ITURRITZA ETXEA
ITURRITZA kale etxea da, Santa Fe kalean kokatua, Goikokalen. Iturritza lotua dago euskal dantzetara, Olano, Iztuetaren ikasle eta dantza-irakaslea bertan jaio baitzen.
“Iztueta, 73 urte zituela, bere jaiotetxera erretiratu zen; Josx Antonio Olanok 19 zituen eta Iztuetaren etxe ondoan jaio eta bizi zen; etxe aurreko plazan maisuak irakasten zien eta, bere gaztaroan bezala, dantzari taldea sortzen ahalegindu zen” dio Jose Garmendia apaizak artikulu batean. Bertan Joxe Antonio Olano, dantza-irakaskuntzan Iztuetaren lehen oinordekoa izan zenaren berri ematen du, eta bere testuinguru historikoan –karlistadan– kokatzen du. Horrekin batera, Zaldibin dantzak izan duen tradizioa eta 1929an Iztuetari eta Olanori bere jaioterrian Eusko Ikaskuntzak eta Zaldibiko
Eusko Ikaskuntzak antolatutako omenaldian jarritako plaka Iturritzan: | |
Udalak egindako omenaldiaren xehetasunak ere agertzen dira. Orue delako kazetariak egin zuen egun hartako kronika.
Orduko kronikariak, Iturritzako Matias Mendizabali, Zaldibiko sakristauari, ematen dizkio eskerrik beroenak, Iturritza etxearen argazkia bidali ziolako, nahiz eta argazki zaharra izan.
Iturritza agertzen da 1783-12-17an, Enerio eta Aralarko sailen erabileraz bitartekari bati emandako botore-emaileen. Ordezkari bat joan zen batzarrena.
MENDIZABAL AGIRRE Familia
Kale-etxea izan arren, Mendizabal-Urdangarin familiaren bizitza artzantzari lotua dago. Mendizabal- Urdangarin familia maizter bizi izan da Iturritzan.
Beraien aurrekoak Aztia etxean biziko ziren, baina etxea erre egin omen zen eta orduan pasatu omen ziren Iturritzara.
Artaldea 1926az geroztik izan dute, eta 160 buru ingurukoa izan da.
Izengoitia Unanue izan dute. Prontxio Mendizabalen birraitonari jarri zioten izengoitia, artaldea Unanura (Nafarroara) saldu omen zuelako. Baina kobratzeko aitzakiarekin astebeteko bidaia egin omen zuen eta horregatik jarri omen zioten izengoitia.
Antonio Mendizabal, bertako semea, eta Esperantxa Agirre 1956ko urriaren 14an ezkondu ziren. Esperantxa Abaltzisketako Sarobe baserriko alaba zen. Eta ezkondu zirenean etxean gurasoak eta bi anaia bizi ziren.
Larraitzen ezkondu, gero Ordiziako Aurrera-n egin otordua eta handik Bilbora partitu ziren ezkontza -bidaian, eta han pasatu zuten astebete izeba mojaren inguruan.
Lau seme-alaba izan zituzten: Prontxio, Joxepi, Iñaki eta Mari Karmen.
Hau izaten zuten eguneroko martxa: Egunsentian jaiki, kafea hartu, ardiak ekarri eta jetzi, gatzagia eman, gosari txikia egin (txokolatea, anisa eta ogiarekin), ardiak larratu (larrera eman) eta gaztak egin ondoren, txerri eta oiloak gobernatu.
Bazkaldu eta siesta txiki bat egin ondoren, bostak -seiak aldera lehengo prozesu bera, berriro bira, eta gauean hamarrak / hamaikak aldera ohera.
Egunean zortzi gazta egiten zituen. Gazta egitea honelakoa izaten zen: aurrena esnea pasatzen zen iragazkian, osinak (asunak) jarrita. Gatzagia eman eta ordu erdi barru malatxarekin nahastu, zapaldu eta zumitzak bete, pilatu eta eskuekin poliki-poliki zapaldu.
Artzainen bizimoduan bi aro daude: uda eta negua.
Udako kontuak
Maiatzaren 1ean igotzen zituzten ardiak mendira. Txabola Txutxuta parajean zuten eta larrea Olasao-n. Eta beraiek edateko ur bila Ezki-iturrira joaten ziren, txabolatik hamar minutura. Egunean bi aldiz joaten ziren ur bila. Baratza ere bazuten eta bertan patata, porruak, letxuak eta azak egiten zituzten. Artilearekin galtzerdiak, goaitak (polaina antzekoak) eta sokak egiten zituzten. Mendira familia osoa igotzen zen eta han izaten ziren denak ekainetik urrira. Bi ordu eta erdiko bidea zegoen. Gero mandoarekin astean bi aldiz edo jaisten ziren. Eta Ordiziako feriara ere joaten ziren, arkume eta gaztak saltzera. Eta saldu gabeko arkumeak berriz mendira igotzen zituzten. Bizimodua ez zen beti erraza izaten. Hala, esate batera, Esperantxa, ama, jaitsi omen zen behin menditik urte eta erdiko umeari txertoa ematera. Eta joan etorrian sei-zazpi ordu egin omen zituen. Gaixotuz gero ere horrela ibili behar izaten zen. Inguruko artzainekin ere elkartzen ziren eta bi jai egun edo egiten ziren. Uztan Oiduin eta abuztuan Enerion. Unerik gogorrenak maiatzean izaten ziren eta lasaienak abuztuan.
|
Neguko kontuak
Artzainak ez ziren beti toki berean egoten eta urriaren amaieran menditik jaitsi egiten ziren. Barrutia (hilabetez) Ataunen zuten, Aldarretan; azaroan, Bizkai aldera joaten ziren San Prudentzio bitarte. Normalean, Frunizen, Lemoizen, Gamizen Montaña baserrian eta Mungian, Iturria baserrian, ematen zuten negua. Lau egun behar izaten ziren joan-etorrian. Aurrez hitz eginda izaten ziren eguneko atsedenaldia non pasa. Joaterakoan ez zieten ezer kobratzen baina bueltakoan egun hartan egindako gaztak uzten zituzten etxe eta baserri horietan. Hilbeltzean hasten ziren jaiotzen arkumeak eta inguruko harakinei saltzen zizkieten. Esnerik ez zuten saltzen baina gazta bai. Unerik gogorrenak arkumeak jaiotzean eta elurra ari zuenean izaten ziren, eta gozo askorik ez zen izaten neguan. Informazio emailea: Prontxio Mendizabal |
ITURRITZA : MENDIZABAL AGIRRE FAMILIA
ITURRITZA, airetik ikusia
|
Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.