Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Izarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra Gaituta
 

 

pdf
Klasiko bitxi , arront klasiko 

PAMILEA

31. Meagher aitaren euskal bertsoak (1703-1772)

Benetan aunitzak izan dira euskaldunen eitea deskribatzeko ediren daitezkeen aipamenak edota deskribapen bitxi zein irudimen sukarrezkoak baina historia ofizialerat oso-osorik pasatu direnak. Oroit bedi bestenaz eta eredu gisa besterik ez Aimeryc Picaud beilari frantsak XII. mendean ondu Codex Calixtinus gidan zekarrena:

«Si illos comedere videre canibus edentibus vel porcis eos computares».

Alabaina, eta ene idurikoz, zerbait bada euskaldunen azalgarri, zurrut egiteko gustu mina litzateke, eta Voltairek dantza zela-eta Euskal Herriaz esan zuenari jarraikiz, aisa esan genezake euskalduna Pirinio bortuetako hegietan edaten duen herria dela, bai ondikotz! Halere bada horrelako ospea bereganaturik duen herriren bat edo beste, esaterako herri zeltak, eta hauen artean irlandarrak. Beraz zer gerta liteke bilbe biak pertsona berean batzekotan? Eta lortu horri apez izatea gehitzen badiogu? Alta hori da gaurkoan plazaratzen duguna, Domingo Patrizio Meagher lagundiko aita alegia.

Patrizio Meagher izeneko merkatari irlandarrak Donostian ezarri zuen bere egoitza XVII. menden. Horrelakoak arruntak izan ohi ziren gure historian zehar. Ezin da ahantzi Europako kontrarreformaren gune garrantzitsuenen artean Espainia eta Irlanda zeudela, kristau katoliko sutsuak. Eireko historia galtzaileen historia dugu, euskaldunena legez. Betiere alde okerrean egon dira, Enrike VIII.a, Estuardo edo Jakobo erregeen alde Cromwell edo Orangeen aitzi zeharo garaituak izateko. Ez horretan soilik euskaldunen mirail ditugu hirustaren seme-alabak. Garai batean euskara eta gaelikoa etorki berekoak zirelako ustean zeuden ikerlari bat baino haboro, eta, kasuren batean euskaldunak bezala aitonen seme-alaba izateko irlandar izaera erakustea nahikoa zela aldarrikatzera ere iritsi ziren.

Jose Manterola Beldarrainek 1878. urtean Donostiako Juan Osesen moldiztegian argitara eman zuen bere Cancionero Vasco: poesías en lengua euskara reunidas en colección, ordenadas en series, y acompañadas de traducciones castellanas, juicios críticos, noticias bibliográficas de los diversos autores y observaciones filológicas y gramaticales izenburu luze samarreko idazkiaren hirugarren liburukiaren lehenbiziko sailean, hau da, Poesías festiluas y satíricas deiturikoan, gure lagundiko apezaren berri ematen digu, hagitz naroki ez izan arren. Bertan 1870. urtean Tolosan eta Modesto Gorosabel etxean egile izenik gabe agerturiko. Vida de algunos preclaros varones guipuzcoanos de la compañía de Jesús lan adimentsutik datuak xurgatu izana onartzen zuen Donostiako bibliotekariak. Bestalde, Manterolak baino lehen, Meagherri buruzko datu bakar bat eskaini gabe izanik ere, josulagunaren euskal bertsoak jaso zituen beste bat Iztueta izan zen. Zaldibiakoak, dantzen liburuan, Meagherren 10 bertso eskaini zizkigun, doinu bilduman haien musika eman zuen bitartean. Gipuzkoako kondairaren idazkian ere Meagherren bertso ekarria aipagai izan zuen Iztuetak.

Domingo Meagher Donostian sortu zen 1703. urteko epailaren 17an, eta hamalau urte zituela bere anaia zen Danielekin Jesusen Lagundian sartu zen, urriaren 14an hain zuzen ere. 1736. urtean profesioa egin zuen Donostian bertan, Filosofia katedratikoa izan zen Compostelan, eta Teologiazko irakaslearitu zen Valladoliden eta Salamancan. Lan ugari izkiriatu omen zituen, hala nola, Valladoliden egin zen San Luis Gonzaga eta San Estanislao Kotskakoaren kanonizaziorako olerkiak, Isla aitak ondu frai Gerundio Campazaskoari buruzko olerki satirikoak, edota 1760 eta 1761. urteetan Frantzian lagundikoen aurka agertu ziren liburuei iruzkinak; alabaina paper ugari galdutzat jo beharko da lagundikoen kanporaketaren ondorioz. Horixe gauzatu zenean, 1767. urtean, Florentziarako bideari eutsi zion, bertan 1772. urtean hil zela.

Euskaraz poliki zekien, eta 1902. urteko Euskalerria aldizkariaren bigarren zenbakian irakur daitekeen artikuluxka batean agertzen den bezala Donostiako etxeko lekaide guziak Italiara joateko itsasontziaren zain zeudelarik, atsekabeak jota, malko negarbizi batean itota, gure Txominek gurutzea eskuetan harturik, hain prediku ederra egin zien euskaraz, ezen isilune artega astunak hori zeuden pertsonak oro garaitu zituen.

Ez da ezaguna xahutu idazkien artean euskal idazkirik ote zenetz, ezta egotekotan horren gai zehatzik ere, eta egun dugun aztarna bakarra Manterolak jaso bertsoak ditugu. Horiexek biziki eri zegoelarik izkiriatu omen zituen, sendagileak nonbait bere gaitza arintzeko aitzakiaz eman zion osagarriri esker onez. Izan ere ardoaren gorazarre eta laudorioz sorturiko bi olerki baitira. Bata zortziko txiki eder bat, gizona berpizteko ardoaren boterea lausengarri:

«Gizon bat ardo gabe

Dago erdi hila

Marmar dabiltzak tripak

Ardoaren bila

Baina edan ezkero

Ardoa txit ongi

Gizonik txatarrenak

Balio ditu bi»

Bestea hamar ahapaldiko ardoaren omenezko gorespen irmoa:

<<Ni naiz txit gauza gozoa

Eta pozkida osoa

Beltza naiz eta zuria

Iluna eta argia

Indarra det eta garboa

Eta izena det ardoa

Edari maitagarria

Tristearen alegria

Dezu alaitzen begia

Kentzen melankolia

Mutuba ipintzen kantari

Eta errena dantzari

Jateko ez dago gogorik

Eta ezin egin lorik

Eritasun oben

Edo beste edozeñen

Kuratzeko balsamoa

Da mahats onaren zumoa

Ardoa eranik neurriz

Behin hila pizten du berriz

Baina bada hasitzen

Belaunak limuritzen

Ez da gauza onik orduan

Eta irakiten buruban>>

 

_________________________________________

*1995.6.9

Laguntzaileak:

orkli