Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 

 

 
ARALAR MENDIKO KONTU  BITXIOAK
Zaldibiak badu, dantza eta herriko seme argiez gain, iragan isil bezain monotonoa, bere muino eta baserrietako isiltasunaren parekoa. Kasik ez dago ezer berezirik, bizimodua bera ez bada, txikikeria deigarriez beteriko bizimodu berezia. Dena dela, bere historia patxadatsuaren harian, bada zenbait gauza, zenbait gertaera, denbora iheskorraren atzaparretatik errekuperaturik, gure garaietaraino iritsi dena, aro bat islatu eta giro jakin bat definitu duena.

Oraingoan Aralartik datozkigu berriak, antzinateko mendi patriarkal horretatik; gaur, eliz dorreko kanpai-hotsek Santa Fe zaindariaren jaiak iragartzen dituzten honetan, betilun eta txiro ageri zaigu. Geroxeago, bildotsak bidaliko dizkigu, elkarren kontra estuturik eta artzainen txistu-hots eta mastinen artean, Bizkai aldera abiatzeko. Horixe da, udazkenean, artzain-herri honen ohiko erretratua.

Atsegin dut, zinez, momentu batez begiak itxi eta orotzaiapenetan galtzea. 1500. urtean nago, gure herri honen edozein ingurutan. Toki aski zakar eta bakartia da, alde guztietatik laharrez eta basoz josia. Nire begiak gari sailak, arta soroak eta abar ikusten ohituta daudelarik, oraindik ezin naiz jabetu garai hartako landaredi ugariaren sendotasunaz. Gaurkoarekin alderatuta, oso bestelakoa zen Gipuzkoako paisajea; esan beharrik ere ez dago animalia-mota askoren bizitokia zela; baziren hartzak, otsoak, basurdeak, basakatuak, azeriak... Eta hainbestexe dira, XVI. mendean, Aralar mendiko artaldeei eraso egiten dieten sarraskigileak, Enirio-Aralar elkarteko herriak bilera egin beharrean aurkitzen dira; 1578ko maiatzaren 20an egin zen bilera hori eta ordenantza hauxe idatzi zuten: hartza akabatzeagatik, 6 dukat (16,50 pezeta) saritzat; otsoarengatik, 2 dukat; eta beste piztia mota batzuk (obillo) harrapatzeagatik, 2 erreal.

Ordiziako diru-kontuetan ageri denez, 1579tik 1608ra bitartean, ontzako urrea ordaindu zitzaien ehiztariei, 19 hartz eta 7 otso akabatzeagatik. Gerturago etorrita, 1658an, Gabirian hartz bat harrapatu zuten, eta Aralarren beste bat, 1735ean; azkeneko horrek 87 kg pixatu zituen larrua kenduta, eta Ordiziako Valmedianoko Markesaren palazioko atarian egon zen jendaurrean erakusgai. Iztuetak dioenez, idiazabaldarrek 39 kiloko tigrea harrapatu zuten zepoan, 1776an.

Baina sarraskigile guztien artean, otsoa da ugariena eta Gipuzkoako lurraldean gehien iraun duena; horren seinale gisa, hor daude bere izena daramaten hainbat toki. Zaldibian ere badira erro hori daramaten baserri-izenak.

Tresna asko erabili zen, Aralar ingurutik otsoa desager zedin: zepoa, tranpak, otsotarako perdigoia (berezia) eta, batez ere, benenoa. Horretarako, artzainek pizti harrapatzaileak eramaten zituzten, diru truk, piztiaren arrastoak ikusi orduko. Adituok biderik bide ibiltzen ziren, abere-tripak lorrean zituztela, eta han-hemenka sebo-puskak ipintzen zituzten, benenatutako okelarekin nahasi. Otsoak arrastoari zuzen jarraitzen dio, pozionarekin topo egin arte.

1895ko elurtean , harrapaketa modu hori dela medio, sesio izugarria sortu zen zaldibitarren eta ataundarren artean. Zaldibikoek benenatutako asto-burua ipini zuten Enirio-Aralar elkarteko mendietan, eta ataundarrek ahuntz-burua, euren herri-terrenoan; hauek ere pozoinduta , noski. Hurrengo egunean joan ziren batzuk eta besteak nor bere karnata (cebo) ikustera, eta gureek hiru animalia aurkitu zituzten akabatuta: azari handi bat, izugarrizko arranoa (hegotik hegora metro eta erdi neurtzen zuen) eta 49 kiloko otso bikaina. Hirurak ere jatura egin zuten tokitik gertu zeuden akabatuta.

Era berean, ataundarrek, ahuntz-buruari begira jarri zirenean, otso-arrastoak ikusi zituzten elurretan; haien ustez, otsoa, ataundarren janaritik probatu ondoren, Zaldibia aldera joan zen. Zaldibitarrek otsoa harrapatu zutela jakin zutenean, ataundarrek pentsatu zuten eurek ipinitako ahuntz-burutik janda benenatu zela, eta erreklamatu egin zieten zaldibitarrei. Ataungo alkatearengana joan ziren biak, bai ataundarrak eta bai zaldibitarrak, ziurtagiri bila, hori beharrezkoa baitzuten 375 pezeta kobratzeko, hau da, artzainen elkarteak ordain-saritzat izendatua zeukana jasotzeko. Alkatea zeharo txundituta geratu zen, batzuen eta besteen arrazoiak entzun da; izan ere, nork jakin zer janda, asto-burua ala ahuntzarena, akabatu zen otsoa?

Hala ere, Ataungo Alkateak ez zuen Salomonen biderik hartu. Dakigunez, Salomonek, epaiketa sonatu hartan, haurra erdibitu egin zuen, berea zela zioen
emakume bakoitzari zati bat emateko. Ataungo Alkateak ideia askoz argiagoa izan zuen: albaitariari deitu eta piztiaren sabela irekiarazin zion. Halaxe egin zuen, eta astoaren belarria aurkitu zion; belarria haragi zaila izaki, ez zuen izan desegiteko astirik. Proba Egindako proba guztiz erabakigarria gertatu zen, eta zaldibitarrek eraman zuten otsoa, harrapatzegatik emandako diruak.

Baina Aralar ez da izan piztien larrea bakarrik, gure arbasoek piztiei sarritan aurre egin behar izan dieten arren; jentilak ere ospetsuak dira Aralarren. Eta ez diote gutxi eragin gure jakin minari, meategi eta urreari buruzko esakunei esker. Gipuzkoa osoan banaturik zegoen uste hori. Baina ez ustea bakarrik; egia ere bai, garairen batean. Micer Andres Navajero ibiltari ospetsuak, Veneziako Enbaxadore gisa, 1524an, Zegama eta Seguratik igaro zelarik, esan zuen Gipuzkoaren goialdeko eskualde horretan burdina eta zumake (beste metal bat)
asko ateratzen zutela.

1735an hasi ziren kobrea ateratzen Aralarko Arritzagako meategian. 65 urte iraun zuen lantegi horrek. Bi ola muntatu eta 300 gizon ipini zituzten lanean, kobrea hantxe bertan lantzeko. Ez olak bakarrik, etxolak ere ugari eraiki ziren, langile haien guztien babeserako. Era berean, kapila ere bazen, bere apaiz eta guzti. Begi-bistakoa da, Gipuzkoan hainbeste ola baldin bazegoen, burdina eta kobre asko zegoelako zela. Horrekin batera, baita merkatu famatu bat ere hemen Zaldibian, metal horiez egindako tresnak saltzeko. Nola ez, inguruko herrietatik eta Nafarroatik jende asko etortzen zen Zaldibiko azokara. 1787an, artean, baziren meategiak Aralarren. Diotenez, Zaldibiko erretore Jose Ignazio Etxabek urrezko piriten distira ikusi zuen Aitzarteko karaitzetan. Eta Aralarko meategien elkarteak 16 gizon, beren enkargatuarekin, utzi zizkion. Arrakasta handia izan zuten; laster, gainera, nahiz eta mugatua izan. Hiru ontza eta bi otxabo pixatu zituzten urrepiritak ateratzea lortu zuten. Baina hori lortzea asko kostatu zitzaien: 40 ontza urre, hau da, atera zutena baino hamaika bider gehiago.

Berriro Zaldibira itzuliko gara, Aralarren magalean aurkitzen den txoko polit honetara. Askorentzat, Iztuetaren, Lardizabalen, Jaureguiren, eta Aita Lizarralderen sehaska. Beste askok hemengo mondeju bixiak, amuarrain finak eta gazta gozoak izango dituzte gogoan. Hori guztia horrela, zaindariaren jaien atarian gaude, eta, urtetik urte, gero eta gogatsuago ospatzen ditugu, ekintza erlijioso eta herrikoetan denok parte harturik, antzinatik datozen fede eta ohitura onen seinale. Inoiz ez daitezela desager hainbat mendez gorde dituen gure lur honetatik. Azkenik, hitzaren leiho honetatik agur bero bat herritar guztiei, ondo pasa Santafeak. Bihotz barrendik sortutako alaitasuna izan dezagula lagun. Hauxe da lehenengo etxaferua! Gora Zaldibia!

1950. urtean J.Garmendiak idatzia
Itzulpena: Rufino Iraola.

Laguntzaileak:

orkli