Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta
 

ARRESE OTAMENDI familia

Liburuko fitxa jaitsi
pdf
 

MIELMAÑE kale etxea da, Goikokalekoa. Etxearen izena Mielmari etxejabearengandik datorkio. Baina antza denez, lehen Intxaurrondo izena omen zuen. Gaur egun berriz, Arrese jatetxea da.

Mielmari Arrese Olakorta baserriko alabarekin, Maria Salustianarekin, ezkondu zen eta lau seme izan zituzten: Bittorio, Julian, Ramon eta Joxe. Alargun geldituta, emazte zenaren ahizparekin ezkondu zen, Margarita Erauskinekin. Bigarren ezkontza horretatik zazpi seme-alaba izan zituzten: Jexuxa, Maria, Joxepa, Joxemari, Martin, Arantxa eta Ixiar.

 
  Jatetxearen iragarkia 1967ko festetako programan

Mielmañekoak maizterrak ziren. Jabea Hilario Mendizabal zen, Aztiakoa. 1949an egin ziren etxejabe, Joxe Mari semea, etxera ezkondu zenean.

Mielmarik, arotza izanik, baserrietako tresnak egiten zituen eta taberna ere bazuten, gaur egun Arrese jatetxea den leku berean. Semeek Fabrika Handian lan egiten zuten, nahiz eta Mielmañen aroztegia izan eta seme guztiak arotzak izan.

Etxetik lanera, Fabrika Handira, ordu erdiko bidea zeukan Joxe Marik, bizikletan.

Bertan hiru etxebizitza ziren 1960 aurretik. Errepublika garaian, gainera, bertan ziren Batzokia eta baita dantza eskola ere. Bertako seme-alaba asko dantzariak ziren, eta dantza egin zuten Iztuetari eskainitako omenaldian, 1976koan, eta azken aldiz, 1995ean egin zuten dantza Zaldibiko plazan.

Ama Margarita, hamaika neska-mutilen ama, Gerra Zibilean, 1936an, preso eduki zuten 30 egunez Ondarretako kartzelan, herritar baten salaketa faltsua bitarteko.

Bertako semea, Joxe Mari, eta Kontsuelo Otamendi 1949an ezkondu ziren. Kontsuelo Abaltzisketatik etorri zen, hango ostatukoa zen. Etxean egin zuten bazkaria eta Arantzura joan ziren bidaian, zortzi egunez. Guraso eta hiru anaia-arrebek osatzen zuten familiara ezkondu ziren. Lau seme-alaba izan zituzten: Marijose, Zeles, Joxe Ramon eta Xanti. Eta beraiek dira Arrese jatetxearen martxa daramatenak.

Informazio emailea: Kontsuelo Otamendi eta Mikel Arrese

 

MIELMARIENEA: ARRESE OTAMENDI FAMILIA

 

MIELMARIENEA, airetik ikusia

 

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Laguntzaileak:

orkli