Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 

SUKIA ARRUABARRENA familia

Liburuko fitxa jaitsi    
pdf    

AUNTXITA baserrian bizi izan ziren lau familetako bat zen Sukia-Arruabarrena familia. Izengoitiz, Belarrimotxa. Dirudienez, bertako Pedro Migel aitonari txerri batek jan zion belarria, txerramak umeak egin eta haiek zaintzen ari zen batean.

Baserria Arkaka bidean dago. Oinez, herriko plazatik ordu erdira.

1920an ezkondu ziren Jose Antonio Sukia eta Josefa Mari Arruabarrena, Zaldibiko Olalde baserritik etorria. Zaldibin ezkondu eta etxean egin omen zuten otordua. Ezkondu zirenean, aita-amak eta sei anaia-arreba bizi ziren baserrian.

1942an egin zituzten konponketak Sukia Arruabarrena familiakoek, eta orduan berritu zuten ukuilua.

    autobus etxabe
    Zaldibiko festetako programan 1967koan, argitaratua

Artzainak ziren eta etxetik kanpo senide bakarrak lan egiten zuen, Martinaotzanen. Artaldea bazen berrogeita hamar burukoa. Soroan laboreak egiten omen zituzten: garia, artoa, babarrunak… eta Ordiziako ferian saldu. Ama Josefa Marik 1935ean pareteko erlojua erosi omen zuen Ordizian txerrikumea salduta jasotako diruarekin.

Bederatzi seme-alaba izan zituzten: Joxe, Bixente, Prontxio, Pello, Joanito, Maria, Fermina, Filomena eta Rosario.

Seme-alabetatik Bixentek lan egiten zuen Fabrika Handian, 1942az geroztik. Bixente zapatari eta barbero ere izan zen Zaldibin eta Pellok, berriz, etxekoneko Ramon Etxaberekin batera, Zaldibiko autobusen konpainia sortu zuen: Autobuses Etxabe. Kobradore lanean ibili zen urte askoan.

Pasadizoak 

Joanito semea oso bromosoa zen eta makina bat pasadizo badira haren inguruan.

Artasoroan txintxarri joka

Etxeko zelaian behorra ibiltzen omen zuten txintxarriarekin eta, hala moduzko itxiturak izaki, edozein momentutan etxekonekoaren soro eta zelaietara sartzen omen zen. Iluntze batean, Joanitok hartu du behorraren txintxarria eta joan da Teleiko artasorora, eta, behorra balitz bezala, hasi da txintxarri joka. Teleikoak, paola hartuta atera dira artasorora, jenio bizian. Baina Joanitok paolaren argitan ikusi egiten nondik zetozen eta artasoroaren beste aldera joaten, eta hala ibili omen zen luzaroan.

Esku-arrantzan larri

1948an jantzi ditu Joanitok soldadu jantziak eta eman dio alto errekan amuarrainak eskuz harrapatzen ari zen koadrilari, urrutitik hoska salatuz. Haiek pasa omen zuten estutasuna Zubitako ganbaran gorde zirenean.

Elizakoak eramatera

Gaixo zegoenari elizakoak eramateko ohitura zen txintxarria astinduz. Hotsa aditu orduko belaunikatu egin behar zen pasatzerakoan eta gainera elizakoa eramandako etxera joateko ohitura zuten auzokoek. Behin batean, Joanito jantzi da akolito eta pasatu da gauez Konportatik eta Auntxitatik Lazkaoetxera. Ingurukoak joan dira ziztu batean Lazkaoetxera eta haiek, berriz, han ez zegoela inor gaixorik. Eta pozik gainera, hala zelako!

Behia zirikatzen

Ukuiluan ohol zaztarren batekin eginda izango zituzten itxiturak eta, behin etorri zaio aldameneko etxekoandreari ahizpa gaztea bisitan. Oso lanpetuta ibiliko zen eta eskatu dio ahizpa gaztea horri behia jeztera joateko. Joan da ahizpa ukuilura eta hasi da behia jezten. Baina Joanito inguruan ibiliko zen eta konturatu zenean neska horrek behia jetzi eta esne-pertza erdi beteta zuela, akuilatu du behia eta han doa pertza esne eta guzti lurrera. Berriz hasi eta berdin eta, joan da neska hori ahizparengana zer gertatzen zaion esatera . Baina, neska , zer dion ? Behi oso-oso mantsoa den eta –esaten omen zion ahizpak –. Neronek jezten dinat egunero eta. Joan dira bi ahizpak eta hasi da etxekoandre hori gozo- gozo behia jezten, eta pertza erdi beteta zuenean, zirikatu du Joanitok behia eta ostikadarekin berriz ere han doaz pertzak eta esneak denak lurrera.

ANTSUSIETA: SUKIA ARRUABARRENA FAMILIA

 

ANTSUSIETA, Airetik ikusia

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.</p