Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

GARMENDIA IRASTORTZA  familia

Baserriaren arrastoa

idatzietan

BITOTXE agertzen da, BITORIAECHEA izenez, 1783-12-17an, Francisco Antonio de Echaveren, aurrean Enirio eta Aralarko sailen erabileraz bitartekari bati emandako botere- emaileen artean. Bi ordezkariren izenak agertzen dira dokumentu hartan, eta beraz, gerta daiteke garai hartan bi familia bizi izatea etxe hartan.

Informazio emailea: Jose Larrarte

Liburuko fitxa jaitsi

pdf

 

BITOTXE baserria Olaeta auzoko baserria da. Bere inguruko baso eta zelaien izenen artean dauzkagu Harandi, Otarte, Iturriane. Agortaz,Txara, Keizeta, Arrualde, Muñoa.

Etxejabe dira Bitotxe baserrikoak 1936az geroztik. 16.000 pezetan erosi zuten baserria. 1988an egin zituzten azken obrak, sukaldea, gelak eta bainua berrituz.

Baserrirainoko errepidea 1970ekoa da, ”todouno”- z egina. 1980an, berriz, porlanez egin zen. Horretarako hamaika amorrazio eta alferlan egin ondoren, oraindik, udaletik 100.000 pezeta jasotzeko daude. Oinez herriko plazatik hiru ordu laurdenera dago eta herrira eta eskolara joateko Bentaberritik jaisten ziren. Bide horretan baziren –badira- eskailera- mailak eta oso irristakor izaten zirenez, makina bat aldiz eroria da eskaileratan, eta oraindik orduko urratuen seinaleak baditu Joxe Larrartek.

Joxe Larrarte 7 urterekin etorri zen Zaldibira, osaba- izebekin bizitzera. 1939a zen eta bertan bizi ziren Martin Iñasio Garmendia (aitona) eta Ramona Irastortza (amona). Prantxika, Jose Inazio eta Jose Antonio seme-alabak, Joxe Larrarteren osaba-izebak.

1990ean ezkondu ziren Joxe Larrarte eta Rosario Telleria, Zegamako Sagasti baserrikoa. Olaberrin ezkondu eta Argentinara egin zuten ezkontza-bidaia, hango familiarengana joz. Argentinan familiakoekin jardinean zebiltzala lehengusuarekin golpean erori zerraldo eta hura bere gainera. Zer gertako eta alanbre-sarea zeukaten jarria umeak ez ateratzeko eta haren gainera erori ziren.

Baserriko bizimoduari eutsi diote bertan lepo lan eginez. Baserrian behiak eta ardiak izan dituzte. Behiak 20 buru eta 90 buruko artaldea ere bai. Txekorrak, arkumeak eta gazta saldu izan dute kanpoan eta baratza etxerako egin izan dute. Joxe Larrartek 1972az geroztik Biloren lan egin izan du eta bertara autoz joaten zen. Urte askotan lan biak batera eramatea zaila izan arren, ondo hartutako erabakia delakoan dago, horri esker lortu baitu jubilazio- saria.

ZALDIBIREN HISTORIAKO PRINTZA BAT

Baserri honen izenaren nondik norakoak garrantzi handia izan dezake Zaldibiko historia argitzeko. Bertakoek diotenez, Zaldibiko hirugarren etxeetako bat omen da. Garai batean hortik omen zen pasoa Ataun-Lazkaotik (Amundaraindik) Txindoki barrenetik Nafarroara. Eta Bitotxeren gain aldean ba omen zen ermita bat. Aitona Martin Iñasiok esaten omen zuen Victoria izena aspaldian irabazitako borroka batetik datorrela, eta gainera emakumeek irabazi omen zuten burruntziekin eta horrela geratu omen zitzaion izena. Emakumeen borrokaren gaia ere nahiko esanguratsua da, kontuan hartuta, badela Bitotxetik Bentaberrira bidean Emakuma baserria ere. Gai hau azterkizun dago.

Kontuan hartu behar da Zaldibi Nafar erresumako parte zela, Gipuzkoa Gaztelako erresumak hartu aurretik, eta Auza-Gaztelu zela nafar erresumaren gotorlekuetako bat.

 

BITORI-ETXE: GARMENDIA IRASTORTZA FAMILIA

 

BITORI-ETXE, airetik ikusia

Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Laguntzaileak:

orkli