Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

SUKIA MURUA Familia

Liburuko fitxa jaitsi
pdf
 

ITURRALDE Urtsu-Erreka auzoaren hasieran dago. Gaztinari izeneko parajean. Izen hori Iturri ondoan egotetik datorkio. Sukia-Murua familiari Atxutxe deitzen zaie, aita Lazkaomendiko Atxutxekoa zelako, ziurrenera.

Auzoko bidea 1935ean egin zen. Etxejabe dira 1955az geroztik eta erosi zenean ez zen konponketa handiegirik egin, berria zelako.

1943an ezkondu ziren Domingo Sukia Lazkaomendiko Atxutxe baserrikoa eta Dolores Murua. Goizean goiz ezkondu, gosaria egin Juankruzenea-n eta Bilbora joan ziren hiru egun pasatzera. Domingo eta Dolores ezkon bidaiatik etorri eta etxeko balkoian zeudela non pasatzen den kamioi bat egurrez beteta eta hala esan omen zion Domingok andreari: “ alde ederra izango genuen beajean gastatutako diruarekin egur horiek erosi izan bagenitu”.

Garai haietan zaila zen etxebizitza bilatzea eta Bentaberriko ganbaran moldatu omen zieten etxea beren lagun ziren Joakin Zubeldiak eta Martinak.

Artzain ziren eta apirilean igotzen ziren mendira. Txabola Paben zuten eta larrea Pardarrin. Inguruak ondo ezagutzen zituzten eta Joxe Miel Barandiaran ere etorri zitzaien kobazuloak erakusteko eskatuz eta aita berarekin joan eta baita erakutsi ere. Joxe Miel Barandiaranez gain, beste ordena batzuetako fraileak ere etortzen ziren gazta eskean euren seminarioetarako, eta eman egiten zizkieten. Ordainetan, errosarioak eta estanpak ematen zizkieten. Jatorduko garaia baldin bazen, gonbidatu egiten zituzten eta haiek asko eskertzen zuten. Gauza berria zenez, pozik egoten ziren.

Ardiek ura edateko gaueko serenoa zuten. Eta beraiek edateko ur bila Arraska eta Iturbeltzera joan ohi ziren egunean behin. Garai zailak ziren denentzat. Joxe Antonio eta Maria Jexux umeak zirela, seitik hamar urtera bitartekoak, amak deitzen omen zien goizean goiz esanaz jaikitzeko eguzkia berotzen hasterako ura ekartzeko (joan-etorrian ordu bete behar zuten), arrautza osoarekin gosaria emango ziela-eta itzultzean.

Arkumeak Hernanin saltzen zituzten, Altzea baserrian pasatzen baitzuten negua. Maiatzean eta ekainean zortzi-hamar gazta egiten zituzten egunean.

Bizimodua goizean goiz hasten zen. Egunsentian jaiki, ardiak jetzi, gosaldu, gazta egin, eta ondoren, umeen opor garaia zenez, gurasoak arduratzen ziren eskolan ikasitako gaiak jorratzeaz. Egunean ordu pare bat horretan ematen zuten, ama gidari zelarik. Kartetan ere jokatzen zuten, eskoban, seikotan, txintxonen, etab. Eguna oso ondo antolatuta zeukaten. Egurrak eta garoarenak astebete bat irauten zuen eguneroko lanez gain. Txerriak, berriz, artzain guztiek zituzten. Artzain bakoitzak dozena erdi bateko txertaldea izaten zuen, udaberrian erosi, uda osoan zehar gatzurearekin gizendu eta udazkenean saldu, diru pixka bat ateratzeko.

Baratza ere erabiltzen zuten eta bertan patata, porruak eta azak egiten zituzten. Bazkaltzeko eltzekoa izaten zuten zezinarekin eta gauean porru-patatak txorixoa eta arrautzak. Larunbat edota jai egunetan oilaskoa neurtuta izaten zen.

Urteko garairik gogorrena ardi mozketa, baina bazuen bere xarma: auzolanean egiten zen, artzain talde bat bilduta, eta lan saila bukatzen zenean, orduari begiratu gabe, bazkari goxo batekin festa giroan bukatzen zuten. Abuztua eta iraila lasaiagoak izaten ziren. Orduan aprobetxatzen zuten mendi gailurrak egiteko: Uarrain, Ganbo, Pardarri, Elkomuts (Irumugarrieta). Gailur hauetan buzoiak zeuden, mendizaleek beren mezuak uzten zituzten eta guk irakurri. Erna edo Igaratzan, berriz, udan zehar, hiru erromeria egiten ziren. Bertan ermita txiki bat zegoen eta dago Arantzazuko Amabirjinaren irudiarekin. Lazkaoko Alberto beneditarrak ematen zuen meza, Txomin laguntzailearekin. Urte askoan joan izan ziren meza ematera eta oso estimatuak ziren artzainen artean. Aipatutako erromeria egun horietan fraile talde bat etortzen zen eta meza ondoren sekulako jolasak antolatzen zituzten: sokatiran fraile taldea artzain taldearen aurka, korrika apustuak, etab. Egun horietan anoia hartuta egun guztirako joaten ziren familia osoa. Oso ondo pasatzen omen zuten.

Negua Aldaban (Lopetegi baserrian) eta Hernanin ematen zuten, urteberritatik apirilera bitarte. Joaten egun bat behar izaten zuten eta bertan familikoak bezala hartzen zituzten.

Informazio emailea: Maria Jexux Sukia

ITURRALDE : SUKIA MURUA FAMILIA

 

ITURRALDE,airetik ikusi

 

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Laguntzaileak:

orkli