Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Izarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra GaitutaIzarra Gaituta
 
iturralde 

urtsu erreka

 NAZABAL ETXEBERRIA Familia

Liburuko fitxa jaitsi
pdf
 

ITURRALDE Urtsu-Erreka auzoaren hasieran dago. Bertan bizi da Nazabal-Etxeberria familia. Aita, Bixente Nazabal, Izar baserritik etorria zen eta ama, Gabina, berriz, Itsasondoko Urki auzotik.

Pasadizoak

Artaldea

Garai batean artaldea oinez eramaten zuten Oiartzunera, Tolosako Zumardi Txikin gaua pasata. Andoainen ematen zieten jaten ardiei. Udaberrian, Oiartzundik bueltan, Urnietan, Ergoiena auzoko baserri batean dunba hotsekin esnatzen ziren eta kafea pattarrarekin eskaintzen zieten urtero. Hortik Tolosara, Justizi plazan ardiak jetzi eta esnea bertan saltzen zuten.

Txabolan zeudela...

Bixenteren emazte Gabinak umea galdu zuen mendiko txabolan zeudela. Zaldibiko medikua, Raimundo Calvo, eta pratikantea, Rodolfo Bordetas, zaldi gainean txandaka eraman zituzten Gabina atenditzera.

Txabola bedeinkatu eta gazta bildu

Fraileak ere urtero egiten zuen bisita Aralarrera, txabola bedeinkatzeko aitzakiarekin gazta biltzera. Ordainetan, errosarioak eta eskapularioak uzten zituzten.

Txabola sutan

Kutixaoko txabola batek su hartu eta erre egin zen artzaina barruan zela. Inguruko artzain guztiak, Bixente barne, susmagarri ziren, eta han ibili ziren koarteletik bueltaka deklaratzen, argitu zen arte semeak hil zuela.

Informazio emailea: Teodora Nazabal

 

Bixente Nazabal Arruabarrena Izar baserrian jaio zen. Zortzi senideetatik seigarrena zen. Soldaduska bukatu ondoren gerrara eraman zuten. Han zauritu egin zuten, eta izterrean sartu zioten balaren zatiak berarekin eraman zituen bizitza osoan. Urte eta erdi Fabrika Handian lanean arituta, artzain hasi zen Oiartzunen erositako sasiardiekin. Aralarren, Andurion, zuen txabola, Arruarteko osaba harginaren ondoan. Urte batzuk han igarota, Emeterio Armendariz “behatz motxa” Zubiarrekoari artaldea erosi eta hura egoten zen txabola berean, Kutixaoko saroian, jarraitu zuen bizitza osoan. Gaur egun, bere seme Jeronimo da oinordekoa. Garai hartan, Bixenteren hiru anaia ere, Patxi, Joxixio eta Anjel, artzainak ziren.

Ezkondu aurretik, Bixentek Itsasondoko Urki auzoko Lizardi baserrian bi hilabeteko egonaldia egiten zuen udazkenean artaldearekin. Eguberri inguruan, berriz, Oiartzungo Iragorri baserrira joaten zen. Lizardiko alaba zen Gabina Etxeberriarekin ezkondu zen, Zaldibiko Estanko tabernan egin zuten eztei-bazkaria eta bidaian Nafarroako Bera herrian geratu behar izan zuten. Iparraldera joateko asmoa zuten baina Beran uholde handiak izan ziren eta ezin muga pasatu.

Hiru seme-alaba izan zituzten: Joxe Ramon, Teodora eta Jeronimo. Udan eta neguan, artaldea nora, familia hara. Haurrak eta ardiak hartu eta Oiartzunera, Goiko etxe, Seingo borda, Beiner enea, Sein baserria, izan ziren neguko bizileku.

Haurrak neguan Oiartzungo eskolara joaten ziren eta udan Zaldibikora. Oporretan, berriz, Aralarrera. Ardientzat larrea Uarrainen zuten; edateko ura txabola ondoan harkaitz azpiko iturritik hartzen zuten, eta, hura agortzen zenean, Ganbotxiki ondoan Irazustako iturritik ekartzen zuten. Arropak garbitzera, behorra hartu eta Maiziko errekara. Hiru bat ordu behar zituzten joan-etorrian.

Baratzea ere bazuten mendian, eta bertan patata, porru, letxu, tipula, aza, azenarioak, bainak, ilar txikiak, arto berdea txekorrentzat eta arbia egiten zuten.

Eguraldiak asko mugatzen zuen lanen antolaketa. Uste gabeko elurteak Aralarren harrapatuz gero, jaitsi egin behar izaten zen.

Arkumeak Oiartzunen jaiotzen ziren eta harategira eramaten zituzten, eta banakakoei eta ingurukoei ere saltzen zizkieten. Zaldiz ordu erdiko bidea eginda dozena bat arkume eramaten zuten, aldiko. Astean behin egiten zuten eskaintza eta jendeak bazekien noiz eskatu. Batez ere San Jose aldean.

Gazta ere saltzen zuten, apirileko gazta berria, Oiartzungo dendetan. Oso estimatua zen. Mendikoa berriz, Zaldibin saltzen zuten. Seirehunen bat gazta egiten zituzten.

Unerik gogorrenak udazkeneko eta udaberriko elurteak izaten ziren. Urtaro gozoena, berriz, udakoa izaten zen. Artzainak beti oso lotuak izan dira bere artaldera, eta ardi bakoitzak bere izena ere bazuen. Hala ikusten da, esate batera, artzantzari buruzko inkesta batean, Martxel Aizpurua biologoaren Aridi-izenak izeneko liburuan (UEU, 1985). Informatzaile gertatu zen Bixente Nazabal Zaldibikoa eta berak ardi-izen hauek eman zizkion Aizpuruari: Pintto, Ttiki, Txato, Paxtor, Lista, Potxol.

 

ITURRALDE : NAZABAL ETXEBERRIA FAMILIA

 

ITURRALDE,airetik ikusi

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Laguntzaileak:

orkli