Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Izarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaitutaIzarra desgaituta
 
toki alai

 IRASTORTZA ETXEBERRIA familia

toki alai
Liburuko fitxa jaitsi
pdf
 
Pasadizoa

Iparraldetik korbata jantzita
Iparraldetik hala etorri omen zen Zaldibira, trajez eta korbataz jantzita, eta ba omen zeuzkan zortzi korbata ere. Baina hemen ez zen usadio, eta farre egiten ziotenez, korbata horiek lagunen artean banatu omen zituen.

Informazio emaileak: Mari Fe eta Kristina Irastortza

 

TOKI ALAI kale-etxea da, herriko plazan dagoen etxea. 1948an eraikia, zortzi egunetan eman zioten teilatua. Garai hartan Zaldibin etxe gabezia handia zegoen inguruetan. Aurretik Joankruzeneko Joxepak garaje moduan erabiltzen zuen eta lurra Bizkonde de Cerro jauntxoarena zen. Etxea egitea hamar mila duro kostatu zitzaion. Iparraldetik ekarri zuen diru pixka bat aurreratuta; lana ere egiten zuen arozgintzan, eta arropa-kontrabandotik ere osatu omen zuen beste pixka bat. Iparraldean gerra ondorena, oihal beharra dirudienez, eta arropak bata bestearen gainean jantzi eta pasatzen omen zuten muga oinez. Zugarramurditik ere pasatzen omen zituzten beste batzuetan. Doloxen osaba Joan Manuel Mendizabalek ere utzi izango zien beste puxkaren bat, eta hala osatu zuten etxea altxatzeko dirua.

Joan Joxe Irastortza eta Dolores Etxeberria biak zaldibitarrak ziren. Joan Joxe, Martinagotzanekoa, eta Dolores, berriz, Ibargungoa. Joan Joxek haurtzaro zaila izan zuen eta hamaika bizileku pasatakoa zen. Ataunen jaio zen 1922an, ama, Trini Arratibel, hangoa baitzen, eta han egin zituen lehen hiru urteak, baina ama hil eta han hasi ziren bere ibilaldiak. Zaldibira etorrita, Martinagotzanen jarri ziren bizi izaten. Okobion ere egon zen morroi, hamar bat urte zituela, Irunen eta Errenterian ere bai, osaba bat bazuelako Errenterian maisu, eta handik berriro Zaldibira etorri zen. Gerra aurrea zen eta aitak Donostiara eraman zuen Jesuitetara, Academia donostiarra izeneko eskola batera. Gerra piztu zenean, ordea, handik atera egin behar izan zuten eta Igeldora eraman zuten morroi. Bitarte horretan aita gerrara joana zen, Bilbora, Eusko Gudarosteko San Andres batalloiarekin. Joan Joxe, Igeldotik Donostiara jaitsi zuten, Hotel Ezkurrara, gurasorik gabe zeuden beste ume batzuekin batera, eta handik Iparraldera eraman zituzten. Uztaritzen hartu zuten Joan Joxe, Bergaratik ihes egindako familia batean. Haien harategian aritu zen lanean eta handik, Donostiako sastre lagun baten bidez, Biarritzera joan zen gozogintzako denda batera. Oso nagusi ona izan omen zuen Biarritzen, baina Uztaritzen ez bezala, han frantsesa hitz egiten omen zuten eta ikasi egin behar izan omen zuen, baina oso oroitzapen ona du familia harena.

Bigarren Mundu Gerra hasita, Iparraldean arriskuan zegoenez, gozogileak esan omen zion hobe zuela muga pasatu eta hona etortzea eta halaxe egin zuen Joan Joxek, 1940 aldera itzuli zen Zaldibira. Tarte horretan jaso zuen, baita ere, bere aita hil zelako notizia. Aita, Joxe Irastortza, Bilbo erorita mugaz bestaldera joan zen eta handik berriro Bartzelonara. Bartzelonan zaurituta, Frantziako kontzentrazio esparru batera eraman zuten, Menton hirian, Frantzia eta Italia arteko mugan, zegoen esparrura, eta, dirudienez, hantxe hil zen eta bertan eman zioten lur. Frantziskotar baten gutuna jaso omen zuen Joan Joxek hori dena kontatuz. Berrogeita zortzi urte zituen Joxek hil zenean.

Zaldibira etorrita, Martinagotzanen aritu zen lanean, zerran eta arozgintzan. Donostian egin zuen soldaduska hiru urtez, eta ondoren Fabrika Handian aritu zen lanean, mina hartu zuen arte. Azken urteetan, berriz, Zaldibiko Yani mueble fabrikan ibili zen.

Doloresek arrain-saltzen egin zuen lan eta gero dendan, arropa, hariak eta abar saltzen.

Kaleko bizimodua asko aldatu da etxea egin zenetik. Garai hartan auto bakarra Etxabenekoek zuten, eta lanera edo Ordiziako azokara joateko bizikletaz ibiltzen ziren.

Lantokira ere bizikletaz joaten zen eta gutxienez egunean 12 lanordu egiten zituen, eta ez zen larunbatetan jairik.

Eskolan oso gutxi ibiliak ziren. Gerra aurretik neska-mutilek elkarrekin ikasten zuten. Gogoan dute irakaslea Gasteizkoa zela.

Elizak indar handia zuen orduko bizimoduan. Joan Joxe gainera elizan asko aritzen zen, konponketa lanetan, arotza baitzen.

Denbora libre handiegirik ez zuten, beraz, baina aisialdian dantza gustuko zuten Joan Joxek eta Doloresek, eta halaxe ezagutu zuten elkar. Joan Joxe eta Dolores dantza-sueltoko lehiaketan atera omen ziren eta handik aurrera elkarrekin jarraitu omen zuten. Ibargun baserrian badira gerra-garaian dantzari arropak gorde izanaren lekukotzak.

1950ean ezkondu ziren Zaldibin, eta Joankruzenean egin zuten otordua. Hiru seme-alaba izan zituzten: Mari Fe eta Joan Mari etxean, eta Kristina Beasaingo San Miel klinikan.

TOKI ALAI 

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Laguntzaileak:

orkli