BASERRIAK

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta
 

IRASTORTZA ARRUABARRENA familia

Liburuko fitxa jaitsi
pdf
Pasadizoak 

Jolasak eta jokuak

Palanka-tokia ere izango zen baina hor ez ziren bukatu jolas guztiak. 1930 inguruan sagardotegia ere bazuten eta baita sagardotegi barruan bolatokia ere. Pentsatu besterik ez dago zer lagunartea pasatzen zuten.

Arestian aipatutako osaba Ezkerra tratantea omen zen eta beraz salerosketarako trebea. Irurtzunen feriak garrantzi handikoak omen ziren eta ongi ezagutu ere bai. Bera zaldiz ibiltzen omen zen Aralartik.

Orduan ere gure herri honetan jokurako ohitura eta grina zen. Egunen batean Irurtzungo ferian diru mordoxka bat irabazten joango zen eta pena emango zion jokuan jarraitu ezkero dena galduko zuela, baina altxatzen eta joaten lanak izango zituen, ez zioten utzi nahiko eta. Orduan txapela azpian txanponak utzi eta komunera zihoala esanda atera omen zen eta zaldia hartu eta ospa egin omen zuen. Hala ere, bestelakoak ere, galdutakoak, alegia, izango zituen.

Informazio emailea: Felix Irastortza

 
 

IORTZA Elbarrena auzoko baserria da. Iortza Goikoaren behe aldean dago. Bere inguruko baso eta zelaien izenen artean dauzkagu Gorri, Zulota, Barruti, Olarrubi.

Baserritik errepide bitartean Amundarain ibaia pasatzen da. Oinez herriko plazatik ordu laurdenera dago eta lantegira hogeiren bat minutu edo behar da bizikletan. Garai batean Gaintzako bidea etxe ondotik pasatzen zen.

1902an ezkondu ziren Jose Frantzisko Irastortza eta Prantxika Oiharbide, Gaintzako Mendizabal Txikiko alaba. Zaldibin ezkondu eta etxean egin zuten otordua. Etxe-jabe dira Iortzakoak 1904az geroztik. Antza denez, baserria saltzera atera zenean anaiarik zaharrenak, maiorazkoak, ez zuen dirurik izango eta anaia gazteenak, Ezkerrak, erosiko zuen. Handik urte batzuetara ilobari salduko zion, Jose Frantzisko Irastortzari.

1880-1890 hamarkada inguruan Soro haundia erabiltzen omen zuen osaba Ezkerrak palanka jokurako. Palanka haiek harria zulatzeko erabiltzen ziren, baina baita herri-kirol gisara ere.

Baserria 1922an konpondu zuten eta konponketa hartan hazi ere egin zuten baserria. 1941ean ogia erretzeko labea egin zuten eta Felixek, semeak, hartu zuen ardura hori, gutxienez astean bitan ogia egitekoa, eta ardura horretan hamabi urtez jardun zuen.

1932an ezkondu ziren, batera, anaia-arrebak, Martin eta Prantxika. Biak Arantzazun eta otordua Bergaran. Martin, baserrirako geratu zena, Prantxika Arruabarrena Koaiko alabarekin ezkondu zen. Etxean ziren ama eta zazpi anaia-arreba, hauetatik bi bizi izan ziren baserrian hiru lau urtez, bat hamabost urtez eta bestea oraindaino.

Baserrian baziren sei edo zazpi behi eta laborea zuten artoa, garia, patata eta babarruna etxerako. Ordiziako ferian saltzen zituzten arrautzak, gazta eta esnea. Fabrikan ez zuen aurreko inork lan egin, baina gero denek egin zuten baserritik kanpo, baserrirako geratu zen Martinek salbu.

Familia honek urrutiko lotura du Argentinan bizi izan eta bizi diren senideekin. 1865-1870 bitartean joan ziren etxetik hamar senideetatik hiru anaia-arreba: Jose Frantzisko, Josefa Inazia eta Gregorio Mari, eta bertan gelditu. Zaharrena, Jose Frantzisko, bertan ezkondu zen Katalina Goñirekin, Argentinako familia oneko alaba bera eta ia Patagonia gehiena bereganatu omen zuen Jose Frantziskok. Baina gazterik hil zen. Bere anaia Gregorio Mari laster ezkondu omen zen koinata alargunarekin, baina antza denez, agintariekin sartu eztabaidatan eta gero dena galdu omen zuten.

Hurrena, 1902an joan ziren hurrengo hazaldian hamar senideetatik beste bi anaia-arreba, Joxe Antonio eta Frantziska Inazia. Nola joan gainera!! Gazte zirela, hogeita hamalau urtekoak, osaba-izebei laguntzera, hartu itsasontzia eta joan. Garai haietan ez omen ziren gizonezkoak bakarrik bidaltzen, gero etxeko kontuetan ez zirela moldatuko eta.

 

 

 

IRASTORTZA BEHEKOA, airetik ikusia

 

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Laguntzaileak:

orkli