Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta
 
konfiteri

LASA AIESTARAN familia

konfiteri
Liburuko fitxa jaitsi 
 pdf

 

KONPITTERI Zaldibiko kale-etxea da Bekokalekoa, Joxe Mari Lasa Lardizabalek egina.

Klemente Lasa eta Julian, anaiak, Kubara joan ziren, bertan bizi zuten osabarengana, lurrak zituelako. Xebastian eta Faustino, beste bi anaiak, berriz, Argentinara joan ziren, han kafetegia eta pasteleria zituelako beste osaba batek. Xebastianek gero bere iloba Joxe Mari eraman nahi izan zuen Argentinara, eta aita Klementek itsasontziko pasajea erosi eta Bartzelonara ere iritsia izango zen, anaia Ebaristo bidelagun hartuta. Baina barkuaren aurrean Joxe Marik esan omen zion Ebaristori hark Amerika Zaldibin zeukala, eta, buelta berriz Zaldibira.

Konpitteri Klemente Lasak, aitonak, berritu zuen. Eta izena negoziotik datorkio, izan ere, bertan gozoak eta txokolatea egiten zituzten. Gainera Konpitteri denda ere bazen eta bertan denetik saltzen zen.

Garai hartako Zaldibiko kalean oso etxe gutxi zen. Zaldibin bazen beste etxe bat, Konpitteri bezala Lasatarrek egina, Faustinoene izenekoa, eta Konpitteri eta Faustinoene artean Eskribau izeneko etxea zegoen. Faustinoene azken urteetan maizter etxea izan zen. Bidearen beste aldetik, gaur Leku Eder dagoen lekuan, Mariaundiñeraino sagastia zen, horma luze baten atzean, eta erreka aldetik, berriz, Aztia atzetik hasita baratzeak. Joxe Mari osabak paseo de los rosales deitzen zion. Zaldibi osoan sei-zortzi auto egongo ziren garai hartan. Konpitterin bazen. Eta telefonoak ere oso etxe gutxitan. Konpitterin bazuten. Herriko telefono- zentraleko abonatuak ziren. Denda asko ere ez zegoen: Juamanuelene, Mariaundiñe, Dendaberri, Konpitteri eta Madalenane.

Aitona Klemente Lasa Altzagako Errezil baserriko Klara Urretabizkaiarekin ezkondu zen eta Konpitterin jarri ziren bizi izaten.

Sei seme-alaba izan zituzten: Maria, Joxe Mari, Martzelina, Ebaristo, Felix eta Trini.

Ebaristo Lasa bertako semea zen eta Agarre Zaldibi baserriko Sinforosa Aiestaranekin ezkondu zen. 1946an ezkondu ziren, Lezoko Santo Kristo elizan, eta Errenterian egin zuten otordua. Handik Zaragozara joan ziren ezkon-bidaian. Konpitterin jarri ziren bizi izaten. Gurasoak bizi ziren artean, Klemente Lasa eta Klara Urretabizkaia, eta baita izeba Maria ere (Klararen ahizpa), eta Ebaristoren beste hiru anaia: Xebastian, Joxe Mari eta Felix.

Etxean egiten zuten lan. Ebaristok (aitak) bazuen Gabirin eta Zaldibin mordoxka bat fruta arbola, eta guzti horiek beharrezkoak ziren, etxean egiten zituzten gozoentzat. Boladuak eta txokolatea ere egiten zuten, Mendaroko txokolatea hain zuzen ere, eta baita argizaria eta kandelak ere.

Boladuak egiteko euri ura behar izaten denez, baratzean jartzen zituzten tinak euri ur hori hartzeko. Fruta saltzera ere joaten ziren Gasteiza, Irunera eta Ordiziara.

Ebaristo Zaldibiko alkate izan zen 13 urtez.

Lau seme-alaba izan zituzten: Maria Jexux, Juxto, Klemente eta Klara. Bi zaharrenak etxean jaio ziren, baina gazteenak klinikan.

Informazio emailea: Maria Jexux Lasa


KONFITERI: LASA AIESTARAN FAMILIA

 

KONFITERI

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Laguntzaileak:

orkli