Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 

GARMENDIA TOLOSA familia

Liburuko fitxa jaitsi 
 pdf
 

BIOK BAT kale-etxea da, Ordizia alderako herri irteeran dagoena, Martiñagotzaneko zubia pasa eta ezkerrera.

Migel Mari Garmendia eta Joxepa Goena 1920an ezkondu ziren Zaldibin. Migel Mari Aistrangoena baserrikoa zen eta Joxepa Aierdikoa. Ezkondu eta kalean, Goiko-etxen, jarri ziren bizitzen. Etxe honetan jaioak dira seme-alaba guztiak: Joxe, Remigia, Kontxita, Martin, Jexuxa eta Maritxo. Gero, gerra ondorenean, Elosegiene etxera aldatu ziren.

Goiko-etxe. Lehen gerratean (1914-1918koan) frantsesen bat etorri omen zen Zaldibira eta tela makinaren batekin ekingo zion bizimoduari. Nahi bezain ondo ez zitzaion aterako eta utzi egingo zuen. Une horretan Mariaundik eta Don Migelek erosi omen zioten terrenoa eta haren borda edo txabola frantses horri. Don Migel hori apaiz ataundarra zen, Iturtxokoa, eta Lizarragako Sukia kardenalaren osaba. 1918an etorri zen Zaldibira eta hemen egin zituen urteetan Mariaundi eta Joxepa ahizpek zaindu zuten. Gero Baliarraina bidali zuten apaiz, eta Joxepa ere berarekin joan zen.

Zubitako Migel Antonio harginak egin omen zuen Goiko-etxe, Ataundik ekarritako harriekin. Migel Mari ere hargina zen, baina Itsasondoko harrobi edo tunelean arbela ateratzen ibili zen eta ondoren Fabrika Handian urte batzuetan.

Lurra bereganatu zutenean etxea eraikitzea pentsatu omen zuten; batetik, Don Migelek bere zahartzaroa pasatzeko, eta bestetik, Mariaundik bere familiako anaientzat bizitokia jartzeko. Eta halaxe izan zen, zeren eta Mariaundiren anaiak, Migel Mari eta Joxe Ramon, bertara ezkondu baitziren.

1930 inguruan, berriz, Don Migelek eta Mariaundik Elosegiene erosi omen zuten eta baita negozio-bide berriak jarri ere: denda, barberia, jostundegia..., eta bizi ere han bizi izan ziren.

Eskolara oinez joaten ziren, Elosegienetik bost minutura edo zegoen. Kaskatxuri deitzen zioten maisua zuten eta erregelarekin konpasa eramanez Cara al Sol kantarazten zien egunero eskolara sartzean. Igandeetan, berriz, hamarretakoa eraman eskolara eta ilaran joaten ziren txintxo-txintxo elizara, Meza Nagusira.

Hurrengo belaunaldian, Migel Mari eta Joxeparen seme Martin Garmendia Goena 1957an ezkondu zen Ugarten, Amezketan, Bedaioko Sagoberri baserriko Maria Dolores Tolosarekin. Otordua Alegiko Errotan egin zuten eta ezkontza-bidaian Iruñean eta Zaragozan ibili ziren. Aurrena Goiko-etxen jarri ziren bizi izaten eta handik Biok bat etxera joan ziren.

Egun horretan hiru bikote ezkondu ziren elkarrekin (tartean bi ahizpa eta bi anaia). Iruñeko taberna batean bapo afaldu eta ohera, eta hurrengo goizean konfesatzera joan omen ziren.

Martinek Fabrika Handian egin zuen lan, 14 urterekin hasita, eta bizikletan joaten zen, eta egun askotan neguan oinez joan behar izaten zuten, bazkaria hartuta. Baina 13 urterako morroi joana zen, etxean jateko bat gutxiago izateko.

Martinek eta Doloresek hiru seme-alaba izan zituzten: Patxi, Maria Jose eta Nekane.

Informazio emailea: Martin Garmendia

 

 

BIOK BAT

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Laguntzaileak:

orkli