Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 
gure txoko

   

AZKETA GARMENDIA familia

Liburuko fitxa jaitsi

pdf

 

GURE TXOKO Elbarrena auzoko etxea da. Herrigunetik bost minutura dago oinez. Etxe aurretik Ordiziatik Zaldibira datorren errepidea pasatzen da.

Meltxor Azketak eta Paula Garmendiak egin zuten etxea 1949an. Etxea egiteko lur saila Bertuesakoek saldu omen zieten. Etxea, baserria ere izan denak, terreno bat du atzeko aldean baratze lanetarako erabiltzen dena eta basalden beste lur mutur bat.

Meltxor, aita, Gaintzako Iozta baserrian hazi zuten, hospiziokoa izaki; eta Paula, ama, Baliarraingo Errota baserrikoa zen, Ibiurko presa egin zenean desagertua geratu zena. Meltxor 30 urtera arte Gaintzako baserrian aritu zen lanean, bizkarrak hausten xoxik aurreztu gabe. Baserria utzi eta andregaiarenean hartu zuen ostatu, eta gainera, CAFeko lantegiko fundizioan hasi zen lanean.

Meltxor eta Paula 1948ko azaroaren 29an ezkondu ziren Lezon (Santo Kristogatik zen ospetsua herri hori eta garai hartan bikote asko ezkontzen omen ziren bertan), ezkongaiek 33 eta 24 urte zituztela. Ezkontza bazkaria Lezon egin zuten, gertuko familia eta aitaren soldadu lagun handi bat, Joxe Mari, eta haren emaztea gonbidatuta. Ezkontza-bidaian Gasteizera joan ziren, baina aurrez, Atotxan Realaren futbol partida ikusita. Egun gutxi batzuk pasatuta herrira itzuli ziren egurrezko zapata-ormak erosita, etxean “txapinak” edo etxeko zapatilak egiteko.

Senar-emazteen lehen bizilekua Udaletxe gaineko “maisu-maistren” etxebizitza bat izan zen. Hor bizi izan ziren beraien etxea eraiki arte. Seme zaharrena bertan jaio zen. Aita Fabrika Handira joanez eta aita- amek oinetakoak eginez ateratzen zuten bizimodua. Alaba zaharrenak hala dio: “Gure amak txerriren bat ere haziko zinan Bertuesako ukuiluan, ziur asko”.

Aita artetsua izanik eta ama lanerako beldurrik gabea, Gure Txoko izeneko etxea eraiki zuten, Joxe Manuel Eskisabel Bertuesako semeak lagunduta. Herriko jende askoren eta Gaintzako aita-amen laguntza ere izan zutela diote alabek. Etxe eraiki berria, etxe-baserria zen, eta baserriko lanak ere egiten zituzten. Inguruko soroetan patata, artoa eta babarruna ez zen faltako eta belardian “paotxa” etxeko abereentzat. Belarretara Aizkolariñera, Laurnagarenera eta Zubiaurrera joaten omen ziren. Ukuiluan txerrikumeak, konejuak, behia, txekorrak… hazten zituzten. Ahuntzak eta oiloak ere bazituzten. Ordiziako ferian arrautzak eta konejuak saltzen zituzten, eta txerrikumeak tratantearen bidez.

Aita Beasaina lanera, hasierako urteetan, bizikletan joaten omen zen, gerora moto “Guzzi” gorri batean eta azken aldera mobiletean. Denbora luze batez bajan egon omen zen osasunak laguntzen ez ziolako eta berrogeita hamazazpi bat urterekin erretiroa hartu omen zuen, huskeria bat kobratuz.

Sei seme-alaba izan zituzten: Joxe Ramon, Mari Paz, Iñaki, Julita, Antonio eta Belen. Etxean jaio ziren guztiak, batzuk Goiz Eguzkiko Tomaxak lagunduta eta besteak Santos praktikanteak.

Etxean berritze eta handitze lan batzuk hirurogeiko hamarkadan egin zituzten. Bi logela eta bainugela berriak Agarre baserriko Luixek egin omen zizkien. 1998an berriz, teilatu berria eman zioten, aitak tximinia jartzen ari zirenei behar bezala tiratzeko nola jarri behar zuten erakutsiz.

Familiaren sorlekua ederki zainduta eta beti lorez apaindua dago; amaren zaletasunak hor dirau. Baratzearekin eta ukuilu koxkorrarekin jarraitzen dute eta egunero familiako norbait bada bertara inguratzen dena. Familia osoa urtean lauzpabost aldiz elkartzen da etxean eta karta jokorik ez da falta izaten.

Pasadizoak

Eskola, euskaraz

Garaiz kanpoko txipiroiak
Meltxor eta Paula azaroan ezkondu ziren Lezon eta bazkaritan txipiroi goxoak jatea omen zen beraien desioa, baina jatetxeko jabeak gutizi horietarako garaia ez zela esan eta beste jaki batzuk jan omen zituzten. Oso deskontentu atera omen ziren jatetxetik. Amak askotan aipatzen omen zuen gertaera hura, eta hala esaten omen zuen: “Guri esan zigutenan ez zela garaia txipiroiak jateko, baina geroztik makina bat aldiz ikusi dinat nik jendea eguberri inguruan plater goxo hori jaten”


Eguneroko errosarioa
Ari dira aita-amak eguneroko jardunean errosarioa errezatzen, eta ama, latinezko errepertorioarekin ari dela, eguneko lanen eraginez nekeak jota, geratu da erdi lotan. Aitak, errosario hark luze joko zuela pentsatuz, esan omen zion “ que es para hoy…”.


Etxera bueltan
Mari Paz, alaba zaharrena, jale txarra izaki, bidali dute Goienetxera, Donostian mojek gobernatzen zuten zentro batera, jaten ikastera. Zaldibiko beste lagun batzuekin batera bidali omen zuten. Negua omen zen eta egun batzuk bertan pasatuta etorri da etxera, eta han omen zegoen ama zain, Agotxaneko Teodorak jositako abrigo bat eta txapina berriak pronto zituela alabarentzako.


Ordiziako ferian
Jabier, suhia, joan omen zen amarekin batera Ordiziako azokara jeneroa saltzera eta amak esan omen zion zakuan zeramatzaten konejuak saltzeko. Jabier jarri da oilo kalean norbait etorri zain eta inor inguratzen ez; aldamenekoengana bai baina beregana ez. Entzuten omen zituen prezioak baina berak ezin saldu eta eguerdia gainean. Halako batean errekardera bati esan omen zion: Zenbat emango didazu koneju hauengatik? Eta errekarderak: Ba, kiloa 2,25 pezetan (2,30 pezeta omen zen egiten zuen prezioa). Jabierrek bere kolkorako: Eman egingo dizkiat nahiz eta dirua nire poltsikotik jarri. Eta hala egin omen zuen. Amaginarrebarekin elkartu zenean, segituan galdera: Saldu al dituk? Jabierrek: Bai, eta zakuak kilo erdi pisatzen zuela esan dit errekarderak eta hori deskontatu dit. Ama errietan hasi omen zitzaion: Zakuak ez dik 200 gr. ere pisatzen eta! Nola deskontatu diate hainbeste? Hura haserrea, baina eskerrak Paulak ez zuela jakin Jabierrek dirua poltsikotik jarri zuenik…
Amak Ordiziako azokatik ohituraz txurroak eta bollo suizoak ekartzen omen zituen etxera Unanue pastelerian erosita.


Kontabilitatea
Aitak ba omen zuen liburu txiki bat non den-dena apuntatzen zuen, baita datu txikiena ere: erositako pentsuen prezioak, oiloek egindako arrautza kopurua, bildutako perretxikoen pisua… Alabek gogoratzen dute perretxikoekin jasotako dirua oso lagungarri izan zitzaiela bizimodua aurrera atera ahal izateko, Meltxor perretxiko biltzaile aparta izan baitzen. Herrian garai hartan beste biltzaile bat ere bazen, Demetrio Mujika “el abogado de los pobres” deitutakoa.


Zaletasuna
Karta jokoa ez zen falta izaten etxean, izugarrizko afizioa zuten eta askotan aritzen ziren Bertuesakoekin, aldamenekoekin. Behin, gogoratzen du Belenek, berotasuna sentitu zuela ipurdi aldean eta atzera begiratzean soinekoa erretzen ari zitzaiola konturatu. Hura apurua! Ondoan Joxe Bertuesakoa omen zuen, zigarro erretzaile porrokatua, eta nonbait poxpoloa erabili eta gero, lurrera bota beharrean gelditu zaio aulkian, eta hantxe komeriak. “Amona karta jokoan segittuko deu” idatzi zioten amona Paulari bere bilobek Berria egunkarian jarri zioten eskelan.

Informazio emailea: Mari Paz eta Belen Azketa

GURE TXOKO: AZKETA GARMENDIA FAMILIA

 

 

GURE TXOKO

 

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Laguntzaileak:

orkli