Izarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra DesgaitutaIzarra Desgaituta
 

 

 
pdf  
Zaldibiako bokalen lehen bi formakinen araberako 
azentuaren azterketa akustikoa
Pilar Etxeberria

I.SARRERA

Gaur egun euskal prosodiaren baranoan “euskarak ez duela azenturik”eta antzeko topikoak guztiz baztertuak dauden arren, ezin esan euskal azentuaren atze-aurreak argituak ditugunik.

Lan mornografiko eta orokorren falta nabaria da. Izan ere, salbuespenak salbuespen, mende honen lehen hamarkadetan egin izan diren azentuari buruzko azterketak gehienetan deskribapen mailan gelditu izan dira1; ez dira hipotesiak iradokitzen eta formulazioak berak ez dira garbiak. Horrezaz gain, kontzeptuak ere, nahasketa-iturri gertatu ohi dira: batetik, azentuaren fonetika eta fonologiari dagozkienak zaku berean sartu izan dira eta, bestetik, azentua eta intonazioa nahas-mahas erabili dira. Honelako ikerketetan aintzindaririk izan ez dutelako edo, laburbilduz esan daiteke (horiek eskaintzen duten informazio zabala eta harrotzen dituzten arazoak inolaz ere baztertu gabe), euskal azentuaren lehen aztertzaileak, entzumenaren laguntzaz baliaturik, azentuaren ezaugarri nabarmenaz, lekuguneaz eta beronen erabilpen-funtzioaz batipat kezkatu izan direla.

Dena den, mende honen erditik aurrera, beste zenbait eremutan bezelaxe, alor honetan ere, Mitxelena maisuaren ekarpena funtsezkoa eta ezinbestekoa izan dugu gure hizkuntzaren soinuen bilakaera nahiz prosodi alderdiak ezagutzeko2. Benetan jakingarriak dira berak eskaintzen dituen ohar argitsuak euskal azentuaren diakronia nahiz sinkronia ulertzeko, zer esanik ez, iradokizunak, hauek oso kontutan hartzekoak dira ondoko azterketa sistematikorako bide berriak irekitzen dituelako. Gure hizkuntzalari handi honi esker dugu azentuaren araberako lehendabiziko euskalki sailkapena lau azentu-eredu bereziz.

Arestian esan den moduan, gure autorearen lana bikaina eta mardula izanik ere, azterkizun ditugu oraindik azentu-desberdintasun nabarmenen ezaugarri fisikoak.

Hain zuzen ere, euskal azentua belarri bidez izan da aztertua eta ez akustikoki; hau da, euskal azentuaren ezaugarri fonetiko nagusienak zehazteko, euskal fonetikariek ez dituzte fonetika esperimentalaren azterbideak urratu3, hutsune eta atzerapen handia nabarmenduz aipatu alorrean.

Honela, datu gaurkotu eta objetiboen faltak, egungo aurrerapen teknikoen mailakoak, alegia, edozein euskalki azpieuskalki edo hizkeretako ebakeren berri ematerakoan, aurrekoek esandakoak errepikatzera mugatzen gaitu, horiek euskal azentuaren ebakerazko egin oharrak eta xehetasunak ezin egiaztaturik eta hondarrik hondarrenean azentuaren ezagutzan aurreratu gabe betiko uste eta erizpideekin.

Hala ere, ezin ahantzi, fonetika esperimentalaren eskutik buruturiko salbuespen batzu: duela hirurogei urtetik gora Navarro Tomas-ek gipuzkeraz (1925) eta bizkaieraz (1923) eta Larrasquet-ek zubereraz (1928) egin zituzten ikerketak, batetik; eta bestetik, azken urteotan P. Salaburuk baztango euskalkiaz (1984) eta Areatzako euskaraz Txillardegik (1984) eginikoak.

Aipatu dudan hutsunea larriagoa gertatzen da, kontutan izanik euskara hizkuntza bakarraren barruan bereizten diren hainbat euskalki azpieuskalki eta hizkera ezberdin leku batetik bestera. Behar beharrezkoa deritzot euskal azentuaren oinarri fisikoen azterketa zehatza kontu handiz egiteari, euskal azentua bezain labaina den alorrean aurrerapenik egin nahi badugu.

Gorago aditzera eman dudan moduan, euskal azentuari buruzko istudio akustikoetan dagoen hutsunea dela eta, ezinbestean, Zaldibian ebakitzen diren bokalen lehen bi formakinen araberako azentuaren azterketa akustikora mugatu dut lan hau.

 

Laguntzaileak:

orkli