Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 
arretxe

ETXEBERRIA ARRESE familia

Liburuko fitxa jaitsi 
 pdf

 

ARRETXE bi solairuko kale-etxea da, Etxeberria Sukia eta Etxeberria Arrese familien sorlekua, Bekokalen kokatua.

Joxe Mari Etxeberria Izar baserrikoak erosi zuen, Joxepa Sukia Auntxita baserrikoarekin ezkondu zenean, 1920ko hamarkadan. Ordutik, kale-baserria izan zen 1960ko hamarkada arte, etxean konpontze eta berritze lanak egin ziren arte. Etxeak, beheko lokal batean, bizikleta tailerra ere eduki zuen “Pontzion alkilerra” deitzen zitzaiona, eta 1980ko hamarkada bitarte iraun zuen zabalik.

Alargunak ziren Joxepa eta Joxemari ezkondu zirenean. Joxeparen lehen senarra Domingo Jauregi izan zen, eta ezkontza hartatik bi seme zituen: Aureliano eta Pontzio; eta Joxemarik berriz, seme bat: Joxe “Kaxuela”. Aureliano, seme zaharrena, maisu ikasitakoa, gerra zibilean zauritu eta hil zen; Pontzio, berriz, matrimonio berritik sortutako bi anaiekin bizi izan zen: Manuel eta Antoniorekin.

Joxemari Etxeberria, aitona, hargina zen ofizioz, baina, Arkakatik aurrera ura jaiotzen den lekuan, kanala zainduz eta saskiak eginez ateratzen zuen bizimodua; Aralarren zaldi eta behorrak ere hazten zituen. Joxepa, amona, kale-baserriaz eta familiaz arduratzen zen, txerria eta oiloak haziz eta baratzean lan eginez.

Prudentzio Jauregi “Pontzio”, semea, fabrikan eta obretan ibili zen lanean bizikletak konpondu eta alokatzeko lokala jarri zuen arte, Arretxen bertan. Tertulia ugariren lekuko ere izan zen leku hura, makina bat herritar biltzen zen bertan, kirolaz eta beste hamaika mila konturen bueltan hitzaspertuak egiteko.

Manuel Etxeberria, semea, apaiz egin zen eta 1950eko hamarkadan Ekuadorreko “Los Rios” zonaldean misiolari jardun zuen, istripu larri batek herrira itzularazi zuen arte. Diman (Bizkaia), Zaldibin, Ataun San Gregorion eta Beasaingo zahar etxean apaiz lanak egin zituen. Oso jendekikoa, zahar eta gaixoenganako hurbiltasun handia erakutsi zuen eta horrek oso estimatu egin zuen herrian. Ez zituen, ordea, denak aldeko, abertzalea eta euskal kulturaren bultzatzaile sutsua izanik, txistulari taldea sortu eta mendizaletasuna bultzatu zuen gazteen artean eta horrek arazoak sortu zizkion garaiko agintarien aldetik. Eskulangile aparta izanik, erloju eta piano konpontzailea ere izan zen. 1992an hil zen 70 urterekin.

Antonio Etxeberria, seme gazteena, Mielmañeko Arantxa Arreserekin ezkondu zen 1955ean. Ezkontza-bidaia Bilbora egin zuten eta Arretxeko bigarren solairuan jarri ziren bizitzen. Antoniok Beasaingo Gipuzcoano banketxean lan egin zuen, bertarainoko joan-etorria bizikletaz hasierako urteetan eta gerora moto txikian egiten zuelarik. Arantxa, ezkondu aurretik Ordiziako lantegi batean ibilitakoa, etxeko lanez arduratu zen.

Bi alaba izan zituzten: Mila eta Malores. Biak etxean jaio ziren herriko praktikanteak lagunduta. Herriko eskolan ikasi zuten hamabi bat urtera arte, gero Beasaingo Alkartasuna ikastola sortu berrian, ondoren Beasaingo Institutuan eta handik Donostiara joan ziren, Unibertsitatera. Franco-ren azken urteak ziren, eta aita Antonio preso hartu eta Espainiako kartzeletan izan zuten lau urte luzez (1972-1976). Aitaren faltan, amak lana gogor egin behar izan zuen etxekoen laguntzarekin, eta etxean bertan aritu zen herriko enpresa gizon batek eskaini zion egur lana egiten. Herritarren eskuzabaltasuna ere handia izan zen, espetxerainoko joan etorrietan eta bestelako zeregin batzuetan laguntza emateko pertsona ugari eskaini zelako.

1990eko hamarkadan Arretxe hutsik geratu zen, Aztia Berriko etxera joan zirelako aita-amak bizitzera. Baina 2009an etxea barrutik guztiz berritu eta familiaren jabetzakoa izaten jarraitzen du gaur egun.

 
Pasadizoak 

Koltxoia jotzen
Alabak gogoratzen dira, txikitan, herriko errepidetik kotxe gutxi pasatzen zela, eta ama Arantxa etxe atariko espaloian nola aritzen zen koltxoia jotzen. Garai hartako koltxoiak, artilez eginak izaki, urtean behin edo, jo egin behar izaten ziren artilea harrotzeko eta aireatzeko. Hurritz makila batez jo eta jo aritu behar zen lan horretan, harik eta ile guztia harrotu arte. Makilaz gain, eskuz ere aritzen ziren, ama makilaz eta
alabak eskuz. Bukatutakoan, tela barruan ilea sartu eta, gau batzuetan behintzat, ohe handitan egiten zuten lo.

Pontzioren “Jaunak esanak”
“Pontzio filosofo bat zen”. Hala zioen Miel Armendariz herritarrak, ikasketarik gabea izateko bera adineko filosoforik ez omen zuen ezagutu berak, eta honela gogoratzen ditu pasarte batzuk:
*Inuxente egun batez, pezetako bilete bat jarri omen zuen etxe aurreko espaloian ikusten ez zen pita batekin lotuta herriko dirudun edo jauntxoa zetorrenerako. Gizona iritsi eta dirua ikustean, hartzera makurtu baina biletea gero eta urrutiago. Konturatu zenean haserre omen zen diruduna eta Pontziok horrela esan omen zion: “Aaaaa! Etzak hiri re dirue bate gustatzen,e!” *Erlijioa zela eta, anaia Manuelekin izaten omen zituen eztabaida bat baino gehiago: infernua, purgatorioa… Eta maitasunaren inguruan ere bazuen pasadizo polita. Sagar biltzen ari omen zen anaia Antoniorekin. Eta azpialdean, saskia hartuta, Antonioren emaztea omen zebilen. Pontziok honela kontatzen omen zuen: “Gero esango die maitasune danontzat berdin behar dala. Nik esangoiat maitasune zer dan! Anaia eta biok sagar biltzen arbolan ta nire anaiei esatentzioan andrek: Antonio, kontuz ibili zaiz gero,e! Adar hoi eztakit oso seguro ote daun! Ta nei ba al dakik ze esatentzian? Pontzio, puntan han beste bat badau ba… Maitasune, hoi dek maitasune!” *Aipatzekoa da Pontziok zuen kirol zaletasuna. Boxeoa asko gustatzen zitzaion, pilota ere bai, baina gustukoena txirrindularitza zuen. Proba guztiak jarraitzen zituen, irratiz, egunkarietan eta telebistaz ere bai. Egunkariak goitik behera irakurtzeaz gain, egunkari zatiak gordetzen zituen. Bere harrokeriatako bat zen tabernan edo lagunartean sortzen ziren eztabaidetan arrazoia ateratzea eta frogatzea. Zein urtetan irabazi zuen halakok, noiz jaio zen eta non beste halako ziklista…Makina bat aldiz tabernatik etxera joan eta bueltatuko zen tabernara egunkari zati hori batekin: “Ikuste al dek?... Jaunak esana”.
*Mendia zuen oso maite Pontziok. Aralarrera maiz joaten zen eta Unako putzutik aurrera oin-hutsik ibiltzen omen zen eta lokatz bainuak hartu ere bai. Hura jotzen omen zuen zerua. “Mendi hok, harri hok, putzu hok… ein dituna, piztutzea re eztek ba harritzekoa, eh. Baino hil tzeok ein beharra hortako ta hoi dek txarra!”.


Informazio emaileak: Mila eta Malores Etxeberria

 

 

ARRETXE: ETXEBERRIA ARRESE FAMILIA

 

ARRETXE

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Laguntzaileak:

orkli