Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta
 

 

 
 FRANCISCO IGNACIO JAUREGI (1767-1829)
Iztueta zaldibiarraren zerik hain sarri erabiltzen zuela jakinik, aztertu beharra zegoen ea Jauregi era berean Zaldibian jaio eta hil (1767-1829) zenaren nolabaiteko antzik ere aurkitzen ote genion Lardizabali. Jauregi hau Jesu Kristo gure Jaunaren Galbarioko bidea, edo bere Pasio santuaz oroitzeko era egokia (Donostia 1844)110 liburuaren egile da; ezpairik gabe Lardizabalek ezagutu behar izan zuen.

Liburua txikia da, 44 orrialdekoa, erabiltzen dugun Euskal-Erria-ko edizioan 10etara ozta-ozta iritsirik, hain justu Galbarioko geraldi bakoitzean gogoeta labur bat egiteko adinakoa, baina badakigu hori ez zela eragozpena Lardizabalentzat. Begibistakoa da baduela Lardizabalekin alde handi bat: aditza Zaldibiakoa da, Iztuetak ere erabilia: zebanean, dabela; hau ez bezala, baina Lardizabal gutxi batzutan bai, gertaera fonetiko zenbaiten lekuko da: zaituran, dirazula, leialtare... (ik.5.3.1.12. atala). Eta nolabaiteko mailan aritzeko orduan ohi zuten bezala, Larramendiren zordun:

aldondu, argiroki, bidebagekiro, eranzunpidetu, gaiztratatu, goaia, gudagarri, gurutz-illtzatu, illtura edo tormentu, leialkiro, lotsabagekiro, miñaria edo penitenzia, oarrez ta artezaz, odolgirodi, oneski, seiadu edo sagradua...

Berehala, aipatu zenbait ezagunak egiten zaizkigu, baina ez da hortara mugatzen Lardizabalekin dituen antzekotasunen multzoa: DT-an erroa izan dezaketenen artean (ik. 5.2.1. atala) doatsuera eta leialkiro erabiltzen ditu, adibidez; bizkaierazkotzat jo litezkeen ezaugarrien artean (ik. 5.2.2. atala) Igarla edo Profetak, uri “hiri”, gitxi “gutxi”; Iztuetarengandikoak (ik. 5.2.3. atala): kaltarkitsu, lurpetu edo sepulturan sartu, triskillatu, zuaiz edo arbola111. Aldaera mailan badira oraingoz bietan bakarrik aurkitu ahal izan ditugunak: urruki (ik. TZ 1 106, 7. oh.), iritsi + iritxi, jatxi + jetsi (cf. 5.3.1.9. atala). Jauregik ere “X-ekin Y” erabiltzen du: Jesus onarekin bere Ama maitearen aldi onetako neke ta oñaze portitzak (cf. 5.3.4.5. atala). Jadanik aipatuak genituenen artean ez da garrantzi gutxienekoa behin eta berriz atera den bizkaieraranzko joera: gitxi eta uri-z gainera, txikar eta legerik bako ere baditu Jauregik, gutxienez. Aurreko oharrean idaroki ditugun Iztuetarekiko harreman itxura guztien arabera estuak ikergai izateak ez digu, beharbada, Lardizabalekikoa zeharo bazterrerazi behar.
Blanca Urgell
 ____________________________________________________
110 Eskura daukagun Euskal-Erria 1883a, 234-244ko edizioaz baliatu gara.

111 Ez guretzat zehazki, baina oro har interesgarriagoa da argiroki, bidebageriko eta gaiztratatu (cf.OEH) Iztueta eta biek bakarrik erabili zutela;baita oarrez eta artezaz ere, OEH-ren azalpenaren arabera irakurketa txar baten ondorio litekeena eta, hala balitz, kasualidade ezin izan zitekeena; hala nola Jauregiren zemaia edo kastigu, cf iztuetaren hiztegitxoko “Cemaitua,castigado” (Lardizabalek,ordea,zemaia edo amenaza  [ik.Tz I 196,15.oh.]). Gogora dezagun biak urte berean jaioak direla:izan ote zuen Iztueta aldrebes eta gorritzakoak Jauregi bezalako apaiz lagun bat? Galdera, noski, alderantziz ere berdin egin nezakeen.