Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

Juan San Martin

   
IZTUETA, LEHEN FOLKLORELARIA (1767-1845) 
 
Zeruko Argia. Prentsa artikulua

Bere aurretik Garibay, Oihenart, Larramendi eta Mogel'ek zerbait landu zuten errefrau, kanta zahar eta herri oituren aldetik, baiña segurantzi osoarekin esan genezake Iztueta zela lehen folklorista. Bera zela lehenbizikoz lan hoiek folklore asmuz eta jakitez egin dituena. Ta, gure literatura txiroaren horerako, euskeraz egin ere gaiñera. Ta bere sortzearen berreungarren urte honetan bere lanen balioa aintzat haritu ta berriztu beharra dugu.

Emezortzigarren mendearen azkenaldera sortu zen Inglaterran herri jakintza zaharretikako gaiak biltzea: kanta zahar, esaera, ipui, dantza, doiñu, oitura, siniskera, ta abar. Mendearen bukaerarako Europako erresuma guzietan zabaldu zen ekintza hori. Iztuetari, dantzaria zenez, laket zitzaion zaletasun hori, ta emeretzigarren mende asieran ekin zion folklore biltzeari. Duda gabe Europako moda berriak mugitu zuen horretara, bestela ulerkaitza da kondairako une berean gertakizun hori.

Meritu handia zuen Iztuetak famili umil batetik sorturik, iñundikako ikastaro nagusi gabe, bere barnetikako jakintza egarriak eraginda bakarrik bete zuan lana aurrera eramateko. Egia esan, aski zitzaion bera bizi zen herri-girotik jasotzea. Ta hori zan bere egitea, R. Serra katalana eta J. T. Fernandes portugesak mende erdi geroago Iberiako Penintsula honetan asiko ziran lan bera, egin zuen. Beraz, euskal literatura beti ez da atzetik ibili.

Iztuetaren lehen lana Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira izan zen, 1824'an Donostian argitaratu zuen liburua. Bigarren argitalpen bat izan zuen Tolosan, 1895-ean. Eta handik lasterrera, 1926-an Gipuzkoako soiñu zar eta itz neurtu argitara eman zuen. Aurrera-zale guzieri gertatzen zaien bezala, Iztuetak ere izan zituen bere etsaiak, eta bere lan ausart hoiegatik asto-beltzarenak entzun behar izan zituen, batez ere zenbait euskal idazlegandik (hauen arteko Juan Jose Mogel eta Fray Bartolome), baiña bere alde mintzatu ziren adiskideak ere izan zituen, batez ere Pascual Iturriaga, alegi bikaiñen egillea. Urteak igaro ta ura bere bidetik; zeren orain ere, euskeltzaleon munduan, toki berean ,daude aurrera -zaleen aurkako aburuak.

Iztuetaren ekintzak bera ondorengo frutuak ekarri zituen, batez ere herri-literatura biltzailleetan. Chaho ziberutarra eta Borrow eta Fr. Michel atzerritarrak, Mauleko Sallaberryk eta Donostiako Manterolak, erpiñeratu zuten lana.

Gure herri -literatura naikoa arrazoi da euskeraren bizitza nahi izateko. Gure herri-literatura, behar bada musikarekin batean, gure jatorrizko kulturaren egiririk hoberenetakoa dugu. Geroztik ere izan da eta lantzaillerik aski A. Goyenetxe, Barbier, Azkue, Barandiaran, Dufau, P. Donostia, Lafitte, M. Lekuona, J. de Riezu, A. Zabala atabar. Mitxelenak esan zuen bezala, bertan dugu Europako edozein herrik bezin literatura aberatsa. Herri literatura ez baita kultoa bezala, persona batzuen emaitza, baizik herri literatura, izenak berak dion bezela, herri oso baten emaitza da, bere frutua, bere arima, jatorrixko iturburuetatikakoa.

Gaiñera, Iztueta herri-poeta zen eta bere buruz asmatutako kantak ere baditu. Beren artetik, Kontxisiri izenekoa izango da noski zabalduena eta ezagunena, herriak agozago gure menderarte ekarri duena.

Ez zan konformatu foklorearekin bakarrik, eta Gipuzkoako istorizko liburu bat ere idatzi zuen, Gipuzkoako probintziaren kondaira, egillearen heriotza geroztik argitaratua, Donostian 1847-an. Iztueta, 1845-ean hil zen Zaldibin bertan.

Baiña, liburu honek, kondairaren aldetik baiño askozaz geiago balio du etnografia aldetik. Bigarren partea eta hirugarrenaren zati bat, esate baterako, 25-garren horri aldetik 255-era arte, artzaintza, laborantza, olak, kofradi, estadistika, abere ta botanika hitz-lerroak, lanak, jokuak, ipuiak eta zenbait oitura jator adierazien ditu, euskera samur batean.

Iztuetak ematen ditu bertsolaritzaren lehen berri zeatzak ere: Pernando Amezketarrak 1800-ean Azpeitin izan zuen desapioa eta Amezketako Zabalak eta Ernaniko Txabalategik Billabonan 1801-ean izan zuten saioa, zenbait bertso jasotzen dituelarik. Gogoan izan behar dugu adin berekoa zela Bañat Mardo ziberotarra (Barkozekoa). Erdi-Aroko Milia Lasturko'ri egindako bertsoak eta era berean Martin Bañez Artazubiagako'ri, izan daitekez bat-batean egindako bertsoak. Baiña, egia esan, zeaztasunez lehen berriak eman zituena, bat-batean bertsoak egiteko oitura hoiena, Iztueta izan zan.

Esan digutenez, Iztuetaren lanak berriz argitaratzekotan omen dira. Poztuko giñeke, Berreungarren urte betetze honetan, berari egin dezaioken omenik onena izango litzake noski. Ta, iñork merezitzekoan, merezi du euskal literaturari horren beste ongarri eman zion honek.

J. SAN MARTIN

Laguntzaileak:

orkli