Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 
zubiaurre

MENDIZABAL ARMENDARIZ familia

zubiaurre
Liburuko fitxa jaitsi 
 pdf

 

ZUBIARRE kale-etxea da, Bekokalen kokatua, Amundarain errekaren ertzean. Zubiarre izena, ziurrenera, zubiaren aurrean egotetik etorriko zaio etxeari. Ondoan zen, baita ere, garai bateko ganadu hiltegia edo mataderia.

Pasabide ere bazen Zubiarre. Lazkaomenditik Zaldibira etortzeko bide bakarra huraxe zen eta Lazkaomendi aldetik zetozenek bertan uzten zituzten oinetako zaharrak eta berriak jazten, elizara edo enkarguak egitera joateko. Hori ohitura arrunta zen Zaldibiko beste baserritarren artean ere, eta bailara bakoitzak etxeren bateko karreran izaten zuen aldatzeko tokia.

Amona Jazintak, Gregoriren amak, erosi zien Zubiarre etxea Etxabeneko Laurnagatarrei.

Gregori Armendariz eta Loxe Leon Mendizabal 1932an ezkondu ziren Zaldibin. Zaldibin gosaria egin, eta trenez joan ziren Zaragozara, ezkontz bidaian. Joxe Leon Mendizabal Muertzakoa zen, eta Zubiarrera ezkondu zenean, Antonio, Gregoriren anaia ere bertan bizi zen.

Joxe Leon barberoa zen, baina ibiltzen zen iturgintzan, pintatzen eta enpapelatzen ere. Etxean ez dute ganadurik izan, animali-zaintzaile handiak izan diren arren. Baratzea ere handia izan dute beti etxerako.

Zaldibitar askok gogoratzen dute Zubiarre herriko eskola izana zela gerra aurretik, irakurtzen ikasteko eskola. Beheko pisuan omen zen eskola, eta Errepublika garaian euskaraz irakasten omen zuten han. Euskaraz irakasten zuten maistretako bat Jobita Etxeberria Lizarragakoa omen zen. Hala zioten Elena Mendizabal Muertzakoak edota Aistrangoeneko Matilde Garmendiak. Gerra ondoren ere jarraitu omen zuen eskolak han urte batzuetan, baina gazteleraz erakustera behartuta.
Eskola izateari utzi zionean, jostun eskola bihurtu zen.

Antonio Armendariz, ama Gregoriren anaia, gaztetan Donostian ibili zen lanean, batez ere ikatz-banatzaile. Geroago Zaldibira etorri eta etxean geratu zen, eta baratze handia egin eta erabili zuen, eta arotz-lanak ere egiten zituen. Antonio, gerra ondoren, herriko epaile izan zen urte askoan, eta baita Laurnaga familiaren ondasunen administratzaile ere. Beste alde batetik, Tolosan bulegoa zuen Casser aseguru- etxearentzat lan egin zuen eta Goierriko baserri asko zituen bezero.

Gregorik eta Joxe Leonek hiru seme-alaba izan zituzten: Maria Jazinta, Mariaxun eta Jexux Mari.

Mendizabal-Armendariz familiako seme-alabek etxetik kanpo egin zuten lana. Maria Jazintak Irunen, Frantziako Migrazio Bulegoetan, Mariaxunek Biloren, eta Jexux Marik Zumarragako Orbegozon, eta Indar fabrikan, Beasainen. Kanpora lanera joateko bizikletan joaten ziren Ordiziara edo Fangioren autobusean, eta handik trenez.

Zubiarreko hurrengo belaunaldian, bertako alaba Mariaxun Mendizabal Joxe Jabier Iraeta tolosarrarerekin ezkondu zen, 1971an. Etxean bizi ziren, artean, aita-amak eta bi anai-arreba. Larraitzen ezkondu ziren, ezkontza-otordua Olaberriko Castillo jatetxean egin, eta ezkontza-bidaian Kanariar irletara joan ziren.

Bost seme-alaba izan dituzte: Izaro, Aitor, Xabier, Mikel eta Jon Antton.

Zubiarretarrak oso animaliazaleak izan dira. Jexux Mari semeak berezko sena izan du eta bera izan da maisu, baina bilobek ere ekarri dute zaletasun hori. Zer ez dute hazi eta zaindu Zubiarren. Ezagunak dira hango orkatzak, indioilarrak eta, zer esanik ez, Pako belea. Orkatza Soriatik ekarria zuten. Orkatza bi kumerekin topatu, bat hartu eta Jexux Marik etxera ekarri. Biberoia emanez eta berarekin jolas eginez atera omen zuen aurrera, baina oilategian zela, sugeak miztoa sartu eta horrela galdu omen zen orkatza.

Indioilarra, berriz, Benidormetik ekarri zuen. Kabi bat aurkitu omen zuen bost arrautzarekin. Hiru hartu eta kolkoan sartuta ekarri omen zituen Zaldibira. Nahiko bero ez ote zuten izango eta, gauean barrabilen artean izan omen zituen, eta goizean oilaloka bilatu eta hantxe jarri omen zituen. Bi har eta emea atera ziren arrautzetatik, eta Zaldibin urte askoan ikuskizun izan ziren.

Denetan ospetsuena, ordea, Pako belea egin zen Zaldibin. Indioilarrak baino gertuago aurkitu zuen Jexux Marik bele -kabia. Han ere bost arrautza ziren, eta haietatik hiru hartu eta etxera ekarri zituen. Bele horiek, hazi ahala, Zubiarre ingurua hartu zuten beren lurraldetzat, eta oso ezagun egin ziren Zaldibian eta inguruan, hainbat trastekeria ere egiten zutela. Batzuetan gizon bati txapela kendu eta beste bati jartzen zioten, edo beste toki batean uzten zioten, edota ileapaindegitik dotore ateratako emakumeen gainera joan eta ilea zapaldu.

Jexus Mari izan bada, eta bada ere, animaliak eskura jartzen maisu, bere ilobek ere jaso dute dohain hori. Jon Anttonek, adibidez, txiki-txikitatik oilaskoa erakutsita zeukan eskatzen ziona egiten, eta han ibiltzen zuen bizikletan berarekin, noranahi zihoala.

Jexux Marik bere denbora animaliak hazten eta hezten ematen bazuen, Axunek oso gustuko izan du beti kantatzea. Tiki-txikitatik zuen gustuko eta bere lagunekin hainbat kantu sortu eta kantatutakoa da, horien artean, ezagunena, Herritxo txiki bat. 1965 inguruan Goierri aldeko hainbat kantalditan ere parte hartua da Ez Dok Amairu-rekin batera. Herriko abesbatza ere zuzendu izan du.

Pasadizoak 

Brunoren giltzak
Kanpaingo Brunori ere ederra egin zion Pako beleak. Plazan belearekin eta giltzekin jolasean zebilela, beleak giltzak hartu eta non utziko eta Karreaneko teilatu gainean utzi omen zizkion. Joan hadi orain bila!
Ipuinetako protagonista
Pako belea gaztetxoentzako ipuin askotako protagonista bihurtu zuen Iñaki Zubeldia idazleak, eta bere istorioekin argitaratu ditu haurren artean estimazio handia izan duten liburuok: Pako belea. Pako Belearen bihurrikeriak eta Pako belea basoan.
Erderaz moldatzeko lanak
Biandako Joxepa Garmendia, 1903an jaioa, joaten omen zen Zubiarreko eskolara irakurtzen ikastera. Euskaraz ez ezik erderaz ere ikasiko zuten nonbait eta, behin, behintzat, Joxepa eta bere laguna pupitrean eserita zeudela, Joxepak ukalondoarekin enbarazu egingo zion, eta esan dio lagunak Joxepari:
-”Me has bultzado, a la maestra decir”
eta Joxepak:
- “Yo también dile”.
Joxepak askotan kontatzen omen zien pasadizo hau bere bilobei.

Informazio emaileak: Maria Jazinta, Mariaxun eta Jexux Mari Mendizabal

 

 

ZUBIAURRE

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Laguntzaileak:

orkli