Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
   
Juan Ignazio Iztueta,
margo batean.
Gotzon ARANBURU
   
pdf    
JUAN IGNAZIO IZTUETA, HETERODOXO BATEN 250. URTEURRENA

Gotzon  Aranburu

Gaurko egunez, duela 250 urte, jaio zen Zaldibian Juan Ignazio Iztueta. Dantzaria, historialaria, euskaltzale amorratua, bizitzak kolpe asko eman zizkion, baina beti lortu zuen berriro zutitzea eta buruan zeuzkan ideiak gorpuztea.

Juan Ignazio Iztueta Etxeberria pertsonaia heterodoxoa izan zela esatea ez da gehiegizkoa. Poliedrikoa deitzerik ere badago. Baina herriak «saltsa guztietan sartzen zen gizona» izan zela esango luke. Duela 250 urte jaio zen Goierriko txoko honetan, Txindokiren magaletan, eta bertan eman zuen azken hatsa, 76 urte zituela. Oso garai nahasiak bizitzea egokitu zitzaion, eta egindako hautu politikoak ere ez zion asko lagundu bizitza errazten, liberala baitzen –baina foruzalea– ia erabat karlista zen ingurumarian. Gainera, hainbat salaketa zirela medio, Inkisizioak begietan hartua zuen, eta kartzelan urteak egin zituen, lapurreta eta beste delitu are itsusiagoak leporatuta.

    gara1 2017
    Zaldibiarrari omenaldia egin zioten joan den igandean jaioterrian hainbat txokotatik iritsitako dantzariek. Gotzon ARANBURU

Baina meritu izugarri bat dauka Iztuetak, Gerardo Elortza historiagile oñatiarrak azaldu digunez. 1824an euskal dantzak deskribatu zituen, zehatz-mehatz, eta euskaraz gainera, “Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira” liburuan. Bi hamarkada geroago, ordurako hila zela, bere “Gipuzkoako probintziaren kondaira” argitaratu zen, hau ere euskaraz. Eta tartean, “Euskaldun antzina antzinako” dantza eta soinuen liburua eman zuen argitara, 1826an hain zuzen ere. Denak ere, bistan denez, gai laikoak, laiko autodidakta batek emanak, noiz eta idazteko adina kultur maila zuten ia bakarrak apaizak zirenean.

«Idazteak meritua badauka, zeresanik ez argitaratzeak. Ez zen erraza garai haietan, XIX. mendearen hasieran, eta Iztuetak bi liburu behintzat argitara ematea lortu zuen, beste lan batzuk publikatu gabe geratu baziren ere», dio Elortzak.

Inorentzat ere zaila bazen liburuak argitaratzea, are nekezagoa izango zen seguru asko Inkisizioaren atzaparretan egondako batentzat. Eta egona zen, bai horixe, gure Iztueta, gorroto bizia zion Joseph Echave herriko bikarioak salatuta.

Lapurretan aritu izana leporatzen zion apaizak, eta baita moral gaietan eta erlijioari zegokionean oso “liberala” izatea ere. Alegia, emakume zalea bai baina eliza zalea ez zela Juan Ignazio, eta hori ez zion barkatzen gizartearen zati handi batek. Baina Echaveren gorrotoa erakarri ziona gertakari zehatz bat izango zen, ia seguru.

Garai gogorrak ziren haiek, gerrak zirelaeta. Konbentzio Gerrak eta Espainiako Independentzia Gerrak gosea ekarri zuten, batez ere hara eta hona zebiltzan soldaduek janariak eta abereak errekisatzen zituztelako pasatzen ziren herrietan. Udaleko agintariei eskatzen zieten, eta hauek herritar soilei. Bazen orduan usadioa –oraindik ere indarrean dago– hildakoen alde mezak ospatu zitezen dirua emateko. Bada Iztuetak, zinegotzi izanda horretarako boterea edukita, bikarioari “arimen kutxa” irekiarazi zion herritarren aurrean, han zenbat diru gordeta zeukan azaldu zedin. Ez zion barkatu, ez horixe.

Ia zazpi urte eman zituen kartzelan Juan Ignaziok, 1801ean hasita, horietako batzuk Logroñoko Inkisizioaren espetxe sekretuetan, bere burua defendatzeko aukerarik gabe. Ordizia, Tolosa eta Azpeitiko kartzeletan eduki zuten, eta azken honetan ezagutu zuen bere bigarren emaztea izango zena, Kontxesi Bengoetxea. 1802an hil zitzaion aurreneko emaztea, Maria Joakina Linzuain urnietarra. “Contzeciri” bertso famatuak orduan idatzi zituen Iztuetak, eta biak libre geratzean elkarrekin ezkondu ziren. «Maite bat maitatzen det maitagarria, begui ederra du eta guztiz arguia» dio besteak beste Antton Valverdek eta Imanol Larzabalek ezagun egin duten kantuak. Kontu hauek eta askoz gehiago aipatzen eta dokumentatzen dira kultur etxean jarritako erakusketan.

Jose Garmendia izan da Iztueta sakonen aztertu duten historiagileetako bat. Foruzale erabatekoa zela dio Garmendiak, eta bestelako jarrera politikoetan jakaz aise aldatzen zuena bazen ere, foruen defentsan ez zuela inoiz atzerapausorik egin. Independentzia Gerran “frantsesen aldekoa” izatea leporatu zioten Iztuetari –Garmendiak dio Azpeitian frantsestu zela– eta egia da Ipar Euskal Herrira ihes eginda egon zela. Kontuak kontu, berriro ere kartzelatu egin zuten, oraingoan zortzi hilabetez.

Kontxesi ere hil zitzaion gure Iztuetari, eta berriro ezkondu zen urte batzuk geroago, 1828an, Maria Aszension Urruzola zizurkildarrarekin: 60 urte zituen Iztuetak eta 20 Mariak. Ordurako argitara emana zuen bere obra garrantzitsuena, “Guipuzcoaco Dantza gogoangarrien condaira edo historia”, zeinak azpititulu esanguratsu hau zeukan: «Beren soñu zar eta itz neurtu edo Bersoakin. Baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruccioac ere. Obra balio andicoa eta chit premiazcoa, Guipuzcoatarren jostaldia gaitzic gabecoaquin, lendabicico etorqui Españar argui eta garbi aien oitura maitagarrien gordacaiatceco».

Tere Irastortza idazlea, zaldibiarra hau ere, etengabe lanean ari da egunotan Iztuetaren figura eta lana ezagutarazteko, beste hainbat herritarrekin elkarlanean. Ezagunak ditu Juan Ignazioren bizitzako alde argiak eta ilunak, baina oraindik ere ikertzeko asko dagoela uste du, dantzari eta idazle honi buruz pulamentuzko iritzia eman ahal izateko. Baina dantzei dagokienez, hor ez dago orbanik, hor lehen mailako aditu eta are “militante” azaltzen zaigu Iztueta, Irastortzaren aburuz.

«Kontuan izan 1750. urtean Gaspar Mirandak, Iruñeko gotzainak, dantzan egitea debekatu zuela elizbarruti osoan, ediktu zorrotz baten bidez, bekaturako bide zela eta. Geroago, Manuel Larramendi jesuitak euskal dantzak defendatu zituen, eta Iztuetak ere korronte horrekin egin zuen bat. Bera dantzaria izan zen, dantzak irakatsi zituen eta deskribatu egin zituen liburuan. Horregatik ez balitz, ia ziur gaur egun hain ezagunak zaizkigun hainbat dantza galduta egongo ziren. Hori bai, gizonen dantzak bakarrik jaso zituen, nahiz eta Joxemiel Bidador zenaren lanari esker badakigun Euskal Herrian emakumeak izan direla dantza gehien egin dutenak», diosku Terek. Edozein kasutan, jakina da Iztuetak baimena eman ziola bere alabari jendaurrean dantza egin zezan.

MERITUA

1824an euskal dantzak deskribatu zituen, zehatzmehatz, eta euskaraz gainera, «Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira» liburuan.

 

«Gizon praktikoa izan zen, bi aldiz erabat hondoratu ondoren, kartzelatu zuten bietan ondasun guztiak galdu baitzituen, berriro zutitzea lortu zuen. Euskaltzalea zen, hori oso zaila zen garaietan. Eta hirugarrenik, irakasle ona, hark erakutsi zion-eta dantzan Jose Antonio Olanori, zinez dantza irakasle saga bati sorrera emanez», dio Irastortzak. Olanoren lanari Jose Lorenzo Pujanak jarraitu zion. Dantza zaharrak, bertakoak, defendatu zituen sutsuki Iztuetak, Europatik zetozen joera berrien aurka, hau da, kontradantzen aurka, minueta esaterako. Jakina denez, gero dantza moderno hauek eta bertakoak fusionatu egin ziren hainbat kasutan.

Zaldibiako Udala hasiera-hasieratik egon da prest herritarren ekimenari babesa emateko. Beharrezko laguntza materiala eman du eta harremanak erraztu, esate baterako Euskal Herriko Dantzarien Biltzarrarekin, elkarte honek ere parte-hartze zuzena izan baitu Zaldibiako egitaraua prestatzekoan. Sare herritar horretan “harrapatutako” beste bat Jose Inazio Ansorena izan da. Bera izan da egitarauko lehenengo hitzaldia eskaini duena eta berak zuzendu zuen txistulari banda joan den igandean, ehunka lagunek handikiro omen zuten egunean, txistulariak eta dantzariak protagonista nagusi.

Ekimen honen atzean, euskal kulturaren transmisioaren kezka dago azken batean. Tere Irastortzak garbi dauka «euskaraz irakatsi bai, baina Euskal Herriko historia, literatura eta kultura apenas erakusten zaie nerabeei eskoletan. Hor arazo handi bat daukagu. EAEko curriculumaren %55 geuk garatzerik bageneukan, baina ez dut uste %25 ere garatuko genuenik. Selektibitatea gainditzea da helburua, eta baztertuta geratu dira geure historia eta kultura eskoletan».

Laguntzaileak:

orkli