Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
Iztuetaenea.Beheko argazkietan, "Goizaldi" dantza-taldeak 1967 eta Eusko Ikaskuntzak1929,urtean jarritako oroitarriak./ EGIN  
 
 
IZTUETA. INKISIZIOAK KARTZELATUTAKO DANTZARIA 

Egin 1995-5-14

M. Urkia

AURTEN, ABUZTUAREN 18AN, JUAN INAZIO IZTUETA HIL ZENEKO 150. URTEMUGA IZANGO DA. HORI DELA ETA, ZALDIBIAK, BERE SEME IDAZLE ETA -BATEZ ERE- DANTZARI ZENAREN OROIMENEZ, EKITALDI UGARI BURUTZEKO ASMOA DU URTEAN ZEHAR. EKITALDIRIK IKUSGARRIENA, DENA DEN, DATORREN IGANDEAN, HILAK 21, OSPATUKO DA. RIKARDO UGARTEK EGINIKO ESKULTURA PLAZAN JARTZE. AREKIN BATERA, IZTUETAK HAIN MAITE ZITUEN KULTUR

ADIERAZPIDE HERRIKOIAK -DANTZA, MUSIKA, BERTSO'AK...- NAGUSITUKO DIRA ZALDIBIAN. IZTUETA IDAZLE ETA DANTZARIA, BAENA BAITA USTEZKO LAPUR, SASI-HEREXE, PRESO, MAITALE SUTSU, FRANTSESZALE EDOTA EUSKALTZALEA ERE EZAGUTZEKO AUKERA EDERRA, ZEREN ZALDIBIAR HAU, GIPUZKOATIK KANPO EZAGUNEGIA EZ BADA ERE, EUSKAL HERRIAK EMAN DUEN EREDU ERROMANTIKORIK BOROBILENETAKOA BAITA

1845ean, 77 urte zituenean, hil zen Juan Inazio Iztueta Zaldibiako bere jaiotetxean bertan, Iztuetaenean alegia. 1824. urtean «Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira» -bere lan nagusia- argitaratua zuen Donostiako Barojarenean. Orduz geroztik den-denen onespena zuen, baita goi mailako kultur gizonena ere. Diputazioak berak ordaintzen zion soldatari esker, azken urteak arazo ekonomiko larririk gabe pasa ahal izan zituen bere hirugarren emaztea zen Aszension Urruzolaren ondoan, bera baino berrogei urte gazteagoa. Azken momentura arte ez zion idazteari utzi -beste izkribu askoren artean, «Guipuzcoaco provinciaren condaira», Iztueta hil ondoren argitaratua-, ezta dantzak irakasteari ere, hauxe baitzen zaldibiarraren bene-benetako pasioa.

Baina Iztuetak –folklorista aitzindaria, folklore hitza bera oraindik asmatu gabe zegoenean, eta XIX. mendean gai profanoez euskaraz landu zituen lehen idazle laikoa- gorriak eta beltzak ikusiak zituen status eroso hura lortu aurretik.

Jose Garmendiak –dantzari zaldibiarraren erkide, miresle eta biograforik garrantzitsuenetakoa- dioskunez, Joseph Iztueta eta  Maria Inazia Etxeberria senar-emazteak izandako hamabi seme-alabetako bat zen Juan Inazio, 1767. urtean jaioa. Kapare bazen ere, aitak ez omen zuen dirutza handirik eta, ondorioz, Juan Inaziok eskola gutxi ezagutu zuen haurtzaroan (autodidakta hutsa zen). 1790. urtean Maria Joakina Linzuainekin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituzten. XVIII. mendeko azken hamarkada honetan Iztuetak lanbide ugari ezagutu zuen, hala nola, janari-saltzaile, errotari, artzain nahiz umeen maisu Zaldibiako eskolan.

Jesus Elosegi Irazustak eginiko ikerketa-lanari esker dakigunez, XVIII. mende hondarrean, Joseph Inazio Etxabe Zaldibiako apaizak Inkisizioaren aurrean salatu zuen Iztueta, elizaren aurka sarri hitz egiteaz gain, emakume askorekin sexu-harremanak zituelakoan. Lekukoen adierazpenen arabera, Iztuetak «sexu-iharduera libre zela», «mezatara jendearen ahotan ez ibiltzeagatik joaten zela» eta antzekoak esan ohi zituen.

1801. urteko abenduaren 6an, Inkisizioaren txostena oraindik mamitzen ari zenean, Juan Inazio atxilotu egin zuten Ordizian. Ez, ordea, elizaz gaizki esaka-eta aritzeagatik, Martin Antonio Aldasoro Gaintzako eskribauaren etxean lapurreta egiteagatik baizik. Hilabete pare bat beranduago, oraindik Tolosako espetxean, Azpeitikora noiz bidaliko zuten zain zegoela, emaztearen heriotzaren berri izan zuen. Ondorengoak urte latzak izan ziren, Iztuetaren amak, alarguna eta ondasun handirik gabea, egin behar izan baitzuen biloben kargu.
Goizaldik Iztuetari egindako omenaldi, Zaldibia, 1967: Oroitarria

1805. urtean, Juan Inazio Iztueta gaizo zebilela eta, bere koinatuak, Pedro Joxe Armendarizek , medikuaren agiria lortu eta fidantza ordaindu ondoren bere etxera eraman zuen zaldibiarra, bertan edukitzeko baldintzapean. Hilabete bat beranduago, ordea, lapurreta egiteagatik emandako kondenari Inkisizioarena gaineratu zitzaion. Beraz, Iztueta Logroñora eraman eta Ofizio Santuaren presondegi sekretuetan sartu zuten. 1806. urtea arte ez zuten askatu, orotara sei urteko kartzela-zigorra bete ondoren.

Handik urtebetera-edo, 1808. urteko otsailaren 9an, aparteko aipamena merezi duen Kontxesi Bengoetxea donostiarrarekin ezkondu zen Azpeitiko elizan. Urte hartan bertan Napoleonen Armada Penintsulan sartu eta, gertaera honekin batera, Juan  Inazio Iztuetaren bizitzan beste garai iluna hasi zen. Frantsesak nagusi izan ziren bost urte horietan, Azpeitian ez ezik, Donostian eta Donibane-Lohizunen ere bizi izan zen. Napoleonen Armadaren hornitzaile izan zen, baita -antza denez- laguntzaile ere. Horregatik, gerra bukatu eta berehala, Tolosako kartzelan berriz ere sartu -oraingoan zortzi hilabetez- eta epaitu zuten. Kondena, honako hau: bi urtebeteko desterrua ala ehun dukateko isuna. Ez dakigu nola ordaindu zuen Iztuetak, zentimorik gabe baitzegoen -teorian behintzat, zeren Donostian bi etxe zituela adierazten duen paperik ere bada eta-. Kontuan izan behar da zeukan apurra angloportugesek 1813. urtean Donostian sortutako sutean galdu zuela, alde batetik, eta, bestetik, frantsesek hornidurak ordaindu gabe alde  egin zutela.

Edonola ere, hor dugu dantzari zaldibiarra berriro libre... libre eta ezkongai, Kontxesi 1815. urteko martxoan hil zen eta. Iztuetarekin hiru seme-alaba izanak zituen.
 
  Valverde pintoreak honela ikusi zuen Juan Inazio Iztueta orain dela hogeita bost bat urte


  • FOLKLORISTA IZAN ZEN, FOLKLORE HITZA BERA ORAINDIK ASMATU GABE ZEGOENEAN
  • XIX.MENDEAN GAI PROFANOAK EUSKARAZ LANDU ZITUEN LEHENENGO IDAZLE LAIKOA DA
  • JOSEPH INAZIO ETXABE ZALDIBIAKO APAIZAK INKISIZIOAREN AURREAN SALATU ZUEN JUAN INAZIO IZTUETA, ELIZAREN AURKA SARRI HITZ EGITEAZ GAIN, EMAKUME ASKOREKIN SEXU-HARREMANAK ZITUELAKOAN
  • LOGROÑOKO ESPETXEAN ZEGOENEAN JARRI ZIZKON  BERTSOAK IZTUETAK “CONTCECI”RI
  • JUAN INAZIO DONOSTIA ALDEAN ARTZAIN ZEBILENETIK ELKAR EZAGUTZEN ZUTEN SUSMOA DAGO

 
Iztueta zahartzaroan, Oñativiaren arabera. Irudi hau Zaldibiako Udaletxean gordetzen da  

1924. urtean, «Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira» argitaratu zuen. Honi esker bizirik diraute egun euskal dantzarik klasikoenek, Iztuetak juxtu galzorian zirenean bildu baitzituen. Eta, liburuan aipatu ez ezik, herriz-herri irakatsi ere egin zituen, zaldibiarra, gauza guztien gainetik, dantzari, dantza-maisu, dantza-taldeen sortzaile eta defendatzaile izan baitzen.

Urte hartan bertan Lehorreko Atearen zaindari izendatu zuten Donostian.

1926an, 20 urteko Aszension Urruzolarekin ezkondu zen. Beste bi seme-alaba izan zituen gazte zizurkildar honekin.

Bere ospea gero eta handiagoa zen. Madrildik deitu zioten hitzaldiren bat egin zezan, Paristik ere aholkuak-eta eskatzen zizkioten bitartean.

1834. urtean, Korregimenduko alkaide izendatu zuten, beti ere Donostiako Udaltzaingoaren barruan.

1837. urtean, Zaldibiara itzuli zen. Lehenengo karlistadaren sua piztuta egon arren, ez dirudi Iztuetak arazorik izan zuenik, berez liberala bazen ere.

Bere azken urteak, arestian aipatu bezala, jaioterrian bertan egin zituen, idazteari eta dantzak irakasteari emana.

Biografia labur honen arabera ikusi ahal izan dugunez, «Iztueta asko» dago. Egungo ikuspuntutik, ordea, «Iztueta euskaltzalea» da interesgarrienetakoa. Hona hemen, beste gauza askoren artean, zer zioen: «¿Ez da lotsagarri ez ecic, mingarri ere, Guipuzcoaco erri leialetan gazteria escolatceco, itzcho bat bacarra ere euscaraz ez daquiten maisu erdaldunac ifintea? Eta oraindic are illgarriagoa baicic ez da, escolako aur gaishoari itz bat euscaraz erorten zaiotelako, beraren etsai ezagutuac dauden guizon erbesteco oek ematen diezaten azote gogorrac ontzat erametea. ¡Cer bada!  ¿Aiñ becatu andia da euscaldunai euscarazko itza jalquitzea? ¡Ha euscara maitagarri bicicor guishaishoa! Ez dira, ez, campotarrac bacarric zu icusi nai etzaituztenac; badituzu urrean ere, beren izate guztia zuri zor dizutenac, zu irozotceco buru autsitce andiric eguingo ez luquetequeanac».
 
  Hogeita hamasei dantza biltzen ditu Juan Inazio Iztuetaren lan nagusia den liburu honek


Iztuetaren berri gehiago izan nahi duenari aukera ederra eskaintzen zaio igandean  Zaldibian ospatuko den omenaldiaren haritik. Lana erraztearren, azkenaldion dantzari ospetsu honi buruz argitaratu den libururik konpleto eta eskuragarrienaren berri emango dugu (gu geu ere liburu honetaz baliatu izan gara eta); «Juan Inazio Iztueta Etxeberria (1767-1845)» du titulua, Goierriko Euskal Eskola eta Maizpide Euskaltegiko irakasle talde batek idatzia da eta 1992. urteko III. Gerriko Ikerlan-Saria merezi izan zuen.

KONTXESI GOGOAN

«Maitebat maitatzen det maitagarria / begui ederra du ta guztiz arguia; / daukat urruti,
/ baina ezin quendu det buruti / aren ichura; / saldu al baliteque pisura / urrearen truque /
norc erosi faltaco ez luque».

Honela hasten da Iztuetak Logroñoko espetxean Kontxesiri jarri zion bertso-sorta, euskaraz inoiz jarri izan den maitasun eta kartzelako bertsosortarik ederrenetakoa.

Maria Concepcion Bengoetxea eta Luis S. Juan apaiza, infantizidioz akusatuta, Azpeitiko kartzelan sartu zituzten. Biktima Kontxesiren beraren umea omen zen (abortoa?). Iztueta eta Kontxesiren arteko harremana Azpeitian bertan «ofizializatu» bazen ere, zaldibiarra Donostia aldean artzain zebilenetik elkar ezagutzen ote zuten susmoa dago. Hau dela eta, zenbait autorek hildako umea Iztuetarena berarena ere izan zitekeela aipatu du (dirudienez, zaldibiarrak abandonatua zuen dagoeneko beste emakume batekin izandako ume bat).

Kontua da Azpeitian –preso edo baldintzapeko askatasunean zeudela- Iztuetak eta Kontxesik sexu-harremanak izan zituztela. Horren fruitua alabatxo bat izan zen, 1806. urtean bataiatua.

1808. urtean, bai Iztueta eta bai Kontxesi libre zirela, ezkondu egin ziren Azpeitiko elizan.

Kontxesi gazterik hil zen, 1815. urtean, 39 urte zituenean.

Iztuetak ez omen zuen inoiz ahaztu.

Laguntzaileak:

orkli