Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta
 

Baserriaren arrastoa

idatzietan

Zelear, Zelaiederra izenez agertzen da 1783ko abenduaren 17an, Aralar eta Enerioko basoen ustiaketan aritzeko ahalagiria sinatu zuten baserrien artean. Ordezkari batekin agertzen da,

Informazio emailea: Hilario Nazabal

Liburuko fitxa jaitsi

pdf

 

NAZABAL MUJIKA  Familia

ZELAI EDER Urtsu-Errekako baserria da. Bere inguruko soro, zelai eta baso izenen artean daude: Zumai, Presalde, Itxuto,Txara eta Eustoa.

ZELEARko genealogia XVIII. mendeaz geroztik

Hilario Nazabal zenak Zelearko genealogia eta pasadizo hauek prestatuta utzi ditu, eta ezer asko aldatu gabe, txertatuko ditugu hemen.

Juan Antonio de Garmendia eta Maria Josefa de Muruak, Maria Josefa alaba izan zuten. Berau, Diego Ignacio de Nazavalekin ezkondu zen. Diego Ignacio de Nazaval kanpotik etorria izango zen Zelearrera eta Maria Josefa de Garmendiarekin ezkonduko zen, Zelearko alabarekin. 1787ko Konfirmazio agirietan goian aipatutakoen alaba bezala ageri da. 1844an hil zen.

Hauek izan ziren beraien seme-alabak eta jaiotze datak: Jose Frantzisko (1804-1-28), Maria Martina (1808-11-11), Maria Marina (1812-2-20), Josefa Esteban (1814-8-3) eta Maria Antonia (1817-1-18).

Anaia zaharrena geratu zen Zelearren. Eta handik sortu zen NAZABAL-MAIZ familia.

Jose Frantzisko Nazabal Garmendia Aralar mendian hil omen zen, San Migelera bere arreba bat bisitatzera zihoala, sabeleko minez edo. Zaldibiko erretorearen oso laguna omen zen. Apaiz hau nafarra zen eta asko joaten omen zen Zelearrera, Jose Frantzisko bisitatzera. Hilariok irizten zion, apaiza, Frantzisko Inazio Lardizabal ote zen.

Garaikideak ziren Frantzisko Inazio Lardizabal eta Jose Frantzisko Nazabal, eta Iztuetaren testamentuan ere agertzen da, lekuko, Lardizabalekin batera, Francisco de Nazaval, Zaldibikoa.

Jose Frantzisko Nazabal Garmendia Josefa Inazia Maizekin ezkondu zen. Orain deseginda dagoen Telleri inguruko baserriren batekoa omen zen Josefa Inazia. Zortzi seme-alaba izan zituzten. Seme zaharrena eta gazteenaren artean hogeita hamaika urteren aldea zegoen. Hauek dira beraien izenak eta jaiotze datak: Pedro Joxe (1839-9-11), Jose Frantzisko (1842-9-1), Jose Inazio Severo (1848- 11-7) Errenterian istripu batean hil zena, harrobiren batean izandako eztandaren batean. Ezkongabea. Maria Martina Dominika (1852-5-12), Pedro Antonio (1855-6-16), Frantziska Inazia (1837-9-11), Joxe Migel (1858-3-5), Hilario Nazabalen aita, eta Joxe Domingo (1860-8-5).

Frantziska Inazia eta Maria Martinaren berririk ez zuen jaso ahal izan Hilariok. Pedro Antonio, Jose Inazio eta Joxe Migel, Leon probintziako Barruelos herriko meatzetara joan omen ziren lanera. Pedro Antonio tifusekin hil zela zabaldu omen zen, baina izan, Barruelos delako herrian jokuan ari zirela hil omen zuen gizon batek. Etxera itzuli aurretik beste bi anaiak hilabete batean arrautza egosiak janez egon omen ziren, etxera itzultzean itxura ona ekarri nahiz.

Joxe Migel, Hilarioren aittaune, 28 urte zituela ezkondu zen Gorostazuko Maria Juana Garmendiarekin. Honek hogei urte omen zituen, 1886ko irailaren 25 hartan.

Pedro Joxe etxean geratu omen zen eta oso gizena omen zen. Hil zenean, zerraldoan ezin sartu adinekoa. Behiak eraman omen zituen Lizarrara, karlisten gudarako. Obretako kontratista ere bazen, Mamuneko Mendizabaldar hiru anaiekin batera. Zaldibitik Ordiziarako bidea eta Orendaindik Abaltzisketara doazen bideak ere hauek egin omen zituzten. Eskolarik ez eta Diputaziokoren batek egiten omen zizkion paper lanak. Hilariok, broman, esan ohi zuen, sasiplanifikatzaileak izango zirela, hainbeste errebueltarekin egin zutenez bidea.

Pedro Joxe Nazabal Maria Antonia Mendizabalekin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituzten: Jose Frantzisko, Jose Inazio (Joxixio), Joxe Migel, Mateo eta Dolores.

Jose Frantzisko Ordiziara ezkondu zen eta limoneri negozio famatua sortu zuen. Isaac-en aita zen, gero negozioari jarraipena eman zionarena.

Jose Inaziori, Joxixiori, maiorazko izatea egokitzen omen zitzaion. Joxe Migelek ordea, Zaldibiko sekretarioarekin hitz egin eta Santa Agedarako bideak egin omen zizkion. Han hil omen zen. Gorputzez oso indartsua omen zen, baina ez talentuz.

Joxe Migel geratu zen, beraz, etxean. Gizon plantoxoa omen zen, dotorea eta bere burua ondo azaltzen zekiena.

Mateo, anaia gazteena, Ameriketara joan omen zen. Zahartuta hil omen zen eta Isaac-en arrebari utzi omen zizkion Ameriketako ondasunak.

Dolores Zaldibira ezkondu omen zen. Gerora, bere alaba, Elizegirekin ezkonduko zen.

Joxe Migel Maria Bautista Amundarainekin ezkondu omen zen. Azken hau Lazkaotik etorria. Hauek izan ziren beraien seme-alabak: Eulogio (1909-1-21), Joxe Antonio (gerran galdua), Hilario, bertso zaletua eta informazio hau helarazi diguna, Jobita, Mamunen bizi dena, Mariana, monja dagoena, Leandra, Julia, Donostian bizi dena, eta Lutxi Ormaiztegira joana.

Eulogio Nazabal eta Maria Irazustabarrena Zaldibin ezkondu ziren 1939ko azaroaren 30ean, eta Juan Kruzenean, egun Joxepa tabernan, egin zuten otordua eta bidaia Zaragozara. Maria Zaldibiko Otsaitzatik etorri zen Zelearrera. Bi seme-alaba izan zituzten: Joxe Migel eta Maria Dolores.

Nazabal-Mujika familian berriz, Kontxi Mujika, Asteasuko Ikili Sagasta baserritik etorri zen Zelearrera. 1973an ezkondu ziren Zizurkilen eta otordua Ataunen egin zuten, Bittor jatetxean, eta ezkontza-bidaia berriz, Kanarietara, Madril eta Bartzelonara. Bi seme-alaba izan zituzten: Larraitz eta Joseba.

Baserrian konponketak 1950 eta 1970ean egin zituzten. 1950eko aldian komuna eta 1970ean ukuilua eta sukaldea. Aita-amekin eta senide batekin bizi izan dira.

Baserriko bizimoduan ganadua garrantzizkoa zen. Hamabiren bat buru guztira. 1930-35 inguruan Eulogio (aitak) zezena ere jarri zuen eta Zaldibiko baserritar guztiak ekartzen zituzten behiak ernaltzera. Noski, Diputazioaren zaintzapean, berak ematen baitzien fitxa eta “pedigria” eta Diputazioari ordaindu egin behar zitzaion, zerbait, behi bakoitzeko. Noski, ernaltzen ez zen behia berriz ekarri egiten zuten eta ez zioten bigarren aldiz kobratzen. Diputazioak bere aldetik, behartzen zituzten hainbat feria eta lehiaketetara eramatera. Eta horrela, hogeita hamarren bat urte pasako ziren, gutxi gora behera.

Zaldibin eta Ordizian saltzen zuten bai artoa eta garia eta baita txerriak, sagarra eta arrautzak ere. Sagar asko zuten eta sagardoa egiten zuten, lauzpabost mila litro, eta botiletan sartuta saltzen zuten.

Hala ere, arrebak fabrikan lan egin zuen eta oso garaiz hasi zen. 1925-30 inguruan etxe aurreko errekan, Urtsu-Errekan, Eulogio aitak eta Hilariok Biandetxe harginarekin presa egin eta turbina ere jarri zuten. Eta bederatzi baserrik egunean ordubeteko argia izaten zuten. Hala izan zen berrogeita hamar urtez, gutxi gora behera.

ZELAI EDER: NAZABAL MUJIKA FAMILIA

 

ZELAI EDER, airetik ikusi

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Laguntzaileak:

orkli