Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Izarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra Gaituta
 

IRASTORTZA GARMENDIA familia

Liburuko fitxa jaitsi 
 pdf
 

ETXEBERRI kale-etxea da, Santa Fe kaleko Bekokalen kokatua.

Etxeberri etxea

Gerra ondorengo etxe altuena izango zen Etxeberri etxea. Lau solairu, ganbara eta kale-pareko oina ditu. Jatorriz, solairuko bi etxebizitza dira, baina lehen, aurreneko oinean ere etxebizitza zen. Jatorriz euskarria egurrezkoa du, zimenduak hormigoizkoak eta harrizko pareta ditu, eta hormigoia du zolatan, pilareetan eta habeetan.

Amundarain ibaiaren ertzean kokatua, mugante izan ditu iada eraitsiak edo erreta desagertu diren hainbat etxe: Melitonenea, non Tolosa ahizpen jostundegiaz gain bazen motoak konpontzeko tailerra, Ermentari, non herriko Telefonoak ziren eta perratokia, eta Madalenanea, denda zeukana.

Etxea eraiki zenean, etxe-behar handia zegoen Euskal Herrian, eta Espainiako migrazioa iritsi ahala Etxeberrin Zaldibikoa ez zen jende asko ere jarri zen bizitzen. Hiru familiek etxea erosi zutenean ere bai.

Urte askoan maizterrak bizi izan ziren. Batzuk urte asko egin zituzten. Batzuk Espainiatik etorriak ziren (Galiziakoak, Andaluziakoak, Extremadurakoak...) eta beste batzuk bertakoak ziren (Ordiziakoak, Zumarragakoak...).

Maizter hauetaz gain, Etxeberrin hainbat lanbide eta negozio egon da. Jostundegia, Maria Erauskinek gobernatzen zuena eta gabardinak josten zituena Donostiarako, ileapaindegia, Maria Dolores Iruinek gobernatua, zapategia eta barberia, Bixente Sukiarena, Aurrezki Kutxako Zaldibiko lehen sukurtsala, Aseguru-etxea eta Ibargungo Intsaustiren harategia. Urte batzuetan Josefa Mari Irastortza eta Maria Rosario Iruinek ere frantses eskolak eman zituzten beheko oinean.

 

Felix Irastortza Oiharbide eta Matilde Garmendia Erauskin Zaldibin jaio, bizi eta hil ziren. Felix 1918an jaio zen eta Iortza baserriko Irastortza Oiharbide familiako zazpigarren semea zen. Matilde, berriz, 1925ean jaio zen. Aistrangoneko alaba zen, Garmendia Erauskin familiakoa. Hamar seme-alaba izan ziren, bi umetan hilak.

Felix eta Matilde 1955eko otsailaren 17an ezkondu ziren eta Zaldibiko Faustinoene etxean jarri ziren bizi izaten. Etxe hura Eskribau etxearen ondoan zegoen, Amundarain ibiaiaren ertzean, eta orube horretan etxebizitza berriak eraikita daude orain. Faustinoene, indiano-etxea zen, Zaldibin zen bakarra. Aurre aldean lorategia zuen, eta bertako jabea Konpitteriko Faustino zen, Amerikan ibilia, XIX. mendeko beste hainbat zaldibitar bezala.

Faustinoenen izan zuten lehen semea, Matias. Negu hotzean. Halako izotza bota zuen, ezen kanilak izoztu egin ziren, eta Matildek kalean zeukan izeba bakarrak, Benita Garmendiak, ume jaio berriarentzako ur beroa Aztiriagako bere etxetik ekartzen zion.

Etxe premia handia zegoen garai hartan Zaldibin. Eta herrian bazen etxe bat, garai hartako Caja de Ahorros-ak zuena, Etxeberri izenekoa. Jende asko bizi zen bertan maizter, baina ez zituzten etxebizitzak banan-banan saldu nahi. Batek dena erostea ezinezkoa, eta orduan Felixek eta Matildek beste bi familiarekin batera erosi zuten etxea.

Etxea erosi eta bertan jarri ziren bizitzen hiru familia hauek, eta Bixente Sukiak, erostunetako batek, bertan izan zituen zapategia eta barberia, beheko solairuan.

Matildek eta Felixek bi alaba izan zituzten Etxeberrin: Josefa Mari eta Teresita. Etxe horretan jarraitzen du bizi izaten Josefa Marik.

zaldibiko hilanderakzaldibiko hilanderak 1936Felix eta Matilde eskolara joan ziren. Aurrena Zaldibin, eta gero Felix Durangon ibili zen jesuitekin. Han lan egitearen truke, gaztelera ere ikasteko. Matildek esaten zuen berak euskaraz ikasi zuela Errepublika garaian, eta euskaraz ere erraz irakurtzen zuen. Matilde umetan dantzaria izan zen. Zaldibin bi dantza-talde omen ziren garai hartan. Poxpolinak, abertzaleak, eta Hilanderak, karlistak. Azken talde honetakoa zen bera eta Etxabenen entsaiatzen zuten.

Gizonezkoentzat soldaduska eta Fabrika Handia bezala, emakumezkoentzat kanpora neskame ateratzea, seme-alabei eskolako lanetan laguntzea eta Irratietako nobelak izan ziren gazteleraz trebatzeko aukera onenetakoak.

Felix eta Matilde, biak nahiko ondo moldatzen ziren erdaraz ere, baina beste hainbat euskaldun bezala, sufrituak ziren erdaraz ondo moldatzen ez ziren garaietan. Felixek, adibidez, eraztuna ezarri ziotenekoa askotan gogoratzen zuen.

Felix gaztetan irten zen etxetik Legorretako okindegira. Eta gerra-garaiak han harrapatu zuen. Ogia egin eta banatzen zuten autoan Baliarraina eta Legorretara. Gero, Arrasaten ere egon zen okindegian, Zaldibiko Dendaberrikoen familiako Garmendiatarrekin. Lau anaia gerran zituenez, bera libratu egin zen, baina soldadu egon zen gerra ondoren Donostian. Han gustura ibili zen, arrebak ere bertan baitzeuzkan eta baita osaba-izebak ere. Handik Fabrika Handian hasi zen lanean. Hasieran bizikletan joaten ziren lantegira, uda eta negu, eta bere anaia Ramonek asmatu omen zuen kapota bat galipota emanda jazten zutena, eguraldi txarretik babesteko. Gero belosoles izeneko motoak etorri ziren, eta berak egiten zituen moto-konponketa guztiak. Autoak hasi zirenean, beste batzuek eramaten zuten lanean autoan.

Bertan jubilatu bazen ere, Fabrika Handitik baimena hartu eta ezkon aurretik egin zuen froga bat Arrantsaon oiloak zaintzen. Berak zaintzen zituen oiloak eta arreba Prantxikak saltzen zituen Ordiziako ferian. Dirutan ez zitzaion gaizki ateratzen, baina familia sortzeko ez zela bizimodua eta berriro itzuli zen lehengo lanera.

Garai hartako jende asko bezala, kalean bizi arren, izatez eta senez baserritarra zen. Beti jarraitu zitzaion baserriko bizi-moduari, eta Andurion erosi zuten pinudia zaintzea, mendira perretxikoetara joatea edo Aistrangonen zuen baratzera joatea ohiko eginkizunak zituen.

Ehiza ez baino arrantza oso gustuko zuen, eta arrantza sasoia zenean makina bat aldiz Fabrikara bizikletan joan aurretik irteten zen egunsentian arrantzara. Zaldibiko Gaztelu Elkarteko bazkide izan zen hasieratik, eta hil arte guztian joan zen egunero-egunero elkartera, lagunartera kartetan ibiltzera.

Jubilatu ondoren berriz, egunero ateratzen ziren txikiteoan bere kuadrilarekin. Eta oso lagunarte ona izan zuen. Bera baino gazteagoak zirenekin ibili izan zen urte askoan, eta arratsaldeko zazpietako kanpaiarekin elkartzen ziren.

Esku-lanetarako oso trebea zen, eta musika ere gustuko zuen, eta bere gisara aritzen zen ahoko soinuarekin, kitarrarekin eta trikitixarekin.

Matilde Garmendia ezkondu arte bera jaiotetxean bizi izan zen, Donostian neskame egon zen arren. Etxekoek ez omen zuten bi alaba gazteenak neskame joaterik nahi, baina lagun guztiak Donostian zirela eta berak ere hala nahi zuenez, Donostian egon zen neskame.

Gaztetan Tolosa ahizpen jostundegian aritu zen ikasten, Julia eta Filorekin.

Ezkondu ondoren etxean aritu zen lanean. Garai hartako etxeko langintza eta oraingoa ez ziren berberak. Jana prestatu, arropak garbitu, lehortzera eraman, josi, egurrezko etxe eta altzariei argizagia eman.... Garbitasuna eta txukuntasuna garrantzi handikoa zen.

Matilde ez zen oso kale-zalea, baina etxea beti zabalik izaten zuen. Familiakoak eta lagunak beti izaten zituen inguruan.

Matildek buru ona zuen, eta familiako gorabehera guztiak hartzen zituen gogoan. Askotan etortzen zen jendea Zaldibira kanpotik, eta ahaidetasunak antzematen zituen eta berehala ateratzen zuen arrastoa. Irakurtzea ere oso gogokoa zuen, eta baita kantu eta bertso-zaharrak kantatzea ere. Askotan gogoratzen zuen etxean nola bere aita Matiasek irakurtzen zizkien Iztuetaren Guipuzcoaco condairako bertsoak, batez ere erromatarrenak, edo bertso-paperak.

Elizkoiak ziren eta fededunak, eta beraien izatean eta heziketan garrantzi handia izan zuen erlijioak. Batikano II-aren ondorengo aldaketak apur bat aztoratu zituen hasieran, baina ikuspegi lasaiagoa izan zuten azken hamarkadetan. Elizak esana oso aintzakotzat hartu arren, beraien aurrekoen sinesmenekiko isileko errespetua zuten, eta beste euskaldun askok bezala adierazten zuten Denik ez da esan behar, baina ez denik ez da sinetsi behar.

Hiru seme-alaba eta sei biloba izan zituzten (Maite, Luis, Iñigo, Amaia, Ainhoa eta Unai). Iñigo eta Amaia Zaldibin bizi dira.

Informazio emaileak: Josefa Mari eta Tere Irastortza

 

ETXEBERRI: IRASTORTZA GARMENDIA FAMILIA

 

ETXEBERRI

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.