanetara eta Zaldibikoa zela esandakoan, lantegiko jabeak kontatu omen zion Zaldibiko emakume baten pasadizoa , jakin gabe, emakume haren ilobarekin ari zela hizketan. Lantegi horretan goma eta kautxozko lanak egiten omen zituzten, eta gerra ostean, materiala eskuratzen zaila izango zen eta agertu omen zitzaion emakumezko bat galdezka ea oinetakoen zorua egiteko materialik ba ote zuen. Baina ezertan hizketan hasi aurretik, kolkotik atera omen zion poltsa bat babarrunaz beteta, orduan, ez omen zen-eta erraza babarrunak lortzea.


Baina traturako ez ezik, gaixoek ere deitzen omen zioten. Hala, behintzat, behin etorri omen ziren bere bila Gaintzako baserri batetik, ume bat ur irakina zuen balde batera erori eta erreta zegoelako. Medikuak esan omen zien ez zegoela zereginik, baina Mariak ezagutzen zituen enplastoak prestatu omen zizkion, eta baita umea osatu ere, nahiz eta ipurtaldea erreta geratu zitzaion.


Mariak, gainera, Olano etxea, Zaldibiko plazan dagoena, erosi eta berritu egin omen zuen. Berritzean bi pisu igo eta lau etxebizitza atera omen zituen, 1945ean, eta errentan jarri omen ziren han lau familia. Urte batzuk pasatutakoan saltzen jarri omen zituen, eta maizter horietako bik erosi omen zioten etxea, baina beste bik ezin zituela etxetik bota eta lasai jokatu omen zuten. Orduan aspertu omen zen egoera horretan Maria, eta bidaltzeko modu bakarra bilatu eta baliatu omen zuen: elizari eman omen zizkion donazioan bi pisuak eta horrela atera omen ziren maizterrak Olano etxetik.


Sukaldean zulo bat omen zuten harlauza handi batekin estalita eta zulo hartatik botatzen zituzten errekara zikinak, baina ez zen lantegi erraza izango harriak 50-60 kilo pisatzen baitzituen. Zulo hura ezaguna izango zen norbaitentzat eta egun batean konturatu ziren harria mugitu egiten zela. Orduan Martxelinak, etxeko alabak, Mariaundiri esan dio. Zer egingo Mariaundik eta gauean jarri da silan harri gainean “lo”, eta baita agertu ere lapurrak. Hasi ziren harria altxatzen eta harriaren mugimenduarekin Mariaundik egin dio oihu Bixente lehengusuari. Izugarrizko plastakoa entzun omen zen errekan, putzu handia omen baitzegoen azpian. Eta zer egin Mariaundik, eta, badaezpada kalera atera zen, errekatik nor ateratzen
zen ikustera.


Informazio emailea: Joxe Bernardo Garmendia

IBAI GAIN : GARMENDI IRASTORTZA FAMILIA

IBAI GAIN, airetik ikusia

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Laguntzaileak:

orkli