AIERBE ERAUSKIN familia |
Liburuko fitxa jaitsi |
AIZPORRA Urreta auzoko baserria da. 1915ean erosi zuten.
Larraitzerako bidea gerra ondorenean bukatu zuten, lauzpabost urtez geldi egonda, baina etxerainokoa 1985ean egin zuten. Baserri inguruko baso, zelai eta soroen izenen artean dauzkagu Kapilloi, Gugañe eta Barruti txiki.
Joan Bautista Aierbe Aizporrara ezkondu zen Josefa Antonia Erauskin, bertako alabarekin. Joan Bautista Mamune ondoko Etxeberri baserrikoa zen, gaur egun borda bezala erabiltzen denekoa. Zazpi seme-alaba izan zituzten: Anttoni, Joana Frantziska, Prontxio, Euxebi, Salustiano, Maria eta Fermin.
Herrira edo eskolara ordubeteko bidea zuten oinez. Zubiarren ibili zen eskolan Fermin, maisu bizardunarekin. Euskaraz ez zekiena eta aparato gaiztoa zela dio Ferminek, egurra ematen zuela. Zazpi urterekin hasi eta bederatzi urterekin gelditu zen. Goizeko bederatzietatik arratsaldeko lauak arte egoten ziren eskolan. Bidea zatak jantzita egiten zuten eta neguan elurretan eta izotzetan jaisten zirenez, egun osoa galtzerdi bustiekin pasatzen zuten. Bazkaltzeko, ontza bat txokolate eta ogia erosteko hamar xentimo izaten omen zituen. Hala ere, Zubiarren ibiliari esker ikasi omen zuen Ferminek ikasi zuena.
Baserritik ateratzen zuten bizimodua. Behiak eta txekorrak zituzten, zortzi-bederatzi buru eta txerriak. Etxerako egiten zituzten garia, artoa, babarruna eta patata. Inork ez zuen fabrikan lanik egin baina senideak oso gazterik atera ziren etxetik morroi eta neskame. Batzuk Abaltzisketara artzaintzara; beste bat Donostiako San Inazio klinikara… Fermin igeltseritzan aritu zen eta Salustianok, etxean gelditu zenak, hamar urte egin zituen baserrian eta beste sei urte soldaduskan, gerra garaian.
Esne partitzen ere ibili zen Fermin. Bizikletan erremolkea jarri eta 30na litroko bi marmita eramaten omen zituen Donostiako San Inazio klinikara. Trenez Ategorrietaraino joan, han jaitsi eta handik oinez klinikara, esku banatan marmita hartuta. Beste sei urtez ere ibili zen esnezale kamioiarekin. Lan asko eginda gero, beste lagun batekin etxe bat eraiki zuen Ordizian.
Informazio emailea: Fermin Aierbe
AIZPORRAGA: AIERBE ERAUSKIN FAMILIA
AIZPORRAGA, airetik ikusia
|
Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.