Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta
 
kapaindegi

MENDIZABAL AMUNDARAIN familia

kapaindegi
Liburuko fitxa jaitsi 
 pdf

 

KANPAIN kale-etxea da Txamarretxe plazan dagoena. Manuel Mendizabal eta Joana Amundarain 1920an ezkondu ziren. Zaldibin goizean goiz ezkondu, eta ondoren gosaria egin zuten Irurako Laskibar hotelean. Beasaindik etorria zen Manuel Mendizabal. Sei seme-alaba izan zituzten: Maria, Joxe, Jexux, Eulogio, Joxepi eta Pakita.

Artzain familia zen. Aitona-amonarengandik hasita beti izan dira artzain. Aitona-amonen garaian 150 buru inguru, eta Mendizabal Amundarain familiak 300-500 buruko artaldea.

Udako lanak apiril hasieran mendira igotzen zirenean hasten ziren. Oiduin zuten txabola. Ez zen familia osoa igotzen, eta janaria asto gainean eramaten zuten. Bi orduko bidea dago Oiduiko saroira.

Larrea Urrustialden eta Gainetan zuten, eta ardiek basurea (ihintza) edaten zuten. Artzainek Iturriberritik ekartzen zuten ura, ordu erdiko bidea eginez, egunean bi aldiz joanez.

Aita Manuelen garaian, egunean bi edo hiru gazta egiten ziren eta Jexuxen garaian, berriz, bost edo sei. Gazta egiteko esnea epela baldin badago, segituan egin daiteke, ordu erditik ordu bete bitarteko tartean.

Gatzagia etxekoa izaten zen.

Salmenta ere ezberdin egiten zuten. Aitaren garaian Ordiziako azokan, baina Jexuxen garaian etxetik edo txabolatik.

Arkumeak ere saltzen ziren. Menditik azokara ekartzeko ere astoan ekarri eta hiru orduko bidea egin behar zen, eta baserritik, berriz, ordubetekoa. Arkumeak saldu ezean lanak izaten zituzten, ardiek ez baitzituzten beren umeak ezagutzen eta, gatxitxita (gaitzetsita), baztertu egiten zituzten arkume horiek, azokatik bueltan.

Artilearekin ere lan handia egiten zuten. Jexux lan handiak egina dago artilearekin, mantarrak, galtzerdiak, abarkasokak (goaitak) eta baita oraindik gordeta dauzkan jertseak ere. Baratzea ere bazuten eta etxerako adina egiten zuten.

Udako egunetan seietan jaiki, ardiak bildu, jetzi eta larratu egiten ziren. Gosaldu, eta ondoren gaztak egiten zituzten. Hori bazen ere eguneroko martxa, asteazken eta igandeetan aldatu egiten zen. Batean Zaldibira jaisten baitziren mezetara eta bestean Ordiziara azokara. Bidea ordubete edo ordu eta erdikoa zen.

Otordua prestatu ondoren lo-kuluxka bat egiten zuten eta arratsaldean berriro bira. Beste lan batzuk ere izaten ziren: egurra txikitu, gaztak ikusi eta buelta eman… eta gauerdirako lotara.

Artzainak elkarrekin ere biltzen ziren. Oiduin zazpi artzain izan dira eta harreman handia izan dute elkarren artean. Gainera, elkarrekin ibiltzen ziren pelotan eta borrokan. Enerion eta Igaratzan ere izaten ziren festak.

Sasoi honetako unerik gogorrenak udaberrikoak izaten ziren, eta gozoenak udazkenekoak.

Gaixotutakoan Zaldibira jaisten ziren ahal zen moduan.

Negua pasatzera jaisten ziren, berriz, Santu Guztietarako. Barrutia Beasainen zuten, eta etxea Iturrazpe baserrian. Hiru-lau orduko bidea egiten zuten abendu aldean. Eta Beasainen ere oso giro ona izaten zuten. Otsaila-martxoan hasten ziren jaiotzen arkumeak eta etxetik saltzen zuten esnea, etortzen zen edonori. Arkumeak ere etxetik saltzen zituzten bai norbanakoei baina baita harakinei ere. Neguko egunak askoz lasaiagoak ziren, batez ere arkumeak etorri aurretik. Izan ere, arkumeak jaiotzen direnean gauak argi pasa behar baitira.

Seme-alaba guztiak ez ziren artzain ibiltzen. Adibidez, Pakitak ezkondu arte neskame lanak egin zituen Joamanuelenen eta Beasainen.

Ez dira Oiduiko txabola utzi zaharrak. Jexux eta Eulogio egon izan dira han azken urteetan. Eta Eulogio hil zenetik, Jexux bakarrik. Jexuxek artaldea 2000. urtean utzi zuen, baina oraindik ere urtero igotzen da Oiduira eta han pasatzen du uda.

Informazio emailea: Jexux Mendizabal

 

KAPAINDEGI: MENDIZABAL AMUNDARAIN FAMILIA

 

KAPAINDEGI

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Laguntzaileak:

orkli