Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia
Bibliografia

Erabiltzailearen balorazioa: 0 / 5

Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

   
pdf    
JUAN INAZIO IZTUETA ETXEBERRIA, TXURI 

0. SARRERA

1. IZTUETAREN BIZITZA

2. IZTUETAREN LANA: HURBILKETA OROKORRA

3. IZTUETAREN LANA: EZAUGARRI NAGUSIAK

4. FOLKLOREAREN ALORREAN AITZINDARI

5. DANTZARIA GAUZA GUZTIEN GAINETIK

6. ONDORIOAK

Josi Erauskin

0. SARRERA

Juan Inazio Iztueta gure herriko semea hil zeneko 165. urteurrena iristear dagoenez, urtean zehar jardunaldiak izango dira gure herrian, Zaldibian. Hori dela eta, orain aurkezten dizuedan liburuxka honek gure herriko seme kuttunaren berri ematea du helburu.

Orain arte, gehienbat dantza munduari loturik agertu izan bada ere haren irudia, esan beharra dago dantzaria baino zerbait gehiago ere izan zela Iztueta: pertsonai “polifazetikoa” da beharbada hitzik egokiena haren nortasuna zehazteko, idazten nahiz bertso jartzen ere goi mailakotzat hartzeko modukoa baita.

Iztueta, zalantzarik gabe, pertsonai guztiz garrantzitsua izan zen euskal kulturan. Alderdi askotatik azter daiteke Iztuetaren lana: dantzari eta dantza-hedatzaile, idazle, bertso-jartzaile, historiagile... Hala ere, haren lan gehienak sakabanaturik daude, leku askotan barreiaturik; beraz, altxorra miatzen dugun aldiro aurki dezakegu bitxi berriren bat.

Orain arte Iztuetaz asko idatzi den arren, ia dena gazteleraz idatzi izan ohi da, haren lanaren alderditxoren bat edo beste soilik aztertu delarik: olerkigintza, harremanak, folklore-aitzindari izatea, liburu hau edo bestea…, edota Mitxelenaren zein Villasanteren literaturaren historian agertzen den moduan, aipamen laburrak baino ez dira egin hari buruz.

Hori horrela izanik, Iztuetari buruzkoak lantxo honetan laburbilduta euskaraz azaltzea izan da nire asmoa, goierritar gizaseme eztabaidatu bezain ezezagun ospetsuaren bizitzako zenbait ibilera nahiz haren obraren berri ematea; bereziki arlo ezberdinetan egin zuen lan oparoa aldarrikatuz.

Horregatik, Euskal Herrian dagoen kulturarekiko atxikimendua ikusirik, ekarpen txiki bat baizik ez du izan nahi lan honek. Folklorearekiko zaletasuna sumatzen bada ere -bereziki euskal dantzak ikastekoa-, inor gutxik daki, nire ustez, euskal kulturaren barnean Iztuetak burutu zuen ahalegina. Eta tamalgarria bada ere esatea, gaur egungo folklorezale nahiz dantzari askok ez daki, Iztuetari esker galtzeko zorian zeuden dantzak berreskuratu egin zirela, edota gaur egun ezagutzen ditugun euskal dantzak iraun badute, hari esker izan zela.

Honaino iritsita, garbi ikus daiteke pertsonai guztiz interesgarri bezain garrantzitsu baten aurrean gaudela. Arrazoi horregatik, iruditzen zait garaia badela Iztuetaren nortasuna herritarrengana hurbiltzeko, nolabaiteko justizia egiteko..., denbora gehiegi ahaztuta eduki baitugu, nahiz eta hark utzitako ondarea begien aurrean izan.

Beraz, aurrean duzuen lan hau Juan Inazio Iztueta hurbilagotik ezagutzeko ahalegin bat da; ez da lan erabatekoa. Izan ere, haren bizitza eta lanak osotasunean azaltzea ez da erraza, han-hemenka sakabanaturik daudelako.

   

1. IZTUETAREN BIZITZA

Juan Inazio Iztueta Zaldibian jaio zen 1767ko azaroaren 29an, eta Zaldibian bertan hil zen 1845eko abuztuaren 18an, 78 urterekin. Bizitza luzea eta betea izan zuen Europa, Espainia eta Euskal Herrian gorabehera, borroka eta guda ugari izan ziren urteetan. Iztueta bera ere, harathonat ondo astinduta ibili zen garai haietan.

Juan Inazioren gurasoak Jose Iztueta lazkaotarra eta Maria Inazia Etxeberria Zaldibiakoa ziren. 1755eko otsailaren 24an ezkondu ziren Zaldibian, lehenak 23 urte zituela eta bigarrenak 18. Hamabi seme-alaba izan zituzten, Juan Inazio bosgarrena izan zelarik. Harreman handienak bere anaia zaharrenarekin, Diego Inaziorekin, izan zituen.

1783an jaso zuten Juan Inazioren gurasoek Iztueta-enea etxea, haurra jaio baino urtebete lehenago; honenbestez, ez ziren txiroak izan, askok pobrezian bizi zirela nabarmendu nahi izan duten arren. Adibide gisa, 1773an Juan Inazioren aita hasita zegoen handizki agiria ateratzen. Hor ikusten da bere arbasoen langintzak ospetsuak zirela; izan ere, hala zegokien Lazkaoko dorretxetik zetozen ondorengoei. Gaur egun ere, hantxe ikus daiteke etxearen aurrean harrizko armarri handi bat, aurrekoen handitasunaren ezaugarri moduan.

Juan Inazioren bizitza ez da zehatz-mehatz ezagutzen, orduko zenbait agiri ez baita agertu oraindik. Dakiguna da, 1790eko urtarrilaren 11an, 22 urterekin ezkondu zela Maria Joakina Linzuainekin. Joakina Urnietakoa zen eta 19 urte zituen.

Garai hartan Zaldibian 18 etxe zeuden, eta 96 sendi bizi ziren nekazaritzatik edo artzaintzatik, Aralar mendian artzain asko baitzegoen. Zenbait daturen arabera, Juan Inazio mutiko argia zen, txikia, kolore onekoa, begirada bizikoa eta aldarte onekoa. Txuri deitzen omen zioten, eta berehala hasi omen zen nabarmentzen bere lagunen artean. Non ikasi zuen ziur ez dakigu, baina litekeena da Lazkaoko karmeldarren lekaidetxean ikasi izana, zeren eta Juan Inazioren amak hiru meza agindu omen zituen komentu hartan azken borondate gisa. Horretaz gain, 1827an, Juan Inaziok eta hango karmeldar batek elkarri idazten omen zioten.

Juan Inaziok lehen emaztearekin bost seme-alaba izan zituen, haietako bat Jose Inazio, dantzaria hura ere. Garai hartako zenbait gauza ezagutzen ditugu; esaterako, 1791an herriko azokan elikagaiez hornitu eta saldu egiten zituela, hala nola olio gozoa, balea, bakailaoa eta sardinak. Handik urtebetera, Amundarain ibaiaren ondoan zeuden bi errota hartu zituen alokairuan. Aldi hartan Zaldibian bizi izan zen, noizean behin Donostia eta Irunera irteten zelarik.

XVIII. mendearen hasierako urteak ezagunagoak dira haren bizitzan. Aldi gogorra izan zen hura Juan Inaziorentzat; izan ere, salaketak bitarteko, auzi ugari izan zituen erlijio gaietan: axolagabekeria eta emakumeekin ibilera txarrak leporatu zizkioten. 1801eko abenduan Ordizian atxiloturik egon zen; itxura guztien arabera, Gaintzako Martin Antonio Aldasoro eskribauaren etxean lapurreta egin zuelako. Urte hartan 18 egunez Tolosako espetxean sartu zuten. Han zegoela hil zitzaion Zaldibian aurreneko emaztea, Joakina Linzuain, 32 urterekin.

1802ko maiatzaren 11an Tolosako espetxetik Azpeitikora aldatu zuten. Gerora, 1805eko otsailaren 24an zigorra arindu ziotenean, Enparan errotan zeukan bere ezkonanaiaren etxera eraman zuten. Hantxe ezagutu zuen Maria Concepcion Bengoetxea, Kontxesi; antza denez, espetxean zen hura ere, haur bat hil zuelako. Aldakaitz baserriko labean neskatila bat azaldu zen, eta 1803ko uztailaren 13an Juan Inazio Nikolas Odriozolak bataiatu zuen, Maria Inazia izena jarri ziotelarik. Juan Inaziok eta Kontxesik beren alabatzat hartu zuten, legez beraiekin gelditu zedin.

Baina handik gutxira, 1806ko apirilean, Logroñoko espetxera eraman zuten, eliza nahiz apaizen aurka etengabe jarduten zuelako. Inkisizioaren presondegi hartan agertu zuen Juan Inaziok nagusiki Kontxesirenganako zuen maitasuna; kartzela hartatik hari idatzitako olerkia ospetsua egin zen. Han zazpi hilabetez egon ondoren, 1806ko abenduan Azpeitian azaldu zen. Gero, espetxetik askatu zituztenean, Azpeitiko elizan ezkondu ziren biak, 1808ko otsailaren 9an.

1808. urtearen bukaeratik aurrera Azpeitian bizi zen arren, 1813ko abuztura arte ez daukagu Juan Inazioren berririk; haren bizitzako tarte ilun bat da garai hura, ez baitakigu ia ezertxo ere aldi hartaz. Donostia soldaduz inguratua egon zen hilabeteetan, Bidasoako mugatik harantz ere ibili zen, Donibanen. Ondoren, 1814ko ekainean, Donostian denda baten jabe egin zen; baina handik hilabete gutxira, 1815eko martxoan, Kontxesi hil egin zen, 39 urte zituela.

1824an, jaurgo eta legezaleek galdu eta “absolutistek” irabazi zutenean, Iztuetak bere alabari dantza dotore bat egiteko baimena eman zion, euskal dantzak berpizteko asmo bakarrarekin; izan ere, horretarako hezi zuen alaba, ardura bereziarekin dantza desberdinak irakatsiz. Urte hartan bertan argitaratu zuen Dantza-liburua, hain zuzen ere, urtebete baino gehiagoko ahaleginaren ondoren idatzitako liburua.

Londresen erbesteratuta zegoen Pablo Mendibilen bidez, aipaturiko liburuaren doinu eta bertso laburpena argitaratu zuen hurrengo urtean. Urtebete geroago, beste argitalpen bat egin zuen: Dantza-soinuen liburua.

1828an, seme-alabarik gabe bakarrik aurkitu zenean Juan Inazio, hirugarren aldiz ezkontzeko erabakia hartu zuen, Zizurkilgo Maria Ascension Urruzolarekin. Iztuetak 60 urte zituen orduan eta emazteak 20.

Handik urtebetera, 43 orriko eskutitz bat idatzi zion J.J. Mogeli. Idatzi hartan Bartolome de Santa Teresa erasotzen zuen, dantza-liburuaren aurka azaldu zelako. Esan beharra dago, lehen liburua argitaratu zuenetik, Iztuetak egundoko goraipamenak jaso zituela eta harreman sakonak bezain iraunkorrak egin zituela garaiko pertsonaia ospetsuenekin: politikari, kultur eragile, euskaltzale askorekin.... Urte haietan asko idatzi zuen Iztuetak, eta horren adierazgarri dira hainbat pertsonaiei idatzitako eskutitzak. Juan Inaziok ospe handia hartu zuen, Paristik ere idazten zioten folklorearekin zerikusia zuten gaiei buruz.

Gauza bitxien artean esan dezakegu, Donostian bizi izan zen garaian poliziasailean 10 urte egin ondoren, 1834. urtean "espetxeko zaindari" egin zutela.

Bestalde, Txuri izengoitia aproposa baino aproposagoa zen Iztuetarentzat. Denok dakigu “txuri” hitza gehienetan “faltsu” adierazteko erabiltzen dugula, edota hizkera losintxagilea dela. Esku artean daukagun kasu honetan, bigarren arrazoiagatik dela esan genezake. Bestela nola ulertu, esaterako, karlistekin nahiz liberalekin izan zituen harremanak.

Iztuetaren bizitza mugitua bezain gorabehera askokoa izan zen. Baserri mundukoa izan arren, esan beharrean gaude bere garairako asko mugitu zela. Horregatik, noizbait ikasi zuen, kultura orokor baten jabe egin baitzen. Alegia, munduaren ezagutza bazuela nabarmen ikus daiteke; jakina, hori guztia ez du lortzen kultur maila urriko pertsona batek. Berak aurretik ikusi zituen herri honek egun oraindik ere jasaten dituen arazo asko, eta horren alde etengabeko lana egin zuen bere bizitzan zehar, hala nola eskoletako arazo, hizkuntza nahiz ohituren alde.

Gainera, herri-kulturaren jabe zen, bai baitzekien zer eta nola pentsatzen zuen herriak. Gizon apala bezain ospetsua zen, bertsolari trebea, ohiturak gordetzen zekiena..., eta biak ondo uztartzen jakin zuen. Bera izan zen Larramendiren belaunaldian apaiz izan ez zen bakarra.

Juan Inazio Iztuetak izan zituen gorabehera guztiak izanda, ez zen batere erraza izango hark lortu zituen itzal nahiz goraipamen bikainak lortzea. Beraz, ez liguke kalterik egingo horrelako gizon gehiago gure artean izateak.

Goian aipatu dudanez, oraindik orain ez dira haren bizitzako zenbait gertaera, ekintza eta une ezagutzen. Hori horrela izanik, gaur egun badira erantzunik gabeko hainbat galdera; puntu asko dago argitzeke oraindik.

 

   

2.IZTUETAREN LANA: HURBILKETA OROKORRA

Iztuetaren bizitza, nahasia bezain bitxia, luzea bezain harreman handikoa izan zela ikusi ondoren, komeniko litzateke aztertzea haren obrek zer-nolako eragina izan zuten, Gipuzkoan garai hartan bizi ziren -Iztuetak berak emandako datuen arabera- 120.000 arimengan.

Juan Inaziok utzi zizkigun obrak hauek dira: Guipuzcoaco Dantza Gogaingarrien Condaira edo historia eta Guipuzcoaco Provinciaren Condaira edo historia. Baina bi liburu nagusi hauetaz gain, bazituen olerkiak, Mogeli zuzendutako gutun garrantzitsu bat, erdarazko lantxo pare bat eta abar.

Bere izatea oso aberatsa izan zenez, ikuspuntu askotatik hel diezaiokegu: bertsolari, olerkari, historiagile, antropologo, euskaltzale... Hala ere, zalantzarik gabe dantza arloak izan zuen lehentasuna Iztuetarengan; gai horretan bakarra izan zela esan genezake.

Haren idazlanak hiru sailetan bana daitezke: folklore lanak, historiari buruzko liburua eta olerkiak. Folkloreari buruzko bi liburu hauek argitaratu zituen: lehena 1824an, literaturarekin lotura zuena eta gorago aipatu dudana, Guipuzcoaco dantza gogaingarrien condaira edo historia, zeinetan euskal musika bilduma ekartzeaz gain, pilota jokoaz, hainbat herri kirolez nahiz bertsolarien arteko txapelketaz ziharduen; bigarrena, berriz, 1826an musikaren ildotik idatzi zuena: Euscaldun anciña anciñaco ta are lendabicico etorquien dantza on iritci pozcarri gaitzic gabecoen soiñu gogoangarriac beren itz neurtu edo versoaquin.

Bestalde, Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia-n, euskara eta foruak gauza bera zirela zioen, bata bestearekin bizi beharraren premia azpimarratuz. Horretaz gain, bertso paperek, bertsolariek idatzitako orrialde inprimatuek, zein bultzada garrantzitsua izan zuten garai hartan gogorarazten zigun. Herriari interesgarriak zitzaizkion gaiak (Gabon-kantak, santuen bizitzak, apustuak, maitasun istorioak, hilketak, lapurretak...) landu nahian, azoketan zein jaietan banatzen ziren bertso paperek arreta ezin hobea zeukaten tradiziozko giro hartan. Gainera, zeraman kutsu mitikoagatik, gorespen edo apologia tonuagatik, Aita Larramendiren Coreografía de Guipúzcoa gogorarazten zuela zioen Yon Etxaidek, Hamasei seme Euskalerriko-n (1990).

Iztuetaren olerkiez hitz egin aurretik, XIX. mendean izan zen olerkibertsogintzaren gertakariaz ere zerbait esan beharra dago. Izan ere, Jon Kortazarrek Euskal literaturen historia txikia-n azaltzen duenez, XIX. mendean erromantizismoak olerki landua eta herrikoia hurbildu zituen arrazoiongatik: lehena, Euskal Herrian inspirazioa bertsolaritzaren bat-batekotasunarekin nahastu zelako; bigarrena, erromantizismoak narrazio-olerkia gogoko zuelako, alor hori ere bertsolaritzari zegokiolarik; eta hirugarrena, herrikoitasunerako joerak euskal literaturan, bereziki hegoaldean, bertsolaritzan garatu ziren erromantzearen ereduarekin bat egin zuelako.

Gauzak horrela, Juan Inazio Iztueta olerkari-bertsolari horietako bat izan zen. Bestalde, gai horren harira gogoratu behar dugu, garai hartako olerkariak nahiko zailak zirela zehazteko orduan. Horren lekuko, Koldo Mitxelenak Joxe Mari Iparragirre urretxuar koblariaz esandakoa: “Nahasketa bat da, ez herri kantari, ez olerkari modu erabatekoan”.

Iztuetaren olerkien artean maitasunezkoak entzutetsuenak baziren ere, bazuen bestelakorik: erlijiozkoak, ohiturazkoak, artzain olerkiak, Gabon-kantak, lagunartekoak, dantza eresiei buruzkoak eta Gipuzkoako herri, foru nahiz kondairako bertsoak.

Olerkietan berrikuntzarik ez zitzaion nabaritzen, beti irudi bertsuak erabiltzen baitzituen. Errima jokoetan, ostera, bazuen bereizgarririk; izan ere, Iztueta dantzari eta dantza irakasle ere izan baitzen. 1978. urtean argitaratutako Iztuetaren olerkiak liburuaren hitzaurrean, Manuel Lekuona ahozko literaturan adituak zioenez, errima jokoaren bat-batekotasun azkarrean bezain iaioa zen jarraipenekoan Iztueta. Erritmoari zegokionean bi ezaugarri azpimarratzen zizkigun Lekuonak: lehenik, bere bertsoak abesteko Iztuetak, Bilintxen antzera, doinu zaharrez gain, doinu berriak aukeratzen zituela; bigarrenik, "oin herrena" deritzon erritmo jokoa erabiltzen zuela, eten nahiz errima berriak sartzeko.

Eskutitz bitxi baten berri ere badugu: Iztuetak Mogeli igorri zion gutuna; Aita Bartolome Madariagak Paenulo komediaren bosgarren agerraldiaz egindako antzezpenaz -fenizieraren eta euskararen arteko kidetasunaz- ziharduena. Horrezaz gain, Iztuetak Ulibarri olerkari euskaltzaleari ere gutunak idatzi zizkion.

Aipamena merezi du ere, 1996. urtean Iztueta Fundazioak argitaratu zuen Vocabulario del Vascuence obrak. Bertan 8000 hitz bildu zituen Iztuetak, eta guztiak arreta nahiz pazientzia handiz bildutako altxorrak dira. Mitxelenak honela zioen aipaturiko Iztuetaren lanari buruz: "Gipuzkoar zalea izan arren, Bizkaiko ahots nahiz esaldien biltzaile ere izan zen. Hori garbi ikusten da oraindik argitaratu gabeko hiztegian”. Lapurtera ere ez zitzaion ezezaguna, Lapurdin erbesteratua egon baitzen Iztueta.

   

3. IZTUETAREN LANA: EZAUGARRI NAGUSIAK

Iztueta idazle laikoa izan zen, gai profanoez idatzi zuen lehenengoetarikoa. Haren literaturako lan guztiek erlijiozko gaiekin zerikusirik ez zuten; izan ere, orduko joera nagusia literatur ekoizpenean elizgizonena zen, eta erlijio, moral eta kristaujakinbidearen ingurukoak ziren nagusiki lantzen ziren gaiak .

Iztueta ordura arte ukitu gabeko gaiez idazten hasi zen: bere herriko dantzak, ohiturak, biziera... defendatzen eta jasotzen. Hori guztiz goresgarria zen garai hartan, Euskal Herrian halako lan bat sistematikoki burutu zuen lehena Iztueta izan zelarik. Historiaz edo geografiaz zegoen apurra erdaraz zegoen; euskaraz ezertxo ere ez. Alor horretan ere, bere akatsak gorabehera, Iztueta aitzindari izan zen Gipuzkoaren geografia eta historia euskaraz jaso eta aztertzerakoan, gure herrialdeko euskaldunon erroldaren mesederako. Haren garaikideak -erakunde publikoak barne- horretaz ondo ohartu ziren, sekulako goratzarreak jaso baitzituen haiengandik.

Bestalde, Iztueta "erromantizismoa" deituriko Europako mugimendu zabaleko atarian kokatu behar da. Aipaturiko mugimendu horren aroa geroago loratuko zen Euskal Herrian: Iparragirre, Etxahun, Bilintx, Elizanburu, Arrese-Beitia...

Dena den, Iztuetaren lanetan ere sumatzen dira erromantikoen kezken lehen zantzuak. Horiek batez ere haren bi obra nagusien barnean nabari dira: norberaren herriarekiko nahiz kultura tradizionalarekiko maitasun itzelean. Izan ere, herri xehearen ohiturak, jokoak, dantzak, musika edota olerkiak bildu zituen; sutsuki defendatu, arerioak gogor kritikatuz. Herri honen bi ezaugarri nagusiak ziren euskara eta foruen alde biziki agertu zen, eta galzorian ikusteaz erabat mindurik azaldu zen, errua kanpotarrei zein bertako euskaldun "txarrei" egotziz.

Bertsoen aldetik, Iztuetak herriko sen jatorra agertu zuen bere obra osoan zehar, konta ezin ahala bertso irakur ditzakegularik. Bertsozale izateaz gain, ziur aski bat-bateko bertsolari ere izan zen Iztueta. Zenbaiten ustez herrietako jaietan, ezteietan edota antzeko ospakizunetan bertsotarako deitzen zioten.

Bestaldetik, nola dantza, euskal ohitura edota joko zaharren, hala bertsolaritzaren defendatzaile sutsu agertu zen, bertso-jolasaren aipamenak nahiz goraipamenak eginez; eta nola ez, haien arerioak ziren zenbait alkate nahiz agintariren jokabide itsusia salatu zuen. Alor horretan ere aitzindari izan zen Iztueta: berak egin zituen Euskal Herriko bertsolarien lehen aipamenak; Pernando Amezketarra, esaterako.

Iztuetak ez zik, Gorosabelek ere geroago idatzitakoaren arabera, XIX. mende hasieran Billabonan jokatu zen bertso-lehiaketa sonaturako epaile ere hautatu zuten, nahiz eta gero parte hartzerik ez zuen izan, Tolosako espetxean zegoelako. Hautaketa horrek adierazten digu ordurako ezaguna zela Zaldibiakoa bertsoen munduan, bertsotan aditua eta bertsolari, ziur aski.

Iztuetaren aberria Gipuzkoa zenez, herri honen dantzak, ohiturak, hizkuntza, foruak, geografia, historia eta pertsonaia handien egite bikainak jaso zituen. Garai hartan, aberriaren ideia ernetzen hasteko zegoen; herrialde bakoitzak bere nortasuna zuen, alboko anaiengandik bereizia. Euskal Herriari nolabaiteko batasuna ematen zion ezaugarri nagusia euskara zen. Beraz, probintziaren marko naturala gainditu ez zuen baserri mundukoa genuen Iztueta. Baina benetan aipatzekoa da, euskalkiak gaindituz hizkuntza bateratu baten alde egin zuen ahalegina; ordura arte inork egin gabeko saioa.

Iztueta benetako euskaltzale izan zen. Bere obra euskaraz egiteaz gain -gogoan izanik gaiok ordura arte inork ez zituela euskaraz landu- euskararen aldeko defentsa nahiz hizkuntzarenganako arerio amorratuen kritikak etengabeak ziren Iztuetaren bi liburu nagusietan.

Eskoletan euskal umeekin erdara erabiltzeaz ere erabat kezkaturik agertu zen. Euskal Herritik kanpora gurasoek bidalita, ikasketak egitera irteten ziren gazte harroputz txori-buruek beren jaioterrira itzultzean, euskararen eta euskal ohituren aurka agertu ohi zuten jokabide itsusia erarik gogorrenean salatu zuen. Harentzat hain maitagarria zen euskara horrela baztertua, zokoratua eta arbuiatua ikusteaz, sufritu egiten zuen. Horregatik, hala gerta ez zedin ahalegin osoz borrokatu zen euskal kulturaren alde.

Ondorioz, Iztuetaren lanaren inguruan honakoa esan dezakegu: lehenik, Iztuetaren garaikide gehienak elizgizonak izan zirela; bigarren, haiek erabilitako gaiek ere erlijioa zutela ardatz nagusia; eta hirugarren, euskarazko lanen gaiak hedatzen hasiak ziren garai hartan, Juan Inazio bultzatzaileetako bat izan zela.

   

4. EUROPAKO LEHEN FOLKLORISTA

Euskal folklorea aipatzen denean, ondorengo esaera hau egokia baino egokiagoa izan liteke hori definitzeko: “Folklore hitza aipatu Iztueta agertu”. Bada, Iztuetaren nortasuna Euskal Herrian ez ezik, Europan ere handia izan zen. Beraz, orain arte Iztueta folklore alorrean nor izan zen argi geratu bada ere, badira oraindik zenbait gauza esan beharrekoak.

Euskal folklorearen bidez aitzindari izan zen Iztueta mundu osoan, beste inork baino lehenago, ekintza nabarmenez, folklorezale guztiei aurre hartu zielako. Willyan Thoms arkeologo britainiarrak “folklore" hitza asmatzerako, Iztuetak folkloreari buruzko liburua idatzia zuen. Horren harira badago bitxikeria bat: suediarrak harro ziren dantzak gordetzeko ahaleginetan lehenengoak izan zirelakoan. Uste hori ez zuen inork zalantzan jartzen, harik eta 1963an "Folklore eta Jantzi Berezien IV. Herriarteko Astea" ospatu zen arte, Alemanian. Bertan, "Goizaldi" euskal dantza-taldeak Iztueta maisuaren 1824ko obra, Gipuzkoako dantzak jasotzen zituen liburua, erakutsi zuen. Ordutik, beraz, gipuzkoarrok gara Iztuetak egindako lanagatik, Europako beste edozein herrik baino lehenago gure dantzak jaso eta hobeki gorde ditugunak; suediarrek baino 56 urte lehenago, hain zuzen ere.

Aipaturiko liburuan Gipuzkoako 36 dantza bildu zituen beren musika, zortzikoak, soinu zaharrak nahiz 16 aldaera beren puntuekin deskribatuz. Gainera, hemengo dantza tradizionalak hasieran ziren erara dantzatzeko aholkuak eta arauak eman zituen. Ez da erraza dantzak modu hobeagoan azaltzea, estetika hark bezain sakon inork ez baitzuen aztertu. Mendebaldar folkloristen artean distira egiten zuen unibertsitateko irakasle ospetsu bat izatetik urrun, folklorea sakontasunez aztertu zuen gizon apala izan zen, benetako herri-estetika ikertu zuelarik. Ez zen izan zientzia bat sortu nahi zuen folklorista, haren idatziak ez baitzeuden zientziako ekarpenetan oinarrituak, herriko jakindurian baizik.

Haren ardura izan zen euskal dantzak suspertzea, herri musika hitzekin batera osatzea; hots, hark jasotako tradizioa hurrengo belaunaldien esku uztea. Kezkati jardun zuen lan horretan, etengabeko eginbeharrean. Euskal dantzak inoiz gal ez zitezen idatzi zuen liburua, jakitera eman, jendearengan jakingura piztu eta Gipuzkoako udaletxe guztietara hedatu.

Doinuen liburuarekin ere Espainiako musika kantutegiari urte asko aurre hartu zion, mundu osoko folklorezaleen aitzindari bilakatu zelarik. Eta ez hori bakarrik, folklorea sistematikoki biltzen ere lehena izan baitzen penintsulan, Katalunia eta Gaztelaren aurretik. Herri kulturaren bilketa lanetan geroxeago ekingo zioten Borrow eta Fr. Michel gisako beste hainbat folklorista ospetsuk. Euskal Herrian bertan, XIX. mendearen bigarren zatian berrekin zitzaion Iztuetak hasitako lanari: Xaho, Santesteban, Salaberry eta abar.

   

5. DANTZARIA GAUZA GUZTIEN GAINETIK

Orain arte azaldutakoa Iztuetaren alderdi bat baino ez da izan; hots, haren literatur lana eta izate folkloristaren berri eman dut bereziki atal honetaraino, dantzari izaerari buruz gehiegi sakondu gabe. Horregatik, esan beharra dago gehienbat dantzari moduan ezagutu izan dela beti Iztueta. Hori horrela izanik, folklorearen alorrean batez ere Gipuzkoako dantza zaharrak landu zituen, zeren eta gauza guztien gainetik dantzari, dantzairakasle, dantza-taldeen sortzaile, dantzen ezagutarazle, defendatzaile nahiz hauen etsaien kritikatzaile gogor izan baitzen.

Gazte denboran herrian dantzari eta dantza-irakasle izan zen, Donostian lan horri jarraipena eman ziolarik; hain zuzen ere, bizitza osoan etengabe burututako lana horixe izan zuen, bere azken urteetan ere Zaldibian berriro irakasten aritu baitzen. Beraz, ez dago zalantzarik Zaldibiako folklorista Gipuzkoako dantza klasikoekin maitemindurik zegoela.

Esan bezala, Iztueta txiki-txikitatik egon zen dantza-munduari atxikia. Dantza ondorengo hitzokin definitu zuen: “Dantzatzea oinen bitartez abestea da”. Haren Guipuzcoaco dantza gogaingarrien condaira edo historia liburuan, 36 dantza xehetasun osoz deskribatu zituen, alor horretan zuen eskarmentuaz baliatuz.

Musika-tresnak ez ezik (txistua, danbolina, dultzaina), dantzak egiteko erak ere deskribatu zituen, erabili beharreko jantziei aipamen berezia eskainiz.

Liburuan jasotako dantzak hauek dira: Gizon dantza, Gazte dantza, Etxe andre dantza, Galaien esku-dantza, Neskatxen esku-dantza, Edate dantza, Ezpata dantza, Brokel dantza, Pordon dantza, Jorrai dantza, Azeri dantza, Bizkai dantza, Kuarentako erregela, San Sebastian, Galantak, Txatxaka, Eun Dabikoa, Betronio txikia, Betronio aundia, Azaladere, Erregela zarra, Eundabikoa, Amorea Margaritatxo, Erribera, Puntamotz, Ondarribia aundia, Ondarribia txikia, Napartxo, Ormatxulo, Txipiritona, Erreberentzia, Txakolin, Mizpirotz, Graziana eta Billanzikoa.

Bestalde, dantzen inguruan izan zuen zaletasuna nahiz egin zituen ahaleginak aztertzerakoan, bada kontuan hartu beharreko gauza bat: garai hartako eliza oso tradizionala zen. Hori horrela izanik, dantzatzeari zein jolasteari oztopoak jartzen hasi ziren, gizonezko nahiz emakumezkoak elkarrekin dantza egitea ez baitzuten ondo ikusten.

Horregatik, ediktu bat atera zuten dantzak debekatuz. Legezko abisuak zioenez: "Gehiegikeria eta nahasmenak gizon nahiz emakumeak elkarrekin ibiltzearen ondorioz datoz". Dantzen txarkeriak toki guztiak bere indarpean hartzen zituela adierazi nahi zuen abisuak: kanpoak, aterpeak, atariak, pasabideak, enparantzak, elizpeak eta inguruak, tenplu sakratuak, basilikak eta baselizak; azkenean, kanposantuen txanda ere etorri zen. Debekua dantza-irakasleei ere ezarri zitzaien, bereziki bi sexuetako pertsonei irakasten zietenei. Horretaz gain, ediktuak zentsura ezarri eta zigorra astintzeko mehatxu egiten zuen.

Zenbait jai erlijiosotan baizik ez zen ametituko dantza egitea, eta gainera gizonezkoei besterik ez. Corpus Christi eta Jaungoikoaren jaiotza egunean baino ez zuten baimena izango gizonezkoek eliz barruan ezpata dantza egin eta musika-tresna profanoak sartzeko. Gipuzkoako Aldundi Nagusiak baimena beste santuen jaietara ere zabal zedila eskatu zuen; eta halaxe gertatu zen. Eskaera alde batetik, apezpikuaren amore ematea bestetik, gogoz kontrako egoera bat sortu zen, herriko zaindari edo santuen jaietan ezpata dantzaren ikustaldia kendu zutelako.

Giroa nahasia zenez, ondorioz, dantzen nahiz dantzaldien zilegitasun moralaren inguruko eztabaidak, XVIII. mendearen bukaera arte iraun zuen. Dantzen defendatzaile amorratuenetako bat Aita Larramendi izan zen, osasunarentzat zein herriarentzat onak zirela aldarrikatuz. Aurkarien artean, aldiz, Oiartzungo Aita Mendiburu zegoen, euskal gidaria deitzen ziotena. Hura Gipuzkoako herri askotatik igaro zen dantzen aurka bere joera gogorra erakutsiz. Dantzen zein jostaketen aurkari amorratua ez ezik, musika nahiz bola-jokoa kentzearen aldekoa ere bazen.

Aurkako eta aldeko jarrerak tartekatzen ziren bitartean, Iztuetaren dantza liburuari egindako hitzaurrean, 1824. urtean, zer-nolako giroa zegoen erraz antzeman daiteke. Giro hartatik abiatuta ulertu behar da Zaldibiakoak dantzen alde agertu zuen oldarra, sugarra edota miresmena. Ikusirik dantzekiko eta orobat euskal kulturarekiko zenbait agintarik nahiz gaztek zuten joera arbuiagarria, gogor saiatu zen, benetako beharra ikusi baitzuen gure kulturaren alde borrokatzeko. Haren obra bertako jendea herri-kultura gutxiesten hasi zen garaian kokatu behar da, ahalegin berezia egin zuelako hari eusteko. Horregatik, beste ezergatik ez bada ere, Gipuzkoak nahiz Euskal Herriak egundoko zorra du Iztuetarekiko, betiko galtzeko arrisku bizian zeuden gure dantza zaharrak jaso, berpiztu eta indartzen egin zuen ahaleginagatik

   

6. ONDORIOAK

Juan Inazio Iztuetaren lana zein bizitza ikuspuntu askotatik azter daiteke. Begiratzen diozun lekutik begiratzen diozula ere, ez da lan erraza Iztuetaren nondik norakoei egoki heltzea. Baina zalantzarik gabe, haren izate folkloristak nahiz dantzen hedatzaile izateak eman zion ospea. Liburuari esker orduko garaikideei aurre hartu zien Iztuetak. Hala ere, txikitatik hasi eta heriotzarainoko bidean euskal dantzak izan zituen lagun.

Iztueta ezagutzea, Euskal Herriko une historikorik ederrenetarikoa ezagutzea da, hilzorian zeuden ohiturak nahiz usadioak bizitza modernoaren atarian jarri baitzituen.

Zaldibian jaio eta bertan hil zen 78 urterekin. Pertsonai guztiz polifazetikoa: folklorista, musikologoa, historialaria..., baina lan handiena euskal dantzen inguruan egin zuen, haien defendatzaile sutsuena izan zelarik. Kontuan harturik garai hartan euskal dantzak desagertzear zeudela, Iztueta folklorista aitzindaria izan zen, folklore hitza artean asmatu gabe zegoenean. 1824. urtean Gipuzcoaco dantza gogaingarrien condaira idatzi zuen, Europan dantzei buruz inoiz idatzitako libururik zaharrena. Gerora, liburua Gipuzkoako dantzen ezinbesteko erreferentzia bilakatu zen dantzari guztientzat.

Gaztetatik dantzen munduan murgilduta, denborarekin Goierriko dantzak hedatzeari ekin zion. Dantza-talde ugari sortu zituen, herriz herri dantzak irakasten ibiltzen baitzen, 26 dantza-eskola ere sortu zituelarik Gipuzkoan. Dantzaria izateaz gain, idazlea ere izan zen; XIX. mendean gai profanoak euskaraz landu zituen lehen idazle laikotzat hartu izan ohi da.

Bizitza mugitua izan zuen Iztuetak: hiru aldiz ezkondua, 11 seme-alaben aita.... Bere ideiengatik eta lapurreta bat tarteko, espetxeratu egin zuten Logroñoko kartzelan. Hain justu, han zegoela, bigarren emaztea izan zuen Kontxesiri idatzitako olerkia entzutetsua egin zen.

Garai hartan, Zaldibia dantzen habia izan zen, berauen gune hedatzaile bihurtu zelarik urte askotan. Iztueta hil ondoren, haren lekukoa Iztuetaren ikasle izandako beste zaldibiar batek hartu zuen, hain zuzen, Jose Antonio Olanok. Haren taldea oso ezaguna egin zen Euskal Herri osoan; izan ere, historiak dioenez, 1856. urteko San Fermin jaietan dantzatzeko asmoz, Olanok bere dantzari taldearekin Aralar osoa oinez zeharkatu zuen. Egunbetez Iruñera iritsi bezain laster, ezer gertatu ez balitz bezala eman zuten emanaldia. Oraindik ere Aralarko mapetan Dantzarien Bidea izenarekin agertzen da haiek egin zuten ibilbidea.

Geroago, Olano Ordiziara joan zenean bizitzera, dantzari asko loratu ziren bertan. Esaterako, han sortu ziren txistuaren akademia eta Gipuzkoako dantza herrikoiak sortzeko ekimena. Olanoren heriotzaren ondoren, Jose Lorenzo Pujanak eman zion jarraipena haren lanari. Iztuetak bere garaian egin zuen modura, hainbat dantza-talde sortu zituen, 70 urte eman zituelarik Olanorengandik ikasitako dantzak irakasten.

Pujana Donostiara bizitzera joan zenean, Candido Pujana semeak jarraitu zuen haren bidea. Gerora, Donostiako Udaleko dantza-eskolaren arduradun ere bihurtu zen. Han ez zen bukatu haren jarduera, handik urtebetera Goizaldi taldea sortu baitzuen; Gipuzkoak izan duen dantza-talde ospetsuenetarikoa. Berak ereindako haziak tinko dirau talde horretan.

Herri guztiek izaten dituzte beren pertsonaia ospetsuak, eta haiek ere beren arloan nolabait maisuak izan ziren. Horregatik, noizean behin haietaz gogoratzea ona izaten da. Zaldibiako enparantzan Iztuetak badu eskultura bat bere oroimenez, eta Donostiak ere eskaini zion Groseko Iztueta enparantza.

BIBLIOGRAFIA

ARANBURU, XABIER (1972), “Juan Ignacio de Iztueta”. CAP, Donostia, Gráficas Izarra.

AZURMENDI, JOSE (1980), “Bertsolaritza”. Jakin 14/15, (139-164 or.).

BARANDIARAN, GAIZKA S.J. (1959), “Estética de Juan Ignacio de Iztueta”. BAP XV, Donostia, (417-428 or.).

DONOSTIA, JOSE ANTONIO (1952), “Historias de las danzas de Guipúzcoa, de sus melodías antiguas y sus versos...”. Itxaropena, Zarautz.

DONOSTY, JOSÉ MARÍA (1967), “A propósito de Iztueta”. La Voz de España 1967-XI-28 eta Hoja de Lunes 1967-XII.11.

ECHEGARAY, CARMELO (1905), “Iztueta. Folklore Vascongado”. Imprenta de lo Provincia.

ELÓSEGUI, JESÚS (1969), “Juan Ignacio de Iztueta Echeverria…”. Auñamendi 65 eta 66 or.

GARMENDIA, JOSÉ (1967), “Zaldivia: En el II centenario del nacimiento de Iztueta…”. DV 1967-IX-27.

-(1967), “Acontecimientos en Zaldivia en vida de Iztueta…”. DV 1967-X-4. -(1967), “Iztueta bertsolari”. La voz de España 1967-X-20.

-(1967),”Iztueta, el gran dantzari…”. DV 1967-XII-3. -(1967), “Los continuadores de Iztueta en la danza”. DV 1967-XI-1.

-(1968), “Más sobre Iztueta”. DV 1968-VI-4.

-(1978), “Iztuetaren olerkiak”. Kardaberaz bilduma 33, Gasteiz.

-(1981), “Iztueta, credibilidad de su Gipuzkoako Dantzak, su influencia en el folklore de su tiempo”. Eusko Ikaskuntza, 25-43 or.

-(1995), “Juan Ignacio Iztueta, dantzarien maisu”. Iztueta Fundazioa.

LINAZASORO, IÑAKI (1967), “El pueblo de Zaldivia, por su hijo ilustre, Iztueta”. La Voz de España 1967-XII-3.

MICHELENA, LUIS (1978), “Iztueta, testigo político de su época”. Baiona.

ONAINDIA, SANTIAGO ((1968). Ikus, Iztueta, J.I. (1968), “Viejas Danzas de Guipúzcoa…”.

PEÑA SANTIAGO, LUIS PEDRO (1967), “Zaldivia, doscientos años después de Iztueta”. DV 1967-XI-25.

SAN MARTIN, JUAN (1967), “Iztueta, el precursor del folklore vasco”. La Gran Enciclopedia Vasca II, Retana, Bilbao, (427-428 or.).

VILLASANTE, LUIS (1967), “Vida y obra de Juan Ignacio de Iztueta”. La Gran Enciclopedia Vasca II, 1 eta 2, Retana, Bilbao, (15-18 or.).

Laguntzaileak:

orkli