Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Izarra gaitutaIzarra gaitutaIzarra gaitutaIzarra gaitutaIzarra gaituta
 

MENDIZABAL GARMENDIA familia

Baserriaren arrastoa idatzietan

Mugarza baserria agertzen da 1783-12- 17an, Francisco Antonio de Echaveren aurrean, Enerio eta Aralarko sailen erabileraz bitartekari bati emandako botere emaileen artean. Bilera hartan baserri horretako hiru ordezkari agertu zirenez, izan daiteke, ordurako, hiru bizitza izatea bertan.

Informazio emaileak: Elena Mendizabal eta Inazio Mendizabal

Liburuko fitxa jaitsi

pdf
 

MUERTZA Elbarrena auzoko baserria da. Herritik gertu samar dago. Baserri inguruko sailen izenak dira Martin soroa, Goiko zelaia, Ibargun basoa.

Baserria berrituta dago. Gaur egun bertan hiru familia bizitzeko jarrita dago.

Oraingo jabeen aurreko batek, Inaziok, Joan zenaren aitak, erosi omen zion baserria bere anaia Joxe Mariri, baina aldez aurretik, Ibarguren baserrian bizi ziren eta Muertzara, baserria erosi ondoren etorri ziren.


Mamunetik ezkondu zen Inazio Mendizabal Ibarguren baserrira, Manuela Jauregi Oiarbiderekin. Aurretik Muertzan bizi zen Joxe Mari ere Mamunetik ezkondu zen Bergarako Maria Luisa Alberdirekin, eta, Muertza anaiari salduta, Donostiara joan ziren bizi izatera.

Joan Mendizabal, Muertzako semea, Joxepa Garmendia Mujika (1903), Zaldibiko Bianda baserriko alabarekin ezkondu zen, 1928ko azaroaren 17an, goizean goiz. Ezkondu zirenean, etxean zituzten aita-amak (Inazio Mendizabal Mendiguren eta Manuela Jauregi Oiarbide), amona (Manuelaren ama, Ataungo Frantziska Oiarbide Barandiaran, Joan Antonio Jauregi Aldasororekin Ataunen 1872- 04-23an ezkondu eta bizitzen aurrena Ibargurenen jarri zirenak) eta sei anaia-arreba (Joan Inazio zaharrena (1898), Joxe Leon Zubiaurre baserrira ezkondua, Rafael Beasainera, Felipe Ordiziara, Joxe Mielmañeko Joxepa Arreserekin ezkondua, Iñaxi Ordiziara eta 27 urte zituela hil zen Prantxika). Horiez gain, Manuelak semetzat hartuta zeukan etxean Damian, militar baten txofer gisa lan egiten zuena eta istripuz gazterik hil zena.

Joanek eta Joxepak zortzi seme-alaba izan zituzten: Elena, Miren, Manoli, Pakita eta Iñaxio eta Itziar, Iñaki eta Garbiñe, azken hiruok umetan hilak. Joan Mendizabal Zaldibiko alkate izan zen II. Errepublika garaian, Francoren altxamenduak kargutik kendu zuen arte.

Baserritik ateratzen zuten bizimodua. Hamar-hamabiren bat buru ba omen zituzten, txekor, behi eta idi, eta txerriak ere bai. Etxerako baratza egin, eta inguruko herrietan ere saltzen omen zuten. Etxean jan beharreko indoaba (babarruna) gordea izaten omen zuten.Bilore Fabrikan Pakitak egin zuen lan, 1956tik aurrera.

Pasadizoak

Eskola, euskaraz

Bertako alaba Elenak dioenez, Zubiaurren omen zen gerraurreko eskola, euskaraz. Eta gero, gerra garaian, nazionaletara joan behar izan omen zuten, erdara jakin gabe.

Gerra dantzan

Dantzari ere ba omen ziren Muertzakoak. Hilandera jantzita zeudela gaurko Arrese tabernaren aurrean (Mielmañe, orduan) Ordiziara dantzara joateko, abisua iritsi omen zitzaien ez abiatzeko, gerra hasi zela eta. 1936ko uztaila zen (festak Ordizian Santiotan izaten dira). Osaba Joxe Mendizabal ere izan zen II. Errepublika garaiko aurreneko dantza taldeko kidea.

Lehendakaria Mielmañen

Elenak gogoratzen du, esaten zutela, Jose Antonio Agirre lehendakaria etortzen zela Mielmañera (Batzokia baitzegoen bertan) bileretara-eta.

Izen euskaldunak

Eskolak eman ez ezik, izenak ere euskaraz jarri ahal izan ziren Errepublika garaian. MENDIZABAL GARMENDIA senitartean ere haur zirela jaio eta gero hildako hiru senideen izenak euskaldunak izan ziren. Itziar, Iñaki eta Garbiñe. Beste etxe eta baserri batzuetan ere ikusten da hori. Aldiz gerra ondoren jaiotako Inaziori Iñaki izena jarri nahi izan bazioten ere, galarazi egin zioten. Gai honetan kontuan hartu beharrekoa da Gabriel Amundarain Odriozola (Orendain, 1876-Zaldibia) apaiza ere. Apaiz abertzalea zen eta gerra garaian preso eduki zuten bost hilabetez Gasteizko Seminarioan.

 

MUGERTZA: MENDIZABAL GARMENDIA FAMILIA

 

MUGERTZA, airetik ikusia

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Laguntzaileak:

orkli