Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta
 
 
 

Tere Irastortza Garmendia

 
JOSE GARMENDIA
TERE IRASTORZA (IDAZLEA, EIE-KO LEHENDAKARIA)

Goierriko Hitza 2005-1-23
Jose Garmendia Arruebarrenaren hiletak ospatu ziren Zaldibian, hil beltz honen 20an. Eskela batzuk eta ezagutzen zutenen estimazioaz haratago ez da oso ezagun egin Jose Garmendia euskal letretan. Arrazoiak, besteak beste, honakoak izan daitezke:

1.-Zaldibiako semea (1925ean jaio zen) Gasteiz eta Erroman ikasi ondoren, Idiazabalen apaiz urtebetez egon ondoren, Andaluzian bizi izan zen 36 urtez, jubilatu ondoren berriro Euskal Herrira etorri eta Donostian bizitzera itzuli arte. Euskal Herritik kanpo eman zituen, beraz, bere urterik kementsuenetakoak, eta Euskal Herria bezala Andaluzia ere beti bere bihotzean geratu da. Euskal Herriaz bezala asko ikertu eta argitaratu duelarik Andaluziari buruz.

2.-Euskal idazle batzuen eta euskaldunek Ameriketan utzitako arrastoen bila aritu zen artxibo-gizon eta historiagile genuen apez hau. Bere lana eta kemena besteen bizitzan argi egitera eskaini zuten ikerle horietakoa, inolaz.

Euskal idazleen artean Iztueta ikertu zuen gehien, nahiz eta Zaldibiako Lardizabal eta Jauregiren inguruan ere idatzi zuen. Iztuetaren kasuan, oso ezagun ez ziren haren olerki eta gutunak eman zituen argitara, baita Iztuetaren berri jaso ere bere ondorengoen eta senitartekoen paperen artean arakatuz. Horren lekukotasunak geratu dira Iztuetari buruzko bere bi libururik ezagunenetan:

Iztueta'ren olerkiak eta Obras ineditas de Iztueta liburuetan. Bukatzeko, han eta hemen, Diario Vasco eta La Voz de España-n emandako iritziak bildu eta borobildu zituen Zaldibiako  Iztueta Fundazioak, Alberdania argitaletxearekin argitaratu zuen Juan Ignazio Iztueta, Dantzarien Maisu. Miscelánea lanean.

Iztuetari buruz han-hemenka jasotako lanen aipamenak, ondo eginak, jasoak  izan ziren askoren  artean idatzi III. Gerriko Ikerlan-Sariketa irabazi zuen Juan Ignazio Iztueta Etxeberria (1767-1845) lanean. Goiherriko Euskal Eskola eta Maizpide Euskaltegiak argitara eman zuten liburua, eta goierritarrentzat eskura-erraza da.

Hara bada, nola Iztuetaren argi-ilunak aztertzeko emandako bidean, ikerlaria itzalean geratu izan den.

3.-Euskaldunek Ameriketarako izandako joeren berri ikertu zuen urtetan Sevillan Jose Garmendiak. Sevillako Indietako Artxiboa baitzegoen bertan. Jose Garmendiak diruen bideak, Euskal Herrian desagertuak ziren abizen euskaldunen lekukotasunak, Indiako Artxiboetan euskarak eta euskarazko dokumentuek egindako bideak aurkeztu zituen. Han eta hemen argitaratutako bere lan asko eta asko hainbat liburutan eman zuen argitara. Esate batera, Tomas Ruiz de Apodaca, un comerciante alaves con Indias eta Diccionario Biografico Vasco (Meritos, servicios y bienes de los vascos en elArchivo General de Indias) dira liburu gisara aurkeztutako lanak. Baina horiez gain asko dira hainbat aldizkaritan argitaratutako artikuluak. Aldizkariak hauek dira: Boletin de Estudios Historicos sobre San Sebastian, Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País, RIEV, Euskera, Santa Ana (Ordiziako urtekaria) eta Dos Hermanas (Sevillako herri horretako urtekaria).

4.-Euskalduna izan arren gazteleraz idatzi zuen ia beti Jose Garmendiak. Horretan gerra-aurreko euskaltzale askoren jarraitzaile izan zen. Gazteleraz idazteaz gain, euskara batuaren auzian ere euskalkien aldeko agertu zen, eta horrek ere, Euskal Herrian beti ALAkoak garenez, batua gailendu ahala euskalkia erabili zutenen lana gutxiestera  eraman gaituenez, Jose Garmendia ezezagun xamar izaten lagundu du, nahiz eta azken urteetan auzi hori gailendu eta hainbat elkartetatik omendu eta zoriondu egin ohi den euskararen alde aritu den oro. EIEk ere (Euskal Idazleen Elkarteak) eskaini zion omenaldia Jose Garmendiari eta bere garaiko beste hainbati, eta alde horretatik ere aipagarria da Zaldibiako Iztueta Fundazioak Jose Garmendiaren hainbat lan bilduz egindako artikulu-bilduma.

Arrazoi guztiongatik, ziurrenera, nahiko oharkabean pasa den ikerle handi bat ehortzi dugu Zaldibian. Auzoa nuelako agian, gaztetan liburuak ematen zizkidalako ere bai ziurrenera, Iztueta estimatzen lagundu zigulako eta beste gauza askorengatik ohoratzea merezi duen idazlea izan da Jose Garmendia. Bere hainbat eta hainbat artikulutan aipatu eta gogoratutako elizan agurtu eta euripean ehortzia izan zen Jose Garmendia. Amundarain bazterra hartu genuenean ez zen jada Biloreko kerik antzematen, eta burura etorri zitzaidan Jose Garmendiak Iztuetaren lan argitaragabeen hitzaurrean egindako Zaldibiako deskribapena: «Zaldibiara iritsi aurretik Amundarain erreka eta errepideak bat egiten dute batzuetan eta beste askotan elkarrengandik urruntzen dira». Hala ikertzaile eta ikertuaren bizi moduak, Iztueta eta Garmendiarenak; hala euskaldunen diasporakoak, Andaluzian edo Amerikan bizi eta sorterria goratuz eta gogoratuz, hala Iztuetarena eta Jose Garmendiarena. Goian bego.