Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 
benta berri 

urtsu erreka

 GURRUTXAGA ZENDOIA Familia

benta berri
Liburuko fitxa jaitsi
pdf
 

BENTA BERRI etxea Urtsu-Erreka auzoan kokatuta dago.

Joxe Martin Gurrutxaga Irastortza zaldibiarra eta Iñaxi Zendoia Arin 1940an ezkondu ziren Amasan. Iñaxi Amasako Urruzti baserriko alaba zen. Joxe Martin artzaina zen, eta negu garaian, bolada batean, Amasako baserri horretara joan izan zen. Handik etorri zen elkarren ezagutza. Sei seme-alaba izan zituzten: lehen hirurak –Maria Axun, Joxemiel eta Pedro Mari– Amasan jaio ziren, eta beste hirurak –Martin, Nieves eta Jexux– Zaldibian.

Amasatik Zaldibira etorri zen familia, eta Benta Berrin jarri ziren bizi izaten, maizter. Juan Joxe Gurrutxaga ‘Teleitxo’ –Joxe Martinen iloba– zen etxeko jabe. Ardiaren inguruan eratzen zen familia honen bizimodua. Joxe Martinek 150 buru inguruko artaldea gobernatzen zuen. Seme-alaba guztiak, hala ere, oso gazterik hasi ziren lanean.

Udaberrian, apirilaren azken aldean igo ohi zuten artaldea mendira, herri-bidetik. Familia osoa ekainetik irailera izaten zen Aralarko Mendibilgo saroian. Behorrarekin igotzen zuten janaria, bi orduko bidea eginda. Artaldeak Lapata eta Martxabaleta izeneko eremuetan zuen larrea, eta ura Napar iturrin edaten zuen. Familiarentzat, berriz, Ondarretik ekartzen zuten ura, egunean bi aldiz, hamar minutuko bidea eginez.

Mendian gazta egiten zuten. Egunean gazta bat edo bi, kilotik bi kilo bitartekoak. Eta saldu txabolan bertan –mendizaleei asko– edo enkarguz saltzen zuten. Gazta egin eta hilabetean ontzen uzten zen. Gazta ketzeko haltza berdea erabiltzen zuten. Sua egin, eta haren kea emanez egiten zitzaion kolore gorrizta gaztari.

Honelakoa zen gazta egiteko prozesua. Ardiak jetzi ondoren, aurrena esnea garbitu edo iragazi egin behar izaten zen; horretarako osinak (asunak) bildu, eta denak norabide berean josten zituzten. Osin sortan geratzen ziren ileak eta zikin guztiak.

Esnea baño marian berotu eta zaindu ondoren, gatzagia nahasten zioten. Gatzagia etxeko arkumearena izaten zen. Arkumeak amaren esnearekin eta artirinarekin hazitakoak ziren. Ondo gogortutakoan nahastu eta matoia egiten zen, eskuekin poliki-poliki nahastuz. Ondoren zumitzean jarri eta eskuekin poliki-poliki zapaltzen zuten, harik eta gatzura erabat kendu arte. Gutxi gora behera ordubete-edo behar izaten zen.

Gazta ez ezik, jantziak ere egiten zituzten artilearekin. Horretarako zenbait ardiren ile gozo eta lixoa erabiltzen zuten. Ilea garbitu eta kardatu ondoren, aitak haria egiten zuen, eta amak galtzerdiak eta jertseak. Familian jantzi horiek erabiltzen ziren. Koltxoietarako ere erabiltzen zen artilea.

Arkumeak ere saltzen zituzten Ordizian. Saldu ezean, berriz ekartzen zituzten. Artaldeaz gain, oiloak eta txerriak ere bazituzten.

Ohikoa zen edozein egunetan goizean goiz, egunsentian jaikitzea, ardiak bildu, jetzi, larrera eraman eta gazta egitea, eta ondoren, gosaltzea. Gosaldu ondoren bazkaria prestatu, jan eta siesta egin ondoren, arratsaldean eginkizun berberak errepikatzen ziren.

Inguruko saroietako –Esnaurreta, Arrantsao eta Intxintxao– artzainak elkartu egiten ziren, eta elkarri laguntzen aritzen ziren hainbat zereginetan. Abuztuan, Igaratzan egiten zuten festa. Garairik gogorrenak udaberrikoak izaten ziren, elurra, hotza eta bustia izaten zelako, eta unerik gozoenak abuztu eta irailekoak.

Menditik urriaren azkenean jaisten ziren. Barrutia Goierrin zuten, Zaldibia, Gabiria eta Lazkao artean. Gabiriako Olazabal baserrian egonak dira, Lazkaomendin Iztueta baserrian ere bai, eta baita Zaldibiko beste baserri batzuetan ere.

Arkumeak otsailean hasten ziren jaiotzen, baina batez ere martxorako, San Josetarako. Esnea herrian bertan saltzen zieten herritarrei eta baita arkumeak ere enkarguz, bai herrian bertan eta baita Ordizian ere. Neguko unerik gogorrenak arkumeak jaiotzen zirenean izaten ziren, makina bat gau galdu behar izaten baitzen.

Informazio emailea: Martin Gurrutxaga


 

BENTA BERRI

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Laguntzaileak:

orkli