IRUIN TOLOSA familia |
Liburuko fitxa jaitsi |
SATURDI auzoari izena ematen dion baserria dugu. Saturdi auzoak badu, halere, beste izen bat ere: Urreta. Inguruko paraje eta soro izenen artean daude Etxau, Goikosoro, Sanmartxo, Saletxe, Eustura eta Mitxela.
Etxejabe dira. Konponketa handiak egin zituzten 1998an, eta dena berritu zuten.
Jexux Iruin, bertako semea, eta Elizegi baserriko Juli Tolosa Saturdin ezkondu ziren, eta baserriko ganbaran egin zuten merienda. Artean baserrian bizi ziren aita-amak, eta osaba bat.
Ama, Juli, baserrian aritzen zen. Bazituzten behi eta txerriak. Sei behi eta bi txerri, eta etxetik saltzen zioten Ordiziako harakinari, oinez joanda. Etxerako laborea ere egiten zuten.
Egunean hiruzpalau gazta egiten zituzten eta Ordiziako ferian saltzen zuten. Arkumeak ere Ordizian saltzen zituzten eta zaldiarekin jaisten zituzten. Artilea ez zuten erabiltzen.
Baratzerik ez zuten mendian eta udako egunak lasai joaten ziren, inguruko artzainekin kontu-kontari.
Auzorako bidea eta etxerainokoa 1950ekoa da, diotenez. Eskolarako hiru ordu laurdeneko bidea zuten oinez, eta eskolara joaten zirenean Mariaundiñen jaten zuten ogitartekoa.
Hiru seme-alaba izan zituzten: Joxepa, Ramon eta Arantxa.
Beraien seme Ramonek eraikuntzan egin zuen lana 1970az geroztik.
Ramon geratu zen etxerako eta Lurdes Urretabizkaiarekin ezkondu zen 1985ean. Lurdes Asteasuko Martxeta-Haundi baserrikoa da. Loiolan ezkondu eta Azpeitian egin zuten otordua, eta handik Italiara egin zuten ezkontza-bidaia.
Bi seme-alaba izan dituzte: Agurtzane eta Beñat.
Informazio emaileak: Arantxa, Ramon eta Lurdes.
SATURDI IRUIN TOLOSA FAMILIA
SATURDI, airetik ikusia
|
Informazio berria bidali nahi badiguzu, jar zaitez gurekin harremanetan Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.