Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 
iturritza1

MENDIZABAL ERAUSKIN familia

irurritza1
Liburuko fitxa jaitsi 
 pdf

 

ITURRITZA kale-etxea da, Goikokalekoa. Kale-baserria zen, Muertzako Joxe Joakin Mendizabalek eta Fabrikako Maria Erauskinek ezkondutakoan bizilekutzat hartu zutenean. Zabala kondearena zen etxea eta senar-emazteak bertara etorri ziren, maizter. Iturritzak lur sailak zituen inguruan, soro eta baratzeko lanetarako, eta etxe azpian ikuilua, batik bat, txerriak hazteko erabiltzen zena. Oilategia ere bazuen. Joxe Joakinek eta Mariak bederatzi seme-alaba izan zituzten: Maritxu, Prontxio (gerran hila), Sabino, Matias, Nati, Rosario (monja), Maria Kontsuelo (Kukutxeztulagatik hila), Maria Dolores (istripuz hila) eta Joxe Anjel.

Maritxuk 18 urte zituela, 1928.urtean, gurasoak etxe jabe egin ziren, eta geroztik, etxean bertan, seme-alaba bakoitzarentzat etxebizitza bana atondu zuten. Gainera, etxe azpiko ikuiluak kendu eta jostundegia eta aroztegia ipini zituzten, oilategia mantenduz. Jostundegian Maritxu, alaba zaharrenak, lan egin zuen, eta aroztegian berriz, seme gazteenak, Joxe Anjelek, Azkoitira joan arte. Baratzeko lanekin ere jarraitu zuten baina lan osagarri moduan, etxeko semeak Beasaingo Fabrika Handian hasi baitziren.

1958. urteko azaroaren 29an, San Saturnino egunez, Nati, Iturritzako alaba, Mattinguriñeko Joanito Mendizabalekin (zortzi senideetatik seigarrena) ezkondu zen Zaldibiko elizan. Joxepane tabernan egin omen zuten otordua eta ezkontza-bidaian Gasteiz, Iruñea eta Zaragoza ezagutu omen zituzten, trenez bidaiatuz.

Iturritzan jarri ziren bizitzen Natiren aitarekin eta bi senide ezkongaberekin. Gerora, Natiren bi izeba-osaba ere, Fabrikakoak, Eustasi eta Gabino, etxean hartu zituzten. Natik eta Joanitok bi alaba izan zituzten: Mari Karmen eta Lurdes. Beasaingo klinikan jaio ziren biak, amaren adinak erditze arriskutsua ekar zezakeelako. Hauek gogoratzen dute, etxean, bakarren bat beti egoten zela gaixorik (bertakoen adina eta egoera kontuan izanik) eta egoera horrek, hamaika aldiz, etxean egotera behartu zituela.

Joanito aitak, 38 urte ba omen zituen ezkondu zenerako. Aurretik artzaina izan bazen ere, aitarekin Urruztiarreko txabolan eta ondoren morroi Legorretan, gerra amaitu ondoren zazpi urtez soldaduska egitera behartu omen zuten eta, handik etorrita, artzantza utzi eta Itsasondon egin omen zuen lan, Fabrika Handian hasi aurretik. Esku artean diru pixka bat izan arte, beraz, ez zen ezkondu.

Maritxu, Natiren ahizpa zaharrena, jostuna zen eta etxepeko jostundegian aritzen zen. Herriko neska gazte askori irakatsi zien josten eta laguntzaile ere izan zituen. Herriko eta kanpoko jendearentzat ezkontza, jaunartze, festa edota jai egunetarako arropa josten zuen. Oso ezaguna zen herrian eta askok, baserritik mezetarako jaisten zirenean, karreran uzten zituzten oinetakoak eta poltsan zekartzaten dotoreagoak jantzi elizarako. Eta alderantziz egiten zuten etxerakoan.

Elizako prozesioak ere prestatzen zituen, kaleko aldareak apainduz eta neskak aingeruz jantziz. Jaunartzetako desfileak antolatzen zituen eta elizako aldarea gustu handiz eta lore ederrez dotoretzen ere bazekien. Hildakoak janzteaz ere arduratzen zen. Garai hartan etxean edukitzen ziren hildakoak eta hilkutxan sartzerako itxuratu behar izaten ziren eta herritarren agurrerako prestatu. Eta bera zen eginkizun horretarako eskatzen zenetako bat.

Matias, Natiren anaia, herriko sakristaua izan zen eta aitarengandik jaso omen zuen egiteko hori. Elizan apaizari laguntzeaz gain, kanpandorrera igo eta kanpaiak jotzea, erlojua zaintzea, elizako ateez arduratzea, ur bedeinkatua jartzea… ziren bere lanetako batzuk.

Sabino (1914-1987), Aisterdi baserriko Joanita Garmendiarekin (1919-2003) ezkondu zen 1947ko ekainaren 6an. Hauek ere Joxepanen eztai bazkaria egin eta Zaragozaraino iritsi ziren ezkon bidaian. Hango baselizak eta amabirjinak bazuen beraz erakarpena garai haietan.

Gaztetatik hasi zen Fabrika Handian lanean, eta beste asko bezala,bizikletan joaten zen lanera. Hura bai aurrerapena! Goiko pisua izan zuten bizitoki eta lau seme-alaba izan zituzten: Joxe Joakin, Maria Rosario (Masario etxekoentzat), Jexus Mari eta Joan Mari. Masario izan zen Zaldibiko ikastolako lehen andereñoa 17 urterekin, gaur egun Ekoa denda dagoen tokian. 1967ko ikasturtean dozena bat ikaslerekin soilik aritu zen eta gero Joxe Bernardoren etxeko goiko pisuan, andereño Nekane eta Arantxarekin batera. Azkoitira ezkondu zen 1981ean eta handik gutxira utzi zuen Zaldibiko lana.

Gaur egun Joxe Joakin eta Joan Mari dira bertan bizitzen jarraitzen dutenak.

Pasadizoak 


Maritxuren eskaparatea

Maritxu jostunak aldizkariren batzuk izango zituen modako arropa politak josteko baina eskaparaterik ederrena Donostia omen zuen. Bertan jasotzen omen zituen ideiarik hoberenak, paseoan zebilen jendeari begira-begira egonda. Astebururo joaten omen zen, hutsik egin gabe eta hango ereduez baliatzen omen zen arropak egiteko. Ilobei ere arropa asko josten omen zien besteentzat erreferentzia izateko. Maritxuk josteari hirurogeita hamar bat urterekin utzi omen zion, tronbosi bat izan zuelako.

Emaztea begiz jota

Joanito eta Nati urte batzuk zituztela ezkondu ziren, baina aitak ama aspalditik omen zeukan begiz jota, baina gerra ondorengo egoerak dirudienez ez uzten gehiegi inguratzen elkarrengana. Bikotearen lehen zita Kalbariotako iturrian izan omen zen, ixilpean eraman nahi alegia.

Gurasoen ezkon bidaia

Joanitok eta Natik nola kontatzen zuten ezkontza bidaia gogoratzen dute alabek, Gasteizen Buenos Aires hotelean hartu zutela ostatu, Iruñean berriz, San Nikolas kaleko Aralar pentsioan, eta azken honetan, jendea oso dotore, sonbreroa jantzita sartzen zela otorduetara, eta aitak esan ziola amari: “Nati, hemendik ateako gea sin plumas y cacareando”. Baina, ondo jan zutela, horratio!

Informazio emaileak: Mari Karmen eta Lurdes Mendizabal

 

ITURRITZA: MENDIZABAL ERAUSKIN FAMILIA

 

ITURRITZA

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.