Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 
 
 
ZALDIBIAKO HIZKERAREN GERTAERA  FONETIKO BATEN DESKRIBAPENA 


1. Atariko gisa.

Herrialdeetan zehar hiztunek beren artean komunikatzeko erabiltzen dituzten mintzamoldeak zehazteko aboro dira terminoak: mintzaira, hizkuntza, dialektoa, hizkera, patois, idiolektoa... etab. Horietako bakoitzari hizkuntzalariek ezarri izan diote eremu propioa.

Euskarari dagokionez, guztiok dakigu euskara hizkuntza bat dela munduko beste edozein hizkuntza bezalaxe, eta horien antzera, euskal hizkuntzaren barrutia, zatikatua dugula euskalki, azpieuskalki eta hizkeretan.

Dena den, ezin dugu ahaztu eskuarki bereizi izan direla dialekto mintzatuak eta literatur dialektuak. Gure kasuan, Bonaparte printzeak egin zuen antzera, berriki, Villasante euskaltzainak ere honela dio: "gauza bat dira euskalki mintzatuak eta beste bat euskalki idatziak" (1).

Bereizketa horren garrantzia gogoan izanik, neri dagokidanez, ez dut aztergai eta mintzagai izango atzoko eta gaurko Zaldibiako idazleen lan idatzirik, mintzatua baizik.

Arestian esan dugun moduan, hizkuntza guztiek dituzte dialektoak edota  mintzaemoldeetan ezberdintasunak modu batekoak zein bestekoak (2). Bestalde, hor ditugu urrutira jo gabe, mugakide eta etxelagun diren bi bloke linguistiko boteretsu eta indartsu: gaztelera eta frantsesa; hizkuntza horietako estandarizazio, ez da entzumen bereziki zorrotzekoa izan behar ohartzeko badaudela egon dialektoak eta horien errainu diren hiztunen arteko diferentzia ohargarriak.

Euskararen kasuan badugu beste hizkuntzekiko berezitasunik; bi alderdi nabarmentzen ditu Mitxelena maisuak (3):

“a) La abigarrada diversificación, que se da en un país de extensión tan reducida”.

“b) El hecho de que no haya existido esa lengua (euskara) normalizada... con respecto a la cual pudiera delimitarse la diversidad dialectal”.

Lehenari loturik, bistakoa da ugaritasunak dakarren aberastasuna, baina ez da aski hori aipatu eta lasai lozorroan geratzea. Izan ere, hizkera guzti horietako informazio zabala eta zorrotza,larriaren larriz, luzapenik gabe biltzeaz gain, maila guztietako azterketa zorrotza eta xehea egunen batean egin beharko dugu eta horretarako hizkuntzaren alor zabalean lanean ari garenok ez ezik unibertsitatetik heltzen ari den eta helduko den bertako jende prestatu eta trebatuaren beharra dugu (4).

Berriz ere, Mitxelenaren hitzak luzatu nahi nituzke neure esanak osatu nahirik, hona zer dioen:“Antes de levantar teprías, sería necesario dedicar algún tiempo al humilde, trabajoso, pero indispensable menester de observar los hechos. Había también que ver, puesto que las consideraciones que se hacen son cuantitativas, si no hay alguna manera de cuantificar las observaciones” (5).

Hemen aurkezteko dudan lana ez da osoa eta xehea, gainera han hemenka euskalari askok aztergai izan duena da; puntu bat baino ez dut arakatu, h.d., bokal bilkurak direla eta, guztiontzat ezaguna den gipuzkerazko hegoaldeko azpieuskalkian eskuarki egiten den asimilazio fenomenoa.

Erabateko xehetasunez hitzegiterik ez badago ere aditzera eman nahi dugunean azpieuskalki hau non hasi eta non amaitzen den eta orobat, zein erizpide beharko genituzkeen gogoan mugak finkatzeko garaian, orain oraingoz, L. L. Bonapartek 1.869. urtean egin sailkapena izan dut abiapuntu. Dena den, gipuzkeraren mugak -printzeak jarriak alegia- eztabaidatuak izan dira. Honela Azkueren eritziz, Altzola eta Elgoibarko euskara gipuzkeraren barnean sartu beharko lirakete eta Burundakoa berriz, Goierriko euskararekin behar hainbateko egokierarik ez duenez, -beti ere Azkueren aburuz- ez da gipuzkera. Mitxelenaren ustez, Errenteriako euskara nafarreran sartu beharko litzateke eta ez iparraldeko gipuzkeran.

Besterik ezean, ezinbesteko bazaigu ere banaketa hori abiapuntutzat hartzea, ezin dugu baztertu gipuzkeraren hegoaldeko azpieuskalkian tokitik tokira dauden ezberdintasunak. Bat aipatzekotan, hizkera-doinua nabarmentzen dut. Zaldibiakotik bestelakoa Ataunen. Agian neure oharmenaren irudipenak baino ez dira, hala ere pentsatzen dut banan-banan gertaera linguistiko guztiak aztertu behar ditugula eta horren ondotik, inpresionismoak zokoratuz, zehaztasunez eta zorroztasunez mintzatu. Izan ere, Bonapartek ez zien gertaera fonetiko-fonologikoei behar zuten lekua opa mapa horietako zatiketa egiterakoan; aditzaren eta deklinabidearen morfologiak pisu handiagoa izan zuten. Esate baterako, ekialde eta mendebaleko banaketa egiteko, besteak beste, ergatibo pluralaren emaitzak izan zituen kontutan, berreraikitako *a(g)ek fomak, ekialdeko euskalkietan -ek eta mendebalean -ak eman du. Mitxelenaren eritziz, fenomeno honek sintaxian eraginik badu ere, azken buruan, bokal bilkuraren soiltze fenomenoaren erresultadu diferenteak baino ez dira.

Beraz, kontu handiz eta arretaz aztertu beharreko alderdia dela uste dut fonetika eta fonologiarena -honekin ez dut aditzera eman nahi, hizkuntzaren beste azterketa mailen zoko-miko guztiak miaturik daudenik-. Izan ere, geldo xamar gabiltza alor honetan eta funtsezkoa deritzok gure hizkeren bilakaera amankomunak zein diferentziak zehazteko.

Hegoaldeko azpieuskalkiaren eremuan, Zegamako hizkera hartu izan da eredutzat. Dena den, uste dut, barnean sartu ohi diren herrien arteko hurbiltasun geografikoak lausotu gabe, arestian aipatu dudan mailatik hasita, herri bakoitzeko mintzamoldea aztertu ondoren, hizkeren arteko bat-banako egokitasunak arakatu beharko genituzkeela isoglosa egokiak eta fidagarriak izateko. Hori gogoan izanik hartu dut azpieuskalki honetako Zaldibiako mintzoan egiten dugun asimilazio fenomenoa.


2. Lanaren metodologia.

Berriemailearen aukeraketa egiteko zenbait erizpide izan ditut kontutan: Zaldibian jaio eta bertan bizitzea; gaztelerakiko ahalik eta interferentzia gutxien izatea; euskaraz alfabetatu gabea eta adinez 60 urtetik gorakoa.

Julian Gurrutxaga Olano zaldibiarra izan dut berriemaile. Olata auzoko baserrian jaio eta 41 urte bertan bizi izana; ondorengoak Elbarren auzoko Arotxaenea etxean. Soldaduskan eta gerratean izan ezik, ez da Euskal Herritik kanpo ibili. Gurasoak ere zaldibiarrak ziren eta eguneroko harremanetan bertako hizkera erabiltzen du.

Grabaketak berriz, informatzailearen etxeko jangelan eginak dira 1.986ean ordu erdiz eta 1.990ean ordubetez. Hori burutzeko, UHER 4.000 grabagailua erabili dut eta abiadura egokitua; BASF zintak.

Aldi bietan, eta inungo eragozpenik gabe, kontu kontari aritu zen gure informatzailea. Izan ere, hitz jario bizia eta gozoa du, memoria handikoa da eta zailtasunik ez du mikrofono aurrean hitzegiteko; gazte denborako kontuak, gerratekoak, Zaldibiako gertaerak... etab., izan ziren hizketa-gai. Beraz, ordu t'erdiko kontaketa horietan oinarritu dut lanerako corpus-a aipatu fenomenoaren azalpen zenbait egiteko.

Bokal bilkuretako asimilazio fenomenoa.

(i, u) bokal sabaikari eta belare itxiek, ondoren datorren (a) bokal irekian eragiten dute azken hau hertsiz. FHV liburuko 63 or. honela dio Mitxelenak: “En zonas muy distintas del país se observa el cierre de a en e detras de i y u en la sílaba anterior: más precisamente, la pronunciación de /a/ se ha ido apartando de la normal hasta llegar a ser una variante de /e/”eta fenomeno honen antzinatasuna dela eta, XVII. mendeko VJ delako bizkaieraz idatziriko dotrinan agerikoa dela azaltzen du aurreraxeago: ayte, Hostie, berdaderue, dogune, libredu (librado)...

Arestian aditzera eman dudan moduan, Julian zaldibiarri hartutako bi grabaketa horietako kontaketetan lur hartu dut asimilazio hori nola dagoen jakiteko; horretarako ingurune jakinetatik abiatu naiz eta aldi berean mugatu ahal dut fenomenoaren emankortasuna eta debekuak morfemaren barrena zein morfema mugetan.

Bestalde hitzaren mugak finkatzeko orduan, azaldu nahi nuke, kontaketa horietan nekez agertzen zaigula artikulotik ez daraman izenik eta izen sintagmarik, baldin eta zenbatzaileren bat edo ez badator aurretik edo atzetik. Guztiz egokia ez bada ere, azkenean izen-oina ala tema da erabiliko dudala mugatzailerik ez duen hitza izendatzeko.

Ondorengo amaierak (artikulorik gabe) dituzten hitz-oin edo temak hartu ditut kontutan (maileguak barne azaltzen ziren kasuetan):

a) -i, -u.

b)-i,-u+C.

c) -euskal diptongoak (-ai, -ei, -oi, -au, -eu).

d) -euskal diptongoak + C.

Aztertu inguruneak berriz, hauek dira:

1.- Izena nominatibo eta ergatibo singular eta pluralean.

2.- Izena + zenbatzaile zehaztua zein zehaztu- gabea (bat, asko).

3.- Aditz nagusia + laguntzailea (da).

4.- Izena eta izenondoa (IS).

5.- Morfema edo temaren barrena.

6.- Eratorri eta konposatuak.

Kasu bakoitzean entzundako emaitzak hauek ditugu:

- Nominatibo singularrean.

- zapie, orie, zurie, mutue, saille, ximaurre, ikillue, opille.

- umille, atumulle, anixe, autubuse, taxixe, fusille, fotografie, goardia zibille, perejille, artrosise... baina tenisa.

- (-a temarena) familie, animalie, anaye,...

- (-a temarena) ixkiñea, gauzea, sesiñea, gaztiñea,...

- baina: oya, frontoia, espaloya, sasoya, galbaya.

- nominatibo pluralean.

- zapik, orik, mutuk, sallek, simaurrek, opillek.

- umillek, atumullek, autubusek.

- ergatibo singularrean.

- apaizek, polittek, katuk, artzaiek, zorrik, txatxuk...

- abogaduk, reittuk, mixerrik, meikuk...

- ergatibo pluralean.

- anayek, guzik, beyek, artzayek, meikuk, motillek...

- izena + zenbatzaileak.

- sail bat, saill asko, ikullu, umill asko, anka ttikiat...

- AN+AL (da, eta inoiz dago).

- ixildua, eroi da, eosi da, busti (d)a, antzu dao,... baina busti die, etorri die.

- Izena + izenondoa (IS).

- soñeko zuri argie, motill arro putze, ardi arra, zakur amorratue...

- morfemaren barrena.

- giarrea, zuatza, biarko, bi(g)arrena, iarra...

- eratorri eta elkartuetan.

- Santu arpegie, gorriantza, frontoi atzen, ogi apurrek, uraparretan, atumullaurren...

- errukarrie,...


3. Ondorioak.

Inguruneak ezartzerakoan, bistan da, eginkizun ditugula izenaren deklinabideko hainbat kasu eta baita aditzaren morfologia ere. Dena den, aintzat hartu ditugun kasuetan antzeman daiteko nolabait oraindik asimilazio fenomenoak duen emankortasuna -aipatzekoa da maileguetan, nahiz eta hauek erabilera arruntekoak izan- ingurune jakinetan eta bestalde, dituen betetzeko debekuak.

Bat-banaka aztertu ondoren aipatu inguruneak eta azalpen sakonetan sartu gabe honako hauek nabarmen ditugu:

a) emankortasuna handia da nominatibo singularrean; h.d. mugatzailea hartzen duenean alegia.

b) oinarri lexikalak azken -a berea duenean ez da betetzen, baizik eta artikulua ipintzean disimilatu egiten da eta -ea emaitza dugu; tema -ia-z bukatzen denean badirudi, azalez bederen artikulua eta temaren -a nahasi eta tema -i amaitu bailitzan egiten dela: e. b. animalie, familie, txorakerie,... baina bestalde, eta gure berriemailearen arabera forma hauek erabiltzen ditu: “bi anaya eta iru
arreba” baina “anaye sartu orduko...', “anayek zien”.

c) Tema diptongoz amaitu eta mugatzailea eranstean asimilazioak ez du eragiten. Badirudi hemen forma zaharren errainuak ispilatzen direla oraindik, nahiz »eta gero hori erregularizatzeko joera egon: baya, galbaya, oya, saroya, auba; baina beste hainbeste: kamioya, botoya, frontoya, espaloya. Hitz guztiak zorrotzago aztertu beharrekoak izan arren badirudi antziñako –one batetik datozenak argiak direla baina ez dago hain garbi maileguetan nahiz eta jokabide bera izan.

Orobat, -o amaiera dutenak, hots, hauek ez dutenean -u egin ez da burutzen asimilaziorik; e.b. zozoa eta txotxoloa dira erabiltzen diren formak eta inoiz ez *zozue edo *txotxolue bezalakoak.

d) Nominatibo pluralean, ergatibo singularrean eta pluralean emaitza berak ditugu. Badirudi azentuak ergatibo plurala eta singularra bereizten dituela. Sinplekeria litzateke bokal soilketa egin dela eta horren ondorioz ematen direla
emaitza berberak esatea. Uste dut fonologiak eta morfologiak izan dezaketen eragina zehatzago istudiatu beharko litzatekeela.

e) Guk aztertu gainerantzeko kasuetan asimilazioak ez du eragiten, ez morfemaren barrenean eta ez morfema mugetan; beraz, ingurune horiek, beste euskalkietan ez bezala, debeku ditugu.
------------------------------------------------------------------------
(1) Villasante, A. Luis, Euskararen auziaz, 218 or.
(2) Nabarmena da, esate baterako, italierako dialektoak eta sardo hizkuntaren dialektoak italiera normalizatutik zein urrun dauden.
(3) Michelena, L., Lengua común y dialectos vascos, 37 or.
(4) Puntu honetara heltzean eza daiteke ahantzi Euskaltzaindiaren gidaritzapean lanean ari den taldea informazio bilketan, informatikaren bidetiko horren antolakuntzan eta azterketan. Nola nahi ere, uste dugu guztion esku-hartzea derrigorrezko del alan-gintza horretan; bestela esan, lehentxeago aipatu aberastasun horren galeretan, uniformizazioa sumatzen dugu euskara mintzatuan: besteak beste, transmisio naturala ahultzen eta geldotzen doa, irakaskuntza eta komunikabideen eragina gero eta indartsuagoa da, hiztun zaharrek nolabait gutsiesten dute berezko eta betiko mintzamoldea entzuten dituen ereduekin ez datorrelako bat, euskaldun zahar alfabetatugabeak eta benetan trebeak norbere hizkeran apurka-apurka badoaz, eta azkenik, gaztelaniaren eragina gero eta bortitzagoa da gure hizkuntzaren barne-muinetaraino helduz.
(5) Michelena, L., op., cit., 41-42 or.


Pilartxo Etxeberria.

Laguntzaileak:

orkli