Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 
 
SEKULAN baino arrazoi gehiagoz esan dezakegu «Maiatza dantzan». Gelditu gabe dabiltza herriz herri dantzan politikoak. Eta Joxemari Aldaiaren bahiketak ere dantzan jarri du Euskal Herria. Haren askatasunaren aldekoak gaur bilduko dira Donostiara. Haren bahituraren aldekoak, berriz, bihar.

Baina Juan Inazio Iztuetak dantza alaiagoak erakutsi zituen. Eta Zaldibiak ere dantza alaiagoak egingo ditu bihar, Iztuetaren omenez, herriko seme ospetsu honen heriotzaren 150. urteurrena ospatzeko. Iturengo Ttuntturroak, Goierriko bertsolariak, «Goizaldi»ko dantzariak eta abar arituko dira bazterrak alaitzen, goiz eta arratsaldez.

Izan ere, ongi merezia du honelako omenaldi bat Donostiako Udalak   Juan Inazio Iztueta, dantzari, dantza eta kantu biltzaile, dantza erakusle, idazle, bertsolari, historilari
eta folklorezaleak .

Iztueta 1767an jaio zen, eta 1845ean hil. Gerra artean bizi behar izan zuen: Konbentzioko gerra, Napoleonena, lehenengo gerrate karlista eta abar. Ideologien eta jokabide politikoen aldetik ezezik  sentimenduan aldetik ere astindurik eta aldaketarik izan zuen, beraz. Oraindik oso argi ez dauden arrrazoiak medio kartzelan ere egon zen, sei bat urtean. Gerora, ordea, espetxeko zaintzaile ere izan zen Donostian.

Ezer gutxi dakit Iztuetari buruz. Ea Jose Garmendia Arruebarrenak argitaratu duen «Juan Ignazio Iztueta dantzarien maisua» liburua irakurriz zertxobait gehiago ikasten dudan. Euskaldun eta gipuzkoar naizenez ezezik urnietar naizenez ere beharturik bainago.
  Donostiako udalak
Agindurik bildu zituen
Iztuetak dantzak eta
Dantzarako doinuak,
Beren hitz neurtu edo
bertsoekin

Izan ere, Iztuetak Azpeitiko kartzelan Kontxesiri egindako kantua da nik ikasi nuen lehenengoetakoa. Saturrarango hondartzan eta haitzetan zenbat aldiz kantatu ote zigun Andoni Basterretxea irakasleak «Maite bat maitatzen dut»? Lehenengo andrea ere, urnietarra izan zuen Iztuetak: joakina Linzoain. Eta 74 urte zituela Seguran dantzak erakusten aritu zenean ere, Urnietako dantzari batek laguntzen zion Iztuetari.

Baina hori baino zor haundiagoak badizkiot Iztuetari euskaldun eta gipuzkoar naizenez. Zaldibiarrariari esker gorde dira dantza asko eta Zaldibiarrari esker dakizkigu Gipuzkoako historia eta ohitura asko ere.

Juan Inazio Iztuetak idatziak baitira «Gipuzkoako dantzak», «Gipuzkoak kondaira» eta abar. Hain zuzen ere -Donostian bizi baitzen aldi hartan, Antton Marketek orain arte izan duen ogasun alorreko karguren batean- Donostiako udalak agindurik bildu zituen dantzak eta dantzarako doinuak, beren hitz neurtu edo bertsoekin.
 
Horretaz gainera dantza-erakusle ere izan zenez, Iztuetak Jose Antonio Olanori eta honek Jose Lorenzo Pujanari irakatsiz, «Goizaldi» sortu zuen Kandido Pujanarenganaino heldu zen zaldibiarraren dantza-eskola.

Dantzari buruzko argibideak ezezik bertsolaritzari eta pelotari buruzkoak ere Juan Inazio Iztuetari zor dizkiogu. Baita gure herrietako plazetan egiten ziren zezen-festei buruzkoak ere.

Besteak beste, on egingo liguke Iztuetaren «Pillotariac» irakurtzeak, gaur Donostian jokatuko den Beloki eta Errandonearen arteko partiduaren aurretik. Gaur ezezik, orduan ere, gizonezkoak eta emakumezkoak, Lapurdik, Nafarroako eta nonnahiko euskaldunak biltzen baitziren pelotariak ikustera. Iztuetak kontatzen digunez, zaldi-karrerekin liluratzen dira ingelesak, euskaldunok, berriz, pelotarekin.
M. Atxaga