Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 
zubiondo1

IRASTORTZA ETXEBERRIA familia

zubiondo1
Liburuko fitxa jaitsi 
 pdf

 

MARTINAGOTZANE kale-etxea da, herriko sarreran, zubiaren ondoan egindakoa. 

Inaxio Irastortzaren aita, Martin Irastortza, arotza zen eta berak egin zuen etxea. Hortik Martinagotzane izena. Aurrena bi solairukoa eta handik urte batzuetara hirugarrena eman zion. Teilatua emateko San Jose egunean, etorri zitzaien baimena, izan ere, garai hartan, jai egunetan lan egiteko gotzaiak eman behar baitzuen baimen hori. Sagardotegia jarri zuen Martin Irastortzak eta sagardoa ere bertan egiten zuten, bai etxerako eta baita inguruko baserrietarako ere.

Etxean berrikuntzak egin dituzte harez gero, sukaldea, komuna eta beste hainbat puska berrituz.

Hirugarren belaunaldiak ere segitu dio taberna eta jatetxeari, duela gutxi itxi duten arte.

Bost belaunaldi bizi dira une honetan, 2016an, etxean: Joxepa Etxeberria, Inaxioren emaztea, 2016an 103 urte bete dituena, Maritxu Irastortza, alaba, Koro Garmendia iloba, Amaia biloba, eta Eneko hereniloba.

Inaxio Irastortza eta Joxepa Etxeberria 1932an ezkondu ziren, Zaldibin, goizeko 6etan, eta gosaria egin eta Zaragozara joan ziren bidaian. Joxepa Etxeberria Okobioko alaba zen. Neskame joan zen 11 urterekin Beasaingo Sekretarioaren etxera, eta 17 urterekin, berriz, Zubiondora. Bertako seme Inaxiorekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten: Maritxu, Pepita, Pakita eta Iñaxito.

Alaba Maritxu Roberto Garmendiarekin ezkondu zen 1961ean, Larraitzen. Roberto Abaltzisketako Ermentariñekoa zen, eta Abaltzisketan otordua egin eta Gasteiz eta Madrilera egin zuten bidaia. Ezkondu zirenean, artean etxean bizi zituzten aita-amak eta hiru osaba-izeba.

Eskolara joaten ziren, eta Maritxu, gainera, gaueko 7etatik 9etara ere joaten omen zen Ordiziara bizikletan, Antonio Hidalgorekin kontabilitatea ikastera.

Bizimodua tabernarekin eta aroztegiarekin atera dute. Tabernaz gain bazituzten txerriak ere eta baita baratzea ere. Dena etxerako.

Martin Irastortza aitonak, jarri zuen zerra. Baserritarrek zuhaitzak eta enborrak ekartzen zizkioten eta berak oholak egiten zizkien.
Zaldibiko gurdi gehienak bertan eginak izango omen dira, baita, orro-mahaiak, arreak, aspilak, eskoareak, gaitzeruak.... eta etxerako gauza asko.

Inaxio Irastortza asmatzaile ere bazen. Orain 70 urte egin zuen labadora-balde handi bat eta motorra jarri zion haizea emateko, eta tailerrean zeukaten. Han egiten zuten garbiketa-lana eta gero noski errekara jaisten ziren aklaratzera. Zerrak zorrozteko makina ere egin zuen Inaxiok.

Garia jotzeko makina ere bazuten eta herriko baserri guztietan ibiltzen zen. Hartara, Maritxu joaten zen baserrietara garia jotzera, eta gainera motorrean joaten zen.

Roberto Garmendia ere hasi zen kirtenak egiten (aizkorak, pikatxoiak, aitzurrak...). Azpeitiko enpresa batera bidaltzen omen zituzten kirtenak eta handik Kubara saltzen omen zituzten. Azken urteetan paleak egiten zituzten Aristrain fabrikarako.

Musikarekin ere badu lotura Martinagotzanek. Inaxio Irastortza soinujolea ere bazen eta, etxe ondoan jarrita zuen kiosko antzeko batean, igandeetan jai-giro ederra jartzen zuen. Xipri ezizenez deitzen zioten Inaxiori, eta Lontxo anaiarekin batera aritzen zen soinua jotzen, Joxemari Lasa Konpitterikoa lagun zutela.
Zaldibitar askoren gogoan izango dira bai igande haiek eta baita Sanjoan bezperako alarmartxo bueltako jazban soinu eta dantza saioak ere.

Herritik kanpora ere ibiltzen ziren soinu jotzen, ezkontzetan eta. Errenagan (Igaratzan) ere bai urtero. Absoluzio bezperan, abuztuaren 14an, joaten ziren eta hurrengo egunean bueltatu. San Mieletik Santuarekin zetozela, bidera ateratzen ziren eta ermitaraino soinua joz laguntzen zioten prozesioari. Eta arratsaldean etxera, bidean noizean behin gelditu eta saioak eginez.

Informazio emaileak: Maritxu Irastortza eta Koro Garmendia

Pasadizoak 

Apaiza mehatxuka

Erromeriak eta ez omen ziren beti ondo ikusiak izaten eta, garai hartako emakumeek kontatzen dutenez, Martinagotzanen igande arratsaldean azkeneko piezak agarraukoak izaten omen ziren eta Don Gabriel apaiza hantxe goian bizi, eta komeriak izaten omen ziren. Mutilekin dantzan ikusiz gero barkazioa eskatzera joateko esaten omen zien Don Gabrielek, bestela kongregaziotik bota egingo zituztela-eta.


Elurra gogotik

Maritxuk gogoan du ezkon egunean elurra gogotik ari zuela, bai Abaltzisketara zihoazela eta baita geltokira joateko orduan ere. Nola edo hala iritsi omen ziren Gasteiza eta abrigo berria zuri-zuri eginda geratu omen zaitzaion berehala.

 

 

ZUBIONDO

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Laguntzaileak:

orkli